Bizi naiz munduan

Bizi naiz munduan, aspaldi handian.

Beti trixtezian, penak bihotzian:

Amodiotan nintzan izar batekilan

Hura ezin ikus plazer dudanian,

Ez baitut etxian ez eta herrian.

 

Aira banindadi ainara bezala,

Ardura joan naite maitearen gana:

Nere pena-xangrinen hari erraitera

Bai eta doloren hari salatzera,

Haren ait’amekin solas egitera.

 

Izan niz Barkoxen kusiaren etxen,

Ahuñaki jaten segur ona baitzen:

Kostaletak errerik, biriak egosirik,

Ogia muflerik, arnoa gozorik;

Han etzen eskasik, maitea, zu baizik…!

 

Herrikoia

Bisita

Mikel Urdangarinen Bar Puerto diskoko poema bat, Kirmen Uriberen “Bisita”, entzuten duzun bitartean, aukeratu erantzun zuzena.

BISITA (Kirmen Uribe , 2001)

Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela

esaten zuen garai batean.

 

Medikuek esaten dute okerrera ez duela egin,

eguna joan eguna etorri, eta lasai hartzeko.

Hilabetea da berriro esnatu ez dela

azken ebakuntzaz geroztik.

 

Hala ere egunero egiten diogu bisita

Arreta Intentsiboko Unitateko seigarren kutxara.

Aurreko oheko gaixoa negar batean aurkitu dugu gaur,

inor ez zaiola bisitara agertu diotso erizainari.

 

Hilabetea arrebaren hitzik entzun ez dugula.

Ez dut lehen bezala bizitza osoa aurretik ikusten,

esaten zigun,

ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,

maitasun keinu bat besterik ez.

 

Amak eta biok soilik hitz egiten diogu.

Anaiak lehen ez zion gauza handirik esaten,

orain ez da agertu ere egiten.

Aita atean geratzen da, isilik.

 

Ez dut gauez lorik egiten, esaten zigun arrebak,

beldur diot loak hartzeari, beldur amesgaiztoei.

Orratzek min egiten didate eta hotz naiz,

hotza zabaltzen dit sueroak zainetan zehar.

 

Gorputz ustel honi ihes egingo banio.

Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,

ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,

maitasun keinu bat besterik ez.

Mundua zabala eta arrotza da

Irakurri edota entzun Joseba Sarrionandiaren poema eta gero ariketak egin. Amaitzeko baduzu bere bizitzari buruzko filmaren trailerra.

Maisuaren abotsa entzundakoan jakin-minez

gelditu nintzen:

«Mundua zabala eta arrotza da» zioen

 liburu bat eskuetan zabalik.

Ate erdi irekitik ikusi nuen, Maisua, umeen

artean zutik diktatzen:

«Mundua zabala eta arrotza da» errepikatu zuen

 eta umeak buruak makurtu eta

lapitzak paperaren kontra sakatuz hasi ziren

idazten: «M u n d u a…»

Maisuak silabak larriduraz iraun erazi zituen

gehitzeko «za-ba-la e-ta…»

gero abotsa ezpainetan zintzilik eutsi ondoren

bukatzeko «…arrotza da».

Libura berriz kontsultatu eta kaligrafiaren

garrantzia azpimarratuz bezala

errepikatu zuen «Mun-du-a za-ba-la…» eta

hizkiak luzeagotuz «e-ta a-rro-tza da».

Orduan pausa laburra egin zuen eta gero errime

berriro: «Mundua zabala eta…»

eta umeteriak, begiak paper lohietatik altzatuz,

oihuka esan zuen: «…arrotza da!».

Hitz jolasak

Erantzun galderak

Sinonimoak

Bilatu hitz bakoitzaren sinonimoa