Trikuarena

Ariketak egin ondoren entzun edota irakurri Atxagaren ipuina:

Textua

  • I. zatia

    Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan,

    eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora;

    gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz.

  • II. zatia

    Eta gero pentsatzen du: Amaitu da negua,

    Ni trikua naiz, Bi sapelaitz gora dabiltza hegaletan;

    Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

    Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

    Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago.

  • III. zatia

    Eta berriro dio: Hau da nire erresuma, Goseak nago,

    Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

    Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

  • IV. zatia

    Ordea bertan gelditzen da bera ere hosto lehor balitz,

    artean ez baita eguerdia baino, lege zahar batek

    galerazi egiten baitizkio eguzkia, zerua eta sapelaitzak.

  • V. zatia

    Baina gaua dator, joan dira sapelaitzak, eta trikuak,

    Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

    Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio,

    bere arantzetan seguru nola egon baitzitekeen

     

    gerlari bat bere eskutuaz, Espartan edo Corinton;

  • VI. zatia

    Eta bapatean, zeharkatu egiten du

    belardiaren eta kamio berriaren arteko muga,

    Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez;

  • VII. zatia

    Eta nola bere hiztegi unibertsala ez den

    azkeneko zazpi mila uneotan berritu,

    ez ditu ezagutzen gure automobilaren argiak,

     

    ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere.

Berpiztea (Maialen Hegi Luku)

Entzun edota irakurri Maialen Hegi Lukuren ipuina, eta gero ikusi berarekiko elkarrizketa.

Berpiztea

Mattinek, bere oroitzapen urrunenetan ere, betidanik istorioak biziki gogoko izan zituen. Haur denboran, egunero-egunero eskolatik landa liburutegira joaten zen bere jakin-minaren elikatzera. Baina jakin nahi gorri hori sekula ez zuen nahi bezainbeste asetzen.

Gehien maite zituen ipuinak misteriozkoak eta beldurrezkoak ziren. Eta gehien gustatzen zitzaizkion pertsonaiak hilezinak ziren, hots, banpiroak. Bere helduaroaren hastapenean, izaki misteriotsu horiei lotu idazki gehien-gehienak jadanik ezagutzen zituen. Izaki horiek hain ziren lanjerosak, min zaleak, torturatuak eta aldi berean eleganteak, zuzenak eta erakargarriak!

Arratsalde batez, lizeotik etxerateko bidean zela, egunkari saltegi batean egun hartako berri nagusia ikusi zuenean, harritua eta nahiko zentzordatua gelditu zen. Mugiezinik, minutu batzuk iragan zituen hor, plantatua, hitz zirraragarriak behin eta berriz irakurriz. Ez zitekeen egia izan…

Gau hartan, bere ohean itzuli-mitzulika ari izan zen, ametsez amets, lasaitu ezinik. Goizeko hiruretan, asperturik, jeiki zen, bere bulegoan jarri, eta ordenagailua piztu zuen. Egunkari baten webgunearen ataria ireki, eta paper batean notak hartzen ari izan zen egunsentiaren argi zirrintak leihotik sartzen ikusi zituen arte.

Banpiroak ez ziren asmatuak. Benetazkoak ziren. Zientzialari talde batek, poliziak lagundurik, haietarik bat harrapatua zuen, banpiroen desagerrarazteko txerto bat asmatzeko helburuarekin. Horren bidez, hilezinentzat gizakiaren odola edanezin bilakaraziko zuten.

Mattinek erabakia hartua zuen: kazetari eskola batean sartuko zen, ikasketak beteko eta ondotik banpiro bat aurkituko zuen, hilzorian zen espezie horren azken lekukotasuna biltzeko gisan.

 

— Gau hartan, hiri bazterrean zegoen jauregiaren aitzinetik pasa nintzenean, jaun kondearen gorputzaren gozo sarkorra ene baitan bortizki iragaten sentitu nuen. Gau batzuk bazituen jadanik ikusia nuela, karrika ilunak kurritzen, hiria lo zegoen artean, ohiko itzulia egiten ari nintzelarik. Haren begi ausartek eta beroki luzeak segidan erakarri ninduten.

— Horrela hautatu zenuen beraz, besterik gabe?

