3. Mugak

Oroitzen zara, erran dio Maiak Martiri, gazte hutsak ginenean, Behobiako muga zeharkatzean, nolako beldurra pasatzen genuen? 

Iragana izanagatik  laguna oroitzen da bai, oroitzen dela, nola ez?

Hogei urte zituenean, bizar arina zeukan kokots pean eta aldi oroz geldiarazten zuten Hendaian edo Behobian. Mugazainaren eskua altxatzen ikusten zuenean, autoko musika apaltzen zuen, edo ezagunekin baldin bazihoan frantsesez mintzatzen hasten zen, eta beranduago, umeekin trabeskatzen zuenean, isiltzea manatzen zieten. Gogoan du, egiazko antzerkia zela, nortasun agiri kontrol soil batekin finitzeko. Batzuetan alta, gauaren minean, zakur droga edo arma usnatzaileekin hurbiltzen ziren guardiak eta izuaren neurria gora zihoakion gorputz osoan barna: izerdi hotza, ikarak, aho lehorra, esku ahur hezeak. 

Marti isiltzen da. Maiak ere nahi du bere esperientzia aipatu. Hatsa sakon hartzen du: bidesarien harresian gelditu ondoren, Donostia alderantz ziztu bizian abiatzen dela kontatzen du, hamar mila kamioiez osatu kordela pasatuz. Covid-19ak eragin konfinamendu denboran, ez hain aspaldi beraz, ehun baimen paper eskatzen zizkioten mugako poliziek. Garai haietan, Maiak estresa apur bat sentitzen zuela aitortzen dio Martiri, ezinegona, izua, antsietatea, kezka, baina bi galdera zehatzei zuzen erantzun eta berehala libratzen zela gogoratzen da. Besterik gabe. 

Gainditze sentsazio bitxiak bizitzen al dira mugetan?

Beste kapituluak