4. Asto larru

Euri xorta lodiak lehertzen dira teilatuan fruta onduegien pare. Isilik daude gure bi lagunak, egongelako sofan nagi. Aitzinean, pantaila handia daukate eta aldamenean edari freskoz hornitu mahaia. 

-Zer ikusten ari zara, galdatu dio Martik, manta urdin batean bildua dagoen Maiari. 

-“Asto-Larru” filma … bere aitarekin ezkondu nahi ez duen printzesa baten ipuina. Ihesean dabil, eta asto larruz estalirik, etxeko jaun aberats batzuen zerbitzuan ari da lanean, trufatua, mespretxatua, baztertua…

-Ongi bururatzen da?

-Bai, Delphine Seyrig maitagarriaren makila magikoari esker, Catherine Deneuvek gorpuzten duen sehi lohitsuaz maitemintzen den printze xarmant bat agertzen da. 

-Eta zuk filma arrosa horiek ikusten dituzu?

Isiltasuna egin da. Euriaren xuxurla baizik ez dute entzuten. Maiak telebistaren managailua hartu eta pantailara zuzenduz, itzaltzeko botoia zapatzen du:

-Ez da arrosa, kolore askotarikoa baizik: aurpegi urdinak badira, zaldi gorriak, karrosa beilegiak, pulinda berdeak, eraztun saiatze komikoak… Gaia latza da: nehork ez dio itxurari fidatu behar, asto-larru zikinaren pean, printzesak aurkitzen ahal direlako…

-Eta denek, edonolakoak izanik ere, amodiorako eskubidea dugu…  

-Hori, hori, istorio honen irakaspen ederra!

Hortik aintzina, pantailan agertzen diren irudi azidulatuek bi kideen begiak gatibatzen dituzte. 

Beste kapituluak