— Bai… banpiro anderea. Zure hitza errespetatzen dut, zuen gisako… izakiak betitik ulertzen saiatu naizen bezala…
— Beraz, begiak enegana altxa zituen unean, haren soa irri hunkigarri, zirraragarri, xume bat izan zen, ene zaia luzearen gorria mugiarazi zuena, ene beso eta zango luze mehe zuhailak, harengana luzatu nituenean. Ene esperientziaren eta ezpain ilunen usaina hark ere onartu zituen, jaun sendoaren buruak, emeki-emeki makurtuz, begien aitzinean lepo zuri gozo bat agerian utzi zizkidalako. Plazer hori! Biziarekin bat egitearen atsegina, zein eder zitzaidan!
— Alta, bizia laster bukatuko zen..
— Haren biziak ene eternitatea sakonagoa eta handiagoa eginen zuen.
— Eta, ausiki zenuenean? Zer, nola erran, “sentitu” zenuen?
— Egin nuen, hagin zorrotzak haren arima beroan sartu, eta ondotik, ene eskuen artean sendoki atxikitzen nituen sorbalden indarra irentsi nuen. Baina haren odol berogarria ez zen nahikoa enetzat… Menderen mendetan goaitatzen denaren itxura eta sendotasun lasaigarria zeuzkan. Laguntzat nahi nuen, maitaletzat, nahiago baduzu. Orduan, odol poxi bat utzi nuen haren gorputzean, haren biziaren hatsa lur gaineko betierekotasun bilaka zedin.
— Eta horrela…
— Bai, horrela, odol hori jaun konde banpiroarena bilakatzen utzi nuen. Ondoko gauean, harrizko aurpegi batekin begiratu ninduen, haren zortea preso hartu nuela ohartu zen mementoan.
— Kondenatu zenuen… eta… Gaitzetsi ote zintuen?
— Arima galdua zuen, airatua zitzaion, baina bazekien izate berri horrek zuhurtasun berezi bat emanen ziola. Bere ordua heldua zen. Banpiro batek bizia hartu eta beste zerbait bilakarazi bazion, zortearen erabakia zen. Jakin ezazu garai hartan, gure gisakoek, berez bazterturik izanik ere, oraino gure tokia genuela gizartean. Toki ilun bat, menderaezin bat, baina bagenuen hein bateko botere bat, jendeen gogoetan zilegi zena. Gure azken garai goxoenak izan ziren ordea…