— Naturalki, bai. Norbaiten biziaren hatsaz elikatzeko eta harekin heriotz-dantza bero batean sartzeko, ez da gogoetan galdu behar… Jauregiko gela handiak haizearen gisan kurrinka egin zuen ene esku hormatuen bultzadaren pean… Itzal bat nintzen pasabide eta eskailera hertsietan barna… Eta laster, haren usaina hurbil-hurbilekoa sumatu nuen, ate handi baten aurrera heltzerakoan. Gelan eztiki sartu nintzenean, haren bizkarraren gelditasun hotzak ene igurika egona zatekeela pentsarazi zidan.

— Eztitasun horri esker egitera zindoazen ekintzaren aberekeria harentzat onargarri egin nahi baitzenuen?

— Ene ekintza, bukaera baten seinale, ez zen hala ere borroka salbai batena gero…. Betidanik, zuek sedukzioa deitzen duzuena erabili izan dut, ez dut behin ere ene bizibidea erailketa kate amaiezaintzat hartu.

— Gizakiaren seduzitzea, bai, baina bere biziaren ebasteko…

— Gizakiaren bizi iturriaz egarria asetzen duena ez ote da nonbait haren izateaz jabetzen? Haren edertasunaz? Jakitateaz? Baina ene hitzen haria galdu gabe, kontakizun hori ahal bezain laster bururatu gogo nuke. Ez ote genuen horrela adostu, Mattin jauna?

— Bai… banpiro anderea. Zure hitza errespetatzen dut, zuen gisako… izakiak betitik ulertzen saiatu naizen bezala…

— Beraz, begiak enegana altxa zituen unean, haren soa irri hunkigarri, zirraragarri, xume bat izan zen, ene zaia luzearen gorria mugiarazi zuena, ene beso eta zango luze mehe zuhailak, harengana luzatu nituenean. Ene esperientziaren eta ezpain ilunen usaina hark ere onartu zituen, jaun sendoaren buruak, emeki-emeki makurtuz, begien aitzinean lepo zuri gozo bat agerian utzi zizkidalako. Plazer hori! Biziarekin bat egitearen atsegina, zein eder zitzaidan!

— Alta, bizia laster bukatuko zen..

— Haren biziak ene eternitatea sakonagoa eta handiagoa eginen zuen.

— Eta, ausiki zenuenean? Zer, nola erran, “sentitu” zenuen?

— Egin nuen, hagin zorrotzak haren arima beroan sartu, eta ondotik, ene eskuen artean sendoki atxikitzen nituen sorbalden indarra irentsi nuen. Baina haren odol berogarria ez zen nahikoa enetzat… Menderen mendetan goaitatzen denaren itxura eta sendotasun lasaigarria zeuzkan. Laguntzat nahi nuen, maitaletzat, nahiago baduzu. Orduan, odol poxi bat utzi nuen haren gorputzean, haren biziaren hatsa lur gaineko betierekotasun bilaka zedin.

— Eta horrela…

— Bai, horrela, odol hori jaun konde banpiroarena bilakatzen utzi nuen. Ondoko gauean, harrizko aurpegi batekin begiratu ninduen, haren zortea preso hartu nuela ohartu zen mementoan.

— Kondenatu zenuen… eta… Gaitzetsi ote zintuen?

— Arima galdua zuen, airatua zitzaion, baina bazekien izate berri horrek zuhurtasun berezi bat emanen ziola. Bere ordua heldua zen. Banpiro batek bizia hartu eta beste zerbait bilakarazi bazion, zortearen erabakia zen. Jakin ezazu garai hartan, gure gisakoek, berez bazterturik izanik ere, oraino gure tokia genuela gizartean. Toki ilun bat, menderaezin bat, baina bagenuen hein bateko botere bat, jendeen gogoetan zilegi zena. Gure azken garai goxoenak izan ziren ordea…

Une hartan, bi solaskideak isilik gelditu ziren, eta kazetari gaztearen soak andere beltzarena jarraiki zuen, aitzinean zuten beira zabaletik at galtzen ziren etxe-orratzen teilatuen puzzlearen gainetik pasatuz, zerumuga grisean galdu zen arte. Mundua ez zen sekula banpiroaren oroitzapenetako argi eztira berriz itzuliko. Kontatu zuen istorioaren garai idealak urrunegi ziren jadanik, haren izatea piko sendaezin batek zauritua zuen, hartarik biktima ahantzien odola ezinbestean isurtzen ari zelarik.

