Nekazaria eta idiak

Entzun edota irakurri Koldo Amestoyren ipuina eta gero egin proposaturiko ariketak.

Nekazari handi honek goiz batez bere behitegian ez zituen aurkitu bere etxeko idi ederrenak.

  • Non ziren ba?

Etxe inguruak dena ikertu, miatu, ikusi. Auzoko batek erran zion, ba, bezperan ikusi zituela bi gizon hortik ibiltzen. Lapurrak ote ziren hauek? Orduan gure laborariak igorri zuen bere mutila, morroia, ba, bi idiak hortxe nonbait harrapatzen ahal bazituen eta beharbada lapurrak ere bai.

Mutil hau ibili zen denetan, herrian, auzoetan, denetan eskatzen, ikusten, ikertzen. Inork ez zuen idirik ikusi, ez, eta lapurrik ere ez. Mutila etxerako bidean, hortxe, dudatan gelditu zen, baserrira itzuli ala ez, eta azkenean erabaki zuen bere sortetxera itzultzea, gaua han pasako zuela. Biharamunean gure laborariak ez zituen ikusi bere idiak etxean, ez, eta lapurrak ere ez, eta mutila ere ez, morroia ez baitzen etxera itzuli. Orduan etxeko neskatoa, neskamea igorri zuen.

  • Joan bila, bi idien bila”. Idiak eta lapurrak ahal bazuen eta mutila ere ekar zezala etxera.

Neskatoak baserri utzi orduko etxeko txakur txikiak segitu zuen, eta horrela biak ibili ziren eskuin eta ezker herrian eta inguruetan ikusten, ikertzen, eskertzen.

  • “Ez, ez, ez, lapurrik ez, eta idirik ez, eta morroirik ere ez”. Ez zutela inor, deus, ez zutela ikusi. Neska gaztea lotsatua ez zen itzuli hau ere ez baserritarraren etxera.

Biharamun goizean gure gizonak ez zuen aurkitu etxean ez idiak, ez lapurrak, ez morroia, ez neskatoa, ez eta bere etxeko txakur txiki ere ez. Orduan, bera abiatu zen. Eskuin eta ezker, herrian, inguruan, auzoetan, denetan, eskatzen, ikusten, eskatzerik, ez inor ez zuela ikusi ez idirik, ez lapurrik, ez mutil, ez neska, inor, deus, deus, ezer. Haserre itzultzen zen gure gizona bidez-bide, eta halako batean hantxe, bide erdian gelditu zen zeruari begira eta zeruari hasi zen oihuka:

– “Nik nire lana egin dut, ibili naiz ikertzen, ibili naiz denetan miatzen, eta betitik entzun dut esaten, ba goizak berea egiten badu, ba zeruak lagundu egiten duela. Nik egin dut egin behar nuena, eta zuk ez nauzu lagundu. Orduan zeruari hasi zaio oihuka, garrasika, birauka, sakreka, maldizioka. Eta zerua haserretu orduan eta kexu-kexuan zeruak hartu ditu zazpiak, zazpiak, zazpi izar bilakatu zituen. Zazpi izarrak begiratzen badituzu, hantxe ikusiko dituzu bi, bata bestearen ondoan, bi idiak, ondoan beste bi, bi lapurrak, bostgarren izar bat ere ikusiko duzu, hau da, mutila, morroia; seigarren izarra neskatoa, eta honen inguruan izar txikitxo bat bueltaka, biraka, hau, etxeko txakurra; eta zazpigarren izarra, jauna bera, nekazari handia. Hortxe daude geroztik kondenatuak elkarrekin bizitzera betirako, zeru zaharreko zazpi mila izar zur eta zintzoekin batera zazpi izarrak.

Hutsuneak bete

Hutsuneak betetzeko erabili dituzun hitzen sinonimoak bilatu

Gramatika

Leave a Comment