Jokatu eta jolastu

Entzun edota irakurri hurrengo irrati saioa eta gero galderak erantzun
  • Transkripzioa

    KAZETARIA. Azken egunotan kirol-lorpenen arrastoan ibili garen horretan, eta maiz entzuten dugun gauza bati buruz galdetu nahi dizugu. Kirol batzuen ahotan entzun dugu jolastu hitza jokaturen ordez. Ibon, azalduiguzu ‘jolastu’ eta ‘jokatu’ zertan bereizten diren.
    IBON SARASOLA. Jolastu eta jolastu eta ‘jokatu’ bi hitz erabat diferenteak dira, ez dute zerikusirik batak bestearekin. Jolastu lotuta dago beti denbora-pasaren kontzeptuarekin. Jolasean ibiltzen zara denbora-pasa, batez ere. Jokatu askoz ere gauza serioagoa da. Jokatu, edo diru bat jokatzen duzu edo final bat edo partidu bat, edo partida bat…
    KAZETARIA. Lehia bat dago, zerbait dago jokoan.
    IBON SARASOLA. Konpetizioa, norgehiagoka dago tartean, ez dute zer ikusirik. Zein da problema? Ba, betikoa esango nuke: biek erdal itzulpen berbera dutela, jugar. Orduan, jende askorentzat –jende normal, urbanoarentzat–, inkontzienteki, bi hitzek erdal itzulpen bera badute, sinonimoak dira, sinonimoak dira. Beraz, jolastu eta jokatu sinonimoak dira, biak jugar direnez gero. Eta horiek berak, inkontzienteki hori egiten dutenak, inkontzienteki ere jotzen dute garbizaleenera edo. Klaro, jokatu=jugar, hori erdara da eta jolastu, berriz, … Jolastu, berez, bestea bezain erdarazkoa dena, solas-etik baitator. Hori, berriz, euskarazkoa da, tabula rasa… Eta, klaro, hori hizkuntzari ez zaio komeni, ze, klaro, hor aberastasun bat nabaria galtzen dugu.
    KAZETARIA. Nola, ba!, nola komeniko zaio ba! Jende askori mina egiten dio belarrian hori entzuten duenean.
    IBON SARASOLA. Noski, noski.
    KAZETARIA. Ze, seguru aski, euskal tradizioa ondo asentatutako herrietatik datozen kirolariei ez zaie horrelakorik entzuten.
    IBON SARASOLA. Ez. Ezta esatariei ere: ez telebistako, ez irratiko esatariei ere ez. Gertatzen dena da hori: parte zaharra esan beharrean alde zaharra esaten dutenak, kozinatu esan beharrean “sukaldatu”. Ze, klaro, garbiagoak dira, hori da problema, ezta? Eta beti horretan gaude: “Jokatu, puf”
    KAZETARIA. Partidu bat, hortaz,jokatu egiten da.
    IBON SARASOLA. Eta ezin da jolastu. Bueno, entrenamendu batean igual bai, baina bestela ez. Eta dirua…. Nik entzun det ‘loteria jolastu’, nire familia inguruan eta orduan ja gelditu nintzen…
    KAZETARIA. Ai, Ibon, hor, orduan, lan asko zerorrek etxetik hasita daukazu egiteko.
    IBON SARASOLA. “Aurten loterian jolastu dugu”… Ez dute zer ikusirik eta horri bai eutsi beharko geniokeela. Beste kontu bat da lortzen dugun ala ez, ze gauza horiek bere autonomia hartzen dute eta ez dago kontrolatzerik, e?
    KAZETARIA. ‘Jolastuko gara’ edo ‘jolastuko dugu’, aditzaren inguruan ere…
    IBON SARASOLA. Biak daude. Niretzat jolastu hitz berria da eta testuetan ere bai, XX. mendekoa da. Nik beti jolasean ibili esan izan dut eta beti esango dut, ze, klaro, jolastu ikastolako kontua iruditzen zait, nolabait esan, ez dakit… Ni beti jolasean ibili naiz, eta hori, jolasean ibiliren alde egitea ere ez legoke gaizki.
    KAZETARIA. Ez legoke gaizki, ez. Ez jolastuko dugu, jolastuko gara, horiek alde batera utzi eta jolasean egin.
    IBON SARASOLA. Jolasean ibili gara edo jolasean egin dugu. Nik ibili, e, txikitatik.

Idatziz

Ahoz