Gomita berezia eta bere galderen hartzailea mahai lodi borobil batek eta gaineko urez betetako edalontziak bereizten zituzten.

— Zure lagun hura zen beraz…

Larritasunak estali zuen andere beltzaren aurpegi fina:

— Lehena bai, ez zaude oker. Ez zen ene lagun bakarra izan, baina preziatuena hori bai. Ene bizilaguna, ene irudia, ene sostengu fidela… Eta lehen banpiro harrapatua.

— Nola deituko zenuke gertatu zenak zure baitan eragin zuena? Tristura? Hori zenuen sentitu?

— Zer nahi duzu jakin, jadanik dakizuna? Gure gogoan sartzeko, sentimendurik eza baino haratago joan behar da… Gertatuaz geroztik, gure sekretu, funts, historia, aberastasun guztiak argi pairaezin baten erre ditu, mantal zuriz jantzi zientzialari errukigabeen erdian alde guztietarik hustuak, moztuak, haragi bilakatuak izan dira. Eta azpimarratu nahi nuke, haien harrapakinaz urrikaldu gabe…

— Gizakia maite eta babestu nahi zuten batzuek…

— Egin gaituena betidanik misterioa izan da. Baina, gau hartako ehizan, gure espezieko bat loturik eraman zutenean, deuseztatu gintuzten, mito bat parasitoaren heinerat apalduz. Erraustu gintuzten, jaun kondea analisia hodietan hartu zuten unean, ez ordea, gure espeziearen desagerrarazteko xedearekin hilabete batzuk berantago zabaltzen hasi diren txertoaren aurkikuntzaren egunean. Egin dizute txerto hori, ez?

Mattinek banpiro batek galdekatua izatearen sentsazio bitxia, berezia sentitu zuen, gorputz osoan xixta ttipi batzuk sentituz.

— Bai anderea… Erran behar da, gaur egun, gure babesteko ditugun tresnak erabiltzea komeni dela…

— Arriskuen saihesteko…

— Hala pentsatzen dut bai.

— Garai batez, ez nintzen izaki ezdeus bat, ez nintzen piztia tzar bat. Lehen zure adineko emazte gazte eta eder bat nintzen ni ere. Zure ordez, nik ere ene burua babestu nahiko nuke, beldur nintzatekeelako…

— Zarenaren gisako batzuek izuturik, ez?

— Noski. Alta bada, lehenago guganik babesteko erabiltzen ziren tresnak politagoak ziren naski, beste xarma bat zuten. Non galdu dira etxe xoko guztietan ematen ziren baratxuri buru lodiak edo gau ilunenetan eskuetan tinko-tinko atxikitzen ziren hesola xorroxtuak… Gizakiak bere odol goxoa arrunt kutsatu duenetik, ospitaleak ohointza toki bihurtzen uzten ditu, karriketan banpiro-dealer etsitu espezie berri bat onddoak bezala pusatzera bultzatzen du, beldurraren beldurrez…  Ez ote da hori lazgarria?

— Aurkikuntza horrek alde onak dituzke bestalde…

— Agian… Hala izanik ere, ez dut mundu honek geroan eskaintzen ahalko didanaren ezagutzeko gutiziarik gehiago… Arimarik ez dutenak etsiarazten dituen mundua ez da enetzat egina… Laster, zinezko heriotzaren bakea ezagutuko dudala espero dut…

— Zure eternitatea hautsiko zenuke? Hainbeste mendez iraun ondoren?

— Zergatik horrela egon, betidanik desiratu dugun edaria eta haren gustua galdu ondotik? Bizitzeko, likido pizgarria edan aitzin, hodi batean tratatu behar delarik? Ene plazer bakarra galdurik funtsean? Ez, aldi honetan hobe hiltzea, ahal bada sekulako… Eta manera ederrenarekin…

— Nola bada?

Andere beltzak bi begiak emeki-emeki hetsi zituen eta zutitu zen. Leihora buruz urrundu zen, haren zaiak gordetzen zituen zangoak lurrean lerratzen balira bezala. Hiriaren argi koloretsuak istant batez so egin eta, hatsa eztiki hartuz, ondoko gelara abiatu zen. Mattinek bere bistatik urruntzen ikusi zuen, harriturik. Orduan, bere elkarrizketa-laguna erien artean area bezala eskapatzen ari zitzaiola sentitu zuen. Entzun zituen eleak hunkigarriak izan bazitzaizkion ere, bazekien, azkenean, ez zezakeela deus egin haren salbatzeko… Bere kadiran jarririk dantzan hasi zen, burmuinari hamaika itzuli eginaraziz, banpiro desesperatuari azken agurra emateko hitz eder eta penatuen bila.

