Aurkezpena
Zirtolari bi eta hamaika aipaldi
Istorio laburrak irakurri eta entzun, ikasi eta kondatzeko…
Euskal-Herrian ezaguna dugu, Pernando Amezketarra. Gipuzkoako Amezketa
herrian sortutakoa, bertan bizi izan zena. Tolosa aldean eta inguruetan denetan bazebilala ere, badakigu. Irudimen eta umore handiko gizon argia, eta bertsolari famatua zen, bestalde. Noranahi joan eta bertan gertakariak piztu eta biziarazten zituen. Ondotik, bere xelebrekeria eta bitzikeriak gure herrietan bilduak eta kondatuak izan dira. Jakin behar duzu orain, Amezketar honek baduela anaia gisako bat, bera bezalako kitzikari eta zirtolari xelebrea.
Nasrudin Hodja deitzen da. Turkiako Anatolia aldean jaio zen. Hau ere, gizon zuhur eta zoroaren ospearekin bere herrian eta inguruetan bazebilan. Nasrudin maisuak herri
batera joan, eta bertan zirika bat eta bi kalaka botaturik gertaera berri bat sortzen zuen. Hau, laster kontaera herrikoi bilakatuko zena. Ondorioz, bere xelebrekeria eta anekdotak, Kurdistan eremuko Turkia, Iran, Irak, Sirian gaindi eta urrunago ere hedatu ziren,… Euskal Herriraino heltzeko. Nolaz ez ! Hemen euskaraz birpizturik, bizitzen jarraiki dezaten.
Euskaldun zahar, gazte eta euskaradun-berri. Pernando eta Nasrudin bi zirtolarien arteko kontaketa-topaketa hau gozatuko duzulakoan gaude. Euskarara itzuli ditugu batzuk, eta doi bat egokitu besteak, zuk irakurri eta entzunik, guziak ikas ditzazun, geroago zure inguruan kondatzeko !
Izan zaitez zu ere, euskal kontalari !
Koldo Amestoy kontalariak hautatuak eta moldatuak,
Anize Amestoy soinugileak grabatuak eta musikatuak.
Heleta, 2022.ko abuztuaren 16a.
Partaideak
Proiektu hau partaidetza batek gauzatu du, EEP-aren diru laguntzari esker. Partaideak hauexek dira:
- Koldo Amestoyek, testuak idatzi eta irakurri ditu
- Anize Amestoyek audioetako grabazio, edizio, eta muntaia egin ditu
- Iñigo Ayestaranek marrazkiak egin ditu
- Koordinakuntzaz eta digitalizazioaz Jakinola arduratu da