Neurri bereziak jendeak gehiago irakur dezan

Entzun edota irakurri irrati saioa eta gero galderak erantzun

  • Transkripzioa

    ESATARIA.- Nazioartean herrialde arabiarretan alfabetatu gabeko jende asko dago eta oso gutxi irakurtzen dute irakurtzen dakitenek. Emirerri arabiarretan egoerari aurre egitea erabaki dute eta neurri bitxiak hartu dituzte, besteak beste, lanlekuetan irakurketa indartzea. Juanjo Sanmigelek kontatuko digu.

    1. SANMIGEL.-  Arabiako Emirerri Batuetan neurri bereziak hartu dituzte jendeak gehiago irakur dezan. Agintariek aitortu dute bai pertsona helduek eta zer esanik ez gazteek oso gutxi irakurtzen dutela, nahiago dutela telefonoa, jokoak eta bideoak. Egoera horri aurre egiteko, aurten inbertsio handiak egin dituzte. Estatua osatzen duten zazpi emirerrietako batean, Dubain, 265 milioi euro erabili dituzte liburutegi publikoa egiteko. Milioi t’erdi liburu izango ditu, bi milioi liburu elektroniko eta milioi bat audio-liburu. Ondorioz, herrialde arabiarretako irakurketa-gune handiena izango da datorren urtean liburutegia irekitzen dutenean. Horrezaz aparte beste erabaki batzuk ere hartu dituzte:  haurrei jaioberritan arabieraz eta ingelesez liburuak oparitzea. Helduei, aldiz, liburuak arabieraz eta ingelesez atzerritarrei. Baina neurri harrigarriena lantokietan irakurketa indartzeko plana da. Enpresei eta enpresariei ahalegin berezia eskatu zaie langileek lanorduetan ahalik eta gehien irakur dezaten. Ez nobelak, euren lanarekiko zerikusia duten liburuak eta idatziak baizik. Herrialde arabiarretan, 2000. urtera arte ahalegin handia egin zuten alfabetatu gabeen kopurua murrizteko baina azken hamarkadan atzerapauso nabarmenak eman dituzte gerra eta gatazken ondorioz. Herrialde batzuk eta besteen artean alde handia badago ere, emirerri hauetan gehiengoa alfabetatua da. Arabiarren erdia alfabetatu gabe edo gaizki alfabetatua dagoela esan genezake.