Orduan,  haren gonbidatzailea berriz agertu zen. Erreportari gaztea bat-batean zutitu zen, harriturik hil kutxa handi bat zekarrela eta mahaiaren ertzean pausatzen zuela ohartu zenean… Ez zekien miresle ala kezkati izan behar ote zuen.

— Barkatu banpiro agurgarria, baina, ene doluminak emanez, bakean utziko zaitut. Lan horren bukatzeko aizinarik asko ez dut eta…

— Nola deitzen duzue gaur egun kazetariok gertakari aipagarri baten berri emateko parada duzuelarik? Scoop bat, ez da hala?

Bien begiradak gurutzatu zirenean, kazetariak ulertu zuen, gau hartan, haren bizi guztian behin bakarrik ikusten ahalko zuena argazkitan har zezakeela. Egon behar zuen, banpiro baten heriotzaren ikusteko!

Orduan, berriz jarri zen, eta bere tresnaren prestatzen hasi, presaka-presaka.

— Zeremonia hasi aitzin, hala ere, gomendio batzuk eman nahi nizkizuke. Hilkutxa hetsiko denean, ez duzu mugitu beharko… Banpiroaren lo berriaren trabatzeak dena huts eginarazten ahalko bailuke…

— Nahi duzun bezala.

— Prozedura gizakiarentzat izugarria bada ere, dardarka ez aritzea galdatuko nizuke.

— Lasai, jadanik erreportaia gogorrak egin behar izan ditut. — gezurtatu zuen Mattinek.

— Ongi da beraz…

Andere beltza kazetariaren aldamenetik pasatuz gela zeharkatzen hasi zen, pentsaketan balitz bezala, segur aski erran beharko zituen formula misteriotsu batzuen gogorarazteko… Gero, berriz mahaira buruz hurbildu zen, eta kazetariaren gibelean gelditu. Burua apaldu eta, pazientziarik gehiago ez zuenari belarrian xuxurlatu zion:

— Eta azken gomendio bat: kasu emazu goizeko argiari, hura baita jasangaitzena.

Gertatzen ari zitzaionaz konturatzeko denborarik izan gabe, jarria zen gizonak oihu labur bat kirrinkatu zuen banpiroak haren lepoaren erdian bi zilo eder eta ilun egin zizkionean. Garratza, mingotsa, edanezina zen likidoa azkarki hurrupatu zuen, baina ez osoki. Odola izena ote zuen oraino? Aurpegi okaztatu batekin, kazetari engainatua hilkutxan sartu zuen eta hetsi. Ondotik, edan zuen pozoia mahai gainean utzia zuen ur bedeinkatu bete basoa edanez urdailaren zolaraino isurarazi zuen.

— Odol pozoindatua zainetan daukanak, odol hori gustuko izanen duelakoan…

              Eta betirako loak hartu zuen, haren gorputza zabal-zabala lurrera erori zenean.

Ina

Irakur aurretiko lexiko ariketa

 

Begiratu edota irakurri Inaren istorioa

Ina Burkina Fason bizi da, mendebaldeko Afrikan.

Ileak kizkur-kizkurrak ditu, larrua iluna. Bere erlijioa Islama da. Lurrezko korrale batean bizi da bere familiarekin.

 

Ni, aldiz, Ipar Euskal Herrian handitu naiz.  

Gaztain koloreko ileak ditut eta nere larrua gorritzen zait iguzkitan, nere guraso eta anaiak bezala.

Eliza batean bataiatu naute eta  adreiluzko etxe batean altxatu.

Nola erran dezaket Ina nere ama dela?

Estudioak bukatu eta, Burkina-Fasoko herrixka batera joan naiz erakunde humanitario batekin.

 

Joan aitzin, Awa, Burkina-Fason sortu zen lagun  batek pakete bat utzi dit bere ama maiteari emaiteko.

 

Dugu herrira heltzerakoan,  Awaren paketea bere amari emaitea deliberatzen dut. Baina ez da hor. Mina, bere alabak bazkaltzera gomitatzen nau.

Afrikako janaria deskubritzen dut.

