11. Jean Dauger estadioan

Larunbata da. Martik eta Maiak lagunekin dute hitz ordua Jean Dauger estadioko sarreran. Arrastiri honetan Baionako Aviron delakoa Tolosako errugbi taldearen aurka ariko da. Milaka jende hurbiltzen ikusten da, guziak zuriz eta urdinez apaindurik. Batzuk adarrak eta soinu-tresna bitxiak ekartzen dituzte, kirol zelaia animatu asmoz. Zaratak, kantuak, oihuak nahasten dira, ikusleak beraien eserlekuetara zuzentzen diren artean. 

Pottoka ere hor dago belardiaren erdian, keinuka, jauzika, punpaka, giroa berotzen. Hiriko taldeak gaur, denen animoak beharko ditu munduko ekiporik hoberenaren kontra lehiatzeko. Eta irabazteko. Maia jarri da bere adiskideekin, Marti, oldeak urratuz, garagardo bila joan den bitartean. Laster elkartu dira eta berehala, Avironen himnoa ozendu da, jendeak zutik, eskuak bihotzean pausaturik, abestiaren erritmoan jokalariak bata bestearen atzetik zelairatzen ari direla!

Baionarrak ederki borrokatu dira eta, harrigarria baldin bada ere, Tolosako piztiak garaitzea lortu dute. Gorri-beltzak buruak apal sartu dira jantzi-geletara. Sustengatzaile zuri-urdinentzat aldiz, besta hastera doa, garaipenaren pozez beteko baitira Baionako karrikak eta ostatuak: “Agur, agur, Aviron Baiones ekipoari…”

Beste kapituluak