14. Errepublika plazan

Ostirala da. Larrazkeneko eguzkiak berotzen ditu bazterrak. Platano arrunt arbolen itzalean, iturriaren inguruan, jendea ibiltzen da, hara, hona, lasaiki. Inguruko ostatuetako mahaietan, kafea hartzen dute batzuk eta besteak egunkariak irakurtzen ari dira. Munduaren bihotza irudi du San Izpirituko plaza gozo honek. Auzoko elizak hamarrak jo ditu eta aldi berean, bizarrak mozten dituen denda horietatik baten barnetik muezzinaren ahotsa ere entzuten da. 

Okindegiaren barnetik ogi egin berriaren usaina hedatzen da plazara. Kamerundar jatorrizko jostunaren sotoan mila koloretako jantziak aurkitzen dira. Portugaletik etorri lau adineko bara-bara mintzo dira eta hor dago, zutik, txapela buruan, euskaldun zahar bat, ezagunei agurka, bere alabaren aiduru: farmaziatik pasatu eta asteko erosketak autoz egitera joango dira. Plazaren trankiltasuna hausten du gazteleraz ari den gazte laukote bipilak: Real Madrid eta Bartzelonaren kamisetak dituzte soinean. Baloi batekin jostatzen dira, elkar desafiatuz.

Hantxe, zoko batean, hiru ama familiako. Haurrak lo dituzte karrozan. Eleketan ari dira eguneroko zereginak zerrendatuz:

-Handiak eskolan ditut! Eguerditan joan behar dut haien bila!

-Ederki, ni ere zurekin joango naiz…

-Begira, zure txikia iratzartzen ari da… ze irri ederra duen!

-Nire semea baita… erraten du lehen hizlariak, aurpegiari halako argitasun bat emanez. Begiak distira ditu eta soaren sakonaz Errepublika plaza osoa besarkatzen du. 

Beste kapituluak