Awaren ahizpa eta anaiekin adiskidetzen naiz. Solasaldiak itzultzen dizkidate. Diula hizkuntzazko lehen urratsak egiten ditut. Kelen fla saba Kononin ba nyaka dan.

 

Aste baten buruan, beren ama itzultzen da. Korraleko biziaren bihotza dela asmatzen dut. Inork ez du erabiltzen bere egiazko izena. Ina hitzak erran nahi du «Ama».

 

Inarekin ezin dugu hitz egin laguntzarik gabe. Ez baitaki frantsesa, ez baitakit diula. Bere haurrek frantsesa ikasi dute eskolan. Ez direlarik hor, soa gelditzen zaigu. Inaren begietan atzematen dut sentimendu goxo eta maitekor bat. Baina makur handiak pairatu dituela antzematen dut. Elkar estimatzen dugu. Gogo nuke bere bizia gehiago ezagutzea eta bere hizkuntza ikasteko gogoa pizten zait.

 

Halere, memento bat atzematen dut egunero «nere familia» deitzen dudanarengana joateko.  

Eri naizelarik, etortzen dira niri gogoa berotzera. Janaria eta beren irriñoa ekartzen dizkidate.

Diula hizkuntza gero eta hobeki menperatzen dut. Biztanleek laguntzen naute eta irri egiten dute nahasten naizenean. Orain, agurrak baino gehiago erraten ahal ditut. Anisogoma. N’baa here sira wa ? Here Somogodo ? Torosi tey. I kakene wa ? Here. Ala ka’an to nyongon ye. Ka sinikenea di Amina.

 

Afrikako garbitasun eta harremaneko arauak irakasten dizkit Inak.  Ez dit deus eskatzen ordainez.

Gure arteko kidetasunaz harritzen direnean bere lagunak, ahalketua, erantzuten die bere seme zaharren laguna naizela.  Baina aspalditik joanak dira estudioen egitera. Ulergaitza zaie.

 

Ni ere bere semea naizela iduri zait, bainan denentzat, gauzatu da Awaren ezkontza egunean. Zeremonia tradizionalean, andere esposak hiru egunez bere aurpegia gordetzen du buruzapi xuri batekin kanpora ateratzen delarik… Griot kastaren emakumeek animazioa egiten dute bertsoak, goresmenak eta genealogia kantatuz. Esposaren ganbaran atzeman nautelarik, harrituak izan dira. Galdegiten dute nor den ohidura zaharren legeak hautsi dituen atzerritarra.

 

Bere buruaz biziki segur, Inak erantzuten die bere seme adoptatua eta esposaren neba naizela. Irri karkaila ondotik, Griot emazteen nagusiak bozgoragailutik nire laudatzen hasi da kantuz. Hori entzutean, kanpoan direnak pozten dira eta eguneko kilimiska bilakatu da. Nere Afrikako anai-arreben deiturarekin deitu naute. Lorietan izan naiz.

 

Afrikako erran zahar batek dio: egur zati bat urmaelean trenpan egonik, egundaino ezin da krokodilo bilakatu.

Badakit ez naizela afrikarra baina leku bat atzeman dut jendarte honetan.

 

Padre eta aita

Irakurri edota entzun Jon Maiaren “Padre eta aita” ipuina.

Garai hartan, sutegietako fabrika hura utzi eta padrek lantokiz aldatu zuen; erreminta fabrika batean hasi zen lanean. Gu, lau anai-arrebok, eskolan hasi ginen. Ikastetxea urrun zegoen eta Marisitak eskutik helduta eramaten ninduen.


Bazkaria ere eramaten genuen zorrotxo batean, garbantzuak,arroza, arrautza egosi batzuekin, etxerainoko bidea luzeegia baitzen bazkaltzera joan eta eskolara itzultzeko. Topolino botiletan, kafesnea sartzen zigun amak, eta opiltxo batzuk,bustitzeko. Bidean, baserri batean aske zeukaten akerko bizartsu eta adar handi baten ondotik pasatu behar izaten genuen egunero eta Marisitak beldur handia zion.


Eskolan, ume guztiek bezala, jolaserako gogoa izaten genuen ezer baino gehiago, eta inguruko baserrietatik-eta elkartzen ginen umeak horretan aritzen ginen. Gelako lagunik gehienak auzo hartako baserrietakoak ziren. Padrek caseros esaten zien. Guri belarrimotxak esaten ziguten eta hasieran ez genuen ulertzen zergatik, baina padrek esan zigun han horrela esaten zigutela. Eta maketoak eta mantxurrianoak ere esaten ziguten. Kanpokooi esateko modua omen zen.

