Axular apaizaren bi istorio

Entzun eta irakurri Maddi Ariztik idatzitako bi istorio hauek

Baziren behin hiru apaiz gazte. Bat Iruñekoa zen; bestea Donostiakoa; eta hirugarrena Axular, Urdazubikoa. Apaiz egin ondoren, deabruaren eskolara joan ziren hirurak, harekin ikasi behar zutela eta.

 

Deabruak baietz esan zien, eskola emango ziela, baina, hala ere, baldintza bat jarri zien: eskolak bukatutakoan, haietako bat infernuan geldituko zen berarekin.

 

Hiru apaizek urte bat eta egun batez hartu zituzten eskolak eta azken egunean deabruak esan zien:

  • Egin beharreko egunak gaur bete dituzue.

 

Axularrek baietz esan zion eta orduan Donostiako apaizari handik alde egiteko agindu zion. Horren ondotik, gauza bera agindu zion Irunekoari. Bera baino ez zen gelditu deabruaren aurrean, beraz.

  • Zein da orain nirea? galdetu zion deabruak
  • Har ezazu nire atzekoa -erantzun zion Axularrek

 

Eta deabruak orduan Axularren itzala zapaldu zuen eta berekin eraman zuen. Geroztik, horrexegatik esan ohi da Axular itzalik gabea dela.

Deabruaren eskolak hartu ondoren, hiru apaizak etxera joan ziren. Axular Urdazubira itzuli zen, beraz, eta egun batez, meza eman ondoren, hauxe esan zion amari:

  • Aita Santua deabruarekin ezkonduko da gaur!

 

Beraz, infernuko deabrurik abilena bere aurrera ekartzeko eskatu zuen Axularrek. Deabru hori aurrean eduki zuenean, hau galdetu zion:

  • Zenbat ordu beharko zenuke zuk hemendik Erromarako bidaia egiteko?
  • Ordu erdi, hara joateko; ordu erdi, han egoteko; eta ordu erdi, hona itzultzeko. Beraz, ordu bat eta erdi beharko nuke – erantzun zion deabruak.
  • Ez, zu ez zara nik behar dudan mandoa?

 

Deabru hori oso abila ez zela ikusita, beste bat ekarrarazi zuen eta hari ere gauza bera galdetu zion:

  • Zenbat denboratan egiten duzu zuk Erromarako bidaia?
  • Bost minutu, hara joateko; bost minutu, han egoteko; eta beste bost minutu, atzera etortzeko. Beraz, ordu laurden aski izango nuke.
  • Zeu zara nik behar dudan mandoa. Ama, ekar iezadazu kapa bat, Erromara noa eta  – esan zuen Axularrek.

 

Deabruaren gainera igo zen, ba, eta ziztuan abiatu ziren biak Erromarantz.

  • Ai, ai, ai! Nekatuta nago – kexatzen zen deabrua.
  • Arre, deabru hori! Eutsi eta segi aurrera! – esaten zion Axularrek halakoetan.

 

Erromara heldu zirenerako, Aita Santuaren gonbidatuak mahai eder baten inguruan bapo jaten eta edaten ari ziren, Aita Santua eta deabrua ezkondu berriak zirela ospatzeko.

 

Axularrek orduan leihoa kaxk-kaxk jo zuen eta hauxe esan zion zabaldu zuen zerbitzariari:

  • Esaiozu Aita Santuari makila hartu eta mahaia neurtu behar duela, zenbat den luze eta zenbat den zabal jakiteko.

 

Aita Santuak halaxe egin zuen eta, bere makilaz mahaiaren luzera eta zabalera neurturik, gurutzea egin zuen oharkabean. Gurutzea ikusi bezain laster, mahaian eserita zeuden deabru guztiek ziztuan alde egin zuten.

 

Axular apaiza orduan berriro igo zen deabru hegalariaren gainera eta bi minuturen buruan Urdazubira iritsi zen. Han izan zenean, honela esan zion amari:

  • Ama, Jakako mendian elurra ari du.
  • Nola dakizu, ba, zuk Jakako mendiaren berri?
  • Nahi baduzu, begira iezaiozu nire kapari.

 

Ama zur eta lur gelditu zen kapa elurrez beterik ikustean. Eta gehiago harritu zen semea hain denbora laburrean hain urrun ibili zela pentsaturik. Semeak, hala ere, ez zion aitortu askoz urrunago ibili zenik, ama gehiegi ez ikaratzeagatik.

 

Eta geroztik, horrexegatik ezin dira apaizak ezkondu.

Leave a Comment