Zure hatzaren ez galtzeko

“Muga anitz zeharkatu dut,

Kontrol zakar sobera pairatu

Zuregatik.

Badakit

Izenetik beretik

Eraikuntza faltsua naizela:

Urguilua eta beldurra

Daramatzat

Nigan.

Gaua dator Lagako hondartzara.

Kobre koloreko itsasoan Izaro datza itzal.

Ogoño lur muturra uhinetaraino

Itxeskatzen bezala da ispilu bila.

Memoria ezabatzen doa.

Saminak ahanzten ditut

Nire biharraren balizko ardatza

Bizi-pozez zizelkatzeko.

Ubarroi hegaldi bat miretsiz

Xuxurlatzen dut ad libitum:

Nork zaitu hark urrunetik

Bezainbeste maite?

Mapa handia tatuatu dut begiaren zurian

Zure hatzaren ez galtzeko.”

 

Itxaro Borda

Begiratzen dut gogoan

BEGIRATZEN DUT GOGOAN

Begiratzen dut gogoan

buruhunaren zokoan

etxe barneko usaina;

amak goizik egin salda

familiako mahaina

eta sukaldeko malda.

Begiratzen dut gogoan

oroitzapenen zoroan

bustia ezkaratzean;

aitaren tresnen balantza

xingar azpien atzean

eta sagutxoen dantza.

Begiratzen dut gogoan

memoriaren gozoan

arin doan haize ona,

ogien uhain horia

zeru urdinen sakona

eta larrosen loria.

Begiratzen dut gogoan,

bizitza nola badoan,

nere herrikoen soa

perla sortu izerdia

ardoan galdu basoa

eta erran hitzerdia.

Begiratzen dut gogoan

azken beltzaren mokoan

haur nintzaneko denbora

ur eta oihan artean,

nola lehen bedi lora

zorion bat anartean.

Itxaro Borda , 1982