 

Neska-mutil casero horiek tratu txar ugari pasatzen zuten eskolan, vascuence hura zela eta. Gainera, igandero mezatara joan behar izaten zuten beren familiarekin. Guk orduan ezetz, ez genuela elizara joan beharrik esaten genien eta inbidiaz begiratzen ziguten.


Ume haiek guri pena pixka bat ematen ziguten, hainbeste obligaziorekin bizi behar izateagatik. Baserrian ere lan egin behar izaten zuten, eskolatik bueltan, eta gero hango usainak ekartzen zituzten hurrengo goizean eskolara.


Ez zuten espainolez asmatzen, ez zekiten guk bezala hitz egiten, eta zartako galantak ematen zizkien irakasleak.


Guk, berriz, etxean kontatzen genien padreri eta madreri eskolako berri, zer ikasi genuen, nolako kantuak irakasten zizkiguten eta hori guztia. Padre sutan jartzen zen eta ulertu ezin ziren hogei maldizio botatzen zituen segidan, Rusiatik Francoraino. Tia Paca, berriz, poz-pozik jartzen zen zenbat errezatzen genuen jakitean, baina padrek eskola horiek ez zutela ezertarako balio esaten zuen beti.


Nik orduan ahal nuena egiten nuen, padrek esaten zuen moduan, Franco ipurdi zuri nano putre zakilmotz hankoker basurdekume haren kantu faxistak-eta ez ikasteko eta gelako lagunekin zigortuta geratu behar izaten nuen, nahi baino maizago. Marisita haserretu egiten zen, nire zain egon behar izaten baitzuen berandu arte eskola kanpoan, baserrirako bidea oso luzea baitzen.

Guk ez genuen arazorik hizkuntzarekin, espainolez baino egiten ez genulako, baina irakasleak berehala ikusi zuen ez ginela bere aldekoak.

 

Egunetik egunera, inguruko baserritarren lagun egin ginen eta eskolako lanetan ere laguntzen genien.


Eskolako itzulerak ederrak izaten ziren, etxerako bidean lagunen baserrietan geratzen baikinen jolasten eta ganaduak ikusten, eta zorte apur batekin, askaria ere ematen ziguten.


Etxera iristerako, beti geneukan bidean hartutako zerbait aldean: pikuak, sagarrak, intxaurrak, tomatealk…. Gu lau anai-arreba ginen eta Marisitak berak esaten zigun zer hartu ahal genuen eta zer ez.


Eskolarik gabeko egunetan, padre Velandorekin joaten zen txoritara eta baserriko ukuilu erdia kaiola bihurtuta zeukan, beti txoriz betea egoten baitzen. Esnea ondoko baserritarrari beti erosten genion egunero eta esnegainarekin otarteko gozoak egiten zizkigun amak.


Baratze txiki bat ere bageneukan eta ez genuen ia ezer falta. Dirua, akaso.

 

Padre aitzur txikiarekin arrantzarako zizareen bila ari zen erreka inguruetan.

– Aitaaa – berriz ere nik atzetik

Orduan lepoa biratu zuen eta begiradarekin beste norbait bilatu zuen.

– Aitaaa!-nik, hirugarrenez-. Amak esan du bazkaria prest dagoela!
Ñako! -harridura keinu batekin erantzungo zidan -. Esan amari orain noala.


Ez dut uste ezer gehiago esango zuenik, nik berari padre deitu beharrean, aita deitzeagatik.

Axular apaizaren bi istorio

Entzun eta irakurri Maddi Ariztik idatzitako bi istorio hauek

Baziren behin hiru apaiz gazte. Bat Iruñekoa zen; bestea Donostiakoa; eta hirugarrena Axular, Urdazubikoa. Apaiz egin ondoren, deabruaren eskolara joan ziren hirurak, harekin ikasi behar zutela eta.

 

Deabruak baietz esan zien, eskola emango ziela, baina, hala ere, baldintza bat jarri zien: eskolak bukatutakoan, haietako bat infernuan geldituko zen berarekin.

 

Hiru apaizek urte bat eta egun batez hartu zituzten eskolak eta azken egunean deabruak esan zien:

  • Egin beharreko egunak gaur bete dituzue.

