“Nor da Simone Biles?” Kirmen Uribe

Podcasta entzun aurretik egin ezazu ariketa hau.

Textua

Zortzi urteko alabak emakumezko bat hautatu behar zuen eskolako lan bat egiteko. Andrazkoaren bizitza eta pentsamendua azaldu behar zituen lanak. Good Night Stories for Rebel Girls (lotarako ipuinak neskato bihurrientzat) izeneko liburuan bazeuden adibideak. Gauero irakurtzen zuen. Guk esaten genion ondo legokela Ruth Bader epailea, edo Malala Yousafzai aktibista edo Jane Goodall biologoa lanerako aukeratzea. Baina umeak Simone Biles nahi zuen. “Simone Biles? Nor da ba Simone Biles, idazlea da?”. “Bai zera, munduko gimnastarik onena da”. Egia esan ez zigun grazia handirik egin bere hautuak. Ez genekien nondik aterako genituen zitak eta gogoetak. “Ez al da hobeto Ruth, Malala ala Jane?”, saiatu ginen ustez aldarazten. “Ez, Simone Biles nahi dut”. Pentsatu genuen ahaztuko zitzaiola eta Jane Goodalli- buruz egingo zuela lana azkenean, Jane txinpantzeekin oihanean, ze polita. Hala ere, arratsalde batean eskolara umeen bila joan eta irakasleak bota zigun, -esan dit alabak Simone Biles aukeratu duela.

Ez zegoen bueltarik.

Informazio bila hasi eta konturatu ginen Simone Biles-ek ez zuela bizitza erraza izan. Ohion jaioa, bere gurasoen droga menpekotasuna zela eta aitona-amonek hartu eta hezitu zuten. Sexu-erasoak ere jasan izan zituen umetan. Baina kirolean hartu zuen babesa. Olinpiadetan bost medaila lortu zituen. Estatu Batuetako historiako kirolari onenen artean dago. Bideoak ikusiz ohartu ginen Simone Biles beti zegoela pozik, irribarre batekin burutzen zituela ariketak. “Ni saiatzen naiz zoriontsu izaten, une pozgarriak dira oroitzen errazenak”. Horra zita on bat. “Kontua ez da irabaztea, zure onena ematea baino. Eta irabazten baduzu ondo, eta laugarren ateratzen baduzu ere ondo”. Horra bigarrena. Eta hirugarrena ere bai, “nahiago dut triste egon arriskua hartu eta huts egin dudalako, hartu ez ditudan arriskuez damutu baino”.

Alabak lanari gutun baten itxura eman zion. Eta otu zitzaion beharbada ideia ona izango zela gutuna Simone Biles-i benetan bidaltzea. Postetxeko gizonak, afroamerikarra Simone bezala, helbidea ikusi eta esan zuen, “seguru erantzungo duela”. Hilabete batera karta bat iritsi zen etxera alabaren izenean. Igortzailea behatu eta Simonen Biles. “Sekula ez amore eman, neska”, esanez bukatzen zuen eskutitza. Biharamunean, alabak gutuna eskolara eraman zuen, lagunei erakusteko, Simone gimnasian bezain irribarretsu.

Eskerrak gutuna bidaltzera ausartu zela. Izan ere, hobe da hartutako arriskuez damutzea, ezta Biles?

Leave a Comment