— Badute aspaldi erailketa horiek. Egilea urrun dakete engoiti. Ez naiz ez beldur.
— Ez dute hain aspaldi; azkena, gogoratzen zera neskatila gazte harena?… Joan den udaberrian izan zen eta.
Oroitzen zen, bai, anderea, baina ez zuen beldur izan beharrik, ez mutil horren, ez beste ihoren. Eta jakin-gose ergel batek bultzaturik galdegin zion:
— Zure ustez, nor zen egilea?
— Oh! Dudarik gabe sadiko bat —erantzun zuen ezaxol.
— Bai, arrazoin duzu, hiru emazte gazte itorik, dudarik gabe agure sadiko batek hilak.
— E! ez hain zaloin, hain laster ibil zure arrazoina mendutan… —egin zuen mutilak, irriz—. Nik dakidanez, erailea gazte izan zitekeen, ez bortxaz agure bat.
— Ez, ez —ihardetsi zion, emeki baina sarkorki, hartaz segurtatu nahi izan balu bezala, zeren gaua baitzen orai eta biok bakarrik zeuden parkean—, agure batek baizik ez zitzakeen hiru emazte gazte eta eder horiek hil!
— Bai eta gizon gazte batek ere. Gogoan atxik ezazu ez diola, idurien arabera, hilean adinari hainbat axolarik, emazteki diren ber; hirurotarik bat haur bat baizik ez zen; beste bat bi adinen arteko andre bat… uste izateko da emazte-kente guztia duela higuin… Zergatik? Haien amodioa ezin irabaz dezakelakotz ote? Beharbada eder ez delakotz, edo alde batetik beste gizonak ez bezalako delakotz, edo enbalditua. Gertatzen ohi dena, badakizu. Ene kasua har ezazu: maingua naiz (anderea ez zen ohartu maingua zenik, parkean gaindi zetorrelarik); gauza guti da naski, halaz ere behaztopo bat emazteki bati korte egin nahi baniro —erran zuen irri idor batekin, eta gero—. Hots, gizeraile sadiko bihurtzekotz zio bat aski indartsua gogoak edo zainak eriak lituzken batendako!