 

Axularrek baietz esan zion eta orduan Donostiako apaizari handik alde egiteko agindu zion. Horren ondotik, gauza bera agindu zion Irunekoari. Bera baino ez zen gelditu deabruaren aurrean, beraz.

  • Zein da orain nirea? galdetu zion deabruak
  • Har ezazu nire atzekoa -erantzun zion Axularrek

 

Eta deabruak orduan Axularren itzala zapaldu zuen eta berekin eraman zuen. Geroztik, horrexegatik esan ohi da Axular itzalik gabea dela.

Deabruaren eskolak hartu ondoren, hiru apaizak etxera joan ziren. Axular Urdazubira itzuli zen, beraz, eta egun batez, meza eman ondoren, hauxe esan zion amari:

  • Aita Santua deabruarekin ezkonduko da gaur!

 

Beraz, infernuko deabrurik abilena bere aurrera ekartzeko eskatu zuen Axularrek. Deabru hori aurrean eduki zuenean, hau galdetu zion:

  • Zenbat ordu beharko zenuke zuk hemendik Erromarako bidaia egiteko?
  • Ordu erdi, hara joateko; ordu erdi, han egoteko; eta ordu erdi, hona itzultzeko. Beraz, ordu bat eta erdi beharko nuke – erantzun zion deabruak.
  • Ez, zu ez zara nik behar dudan mandoa?

 

Deabru hori oso abila ez zela ikusita, beste bat ekarrarazi zuen eta hari ere gauza bera galdetu zion:

  • Zenbat denboratan egiten duzu zuk Erromarako bidaia?
  • Bost minutu, hara joateko; bost minutu, han egoteko; eta beste bost minutu, atzera etortzeko. Beraz, ordu laurden aski izango nuke.
  • Zeu zara nik behar dudan mandoa. Ama, ekar iezadazu kapa bat, Erromara noa eta  – esan zuen Axularrek.

 

Deabruaren gainera igo zen, ba, eta ziztuan abiatu ziren biak Erromarantz.

  • Ai, ai, ai! Nekatuta nago – kexatzen zen deabrua.
  • Arre, deabru hori! Eutsi eta segi aurrera! – esaten zion Axularrek halakoetan.

 

Erromara heldu zirenerako, Aita Santuaren gonbidatuak mahai eder baten inguruan bapo jaten eta edaten ari ziren, Aita Santua eta deabrua ezkondu berriak zirela ospatzeko.

 

Axularrek orduan leihoa kaxk-kaxk jo zuen eta hauxe esan zion zabaldu zuen zerbitzariari:

  • Esaiozu Aita Santuari makila hartu eta mahaia neurtu behar duela, zenbat den luze eta zenbat den zabal jakiteko.

 

Aita Santuak halaxe egin zuen eta, bere makilaz mahaiaren luzera eta zabalera neurturik, gurutzea egin zuen oharkabean. Gurutzea ikusi bezain laster, mahaian eserita zeuden deabru guztiek ziztuan alde egin zuten.

 

Axular apaiza orduan berriro igo zen deabru hegalariaren gainera eta bi minuturen buruan Urdazubira iritsi zen. Han izan zenean, honela esan zion amari:

  • Ama, Jakako mendian elurra ari du.
  • Nola dakizu, ba, zuk Jakako mendiaren berri?
  • Nahi baduzu, begira iezaiozu nire kapari.

 

Ama zur eta lur gelditu zen kapa elurrez beterik ikustean. Eta gehiago harritu zen semea hain denbora laburrean hain urrun ibili zela pentsaturik. Semeak, hala ere, ez zion aitortu askoz urrunago ibili zenik, ama gehiegi ez ikaratzeagatik.

 

Eta geroztik, horrexegatik ezin dira apaizak ezkondu.

on dagizula VI

Testua

…baina belarri puntak

baizik ez dio harrapatzen.

Untxi jauna zalu-zalu sartzen da etxera

ikaran.

Pastanagreek untxien belarriak

luzarazten dituztenaz geroz,

Untxi jaunak hartarik tupinatra bat

prestatzen du.

Hitzak irakurri

Hautatu hitz egokia

Testuaren irakurketa

Esaldian, ilustratuak diren hitzak ingura itzazu

Hitz bakoitzaren 2 idazkerak lot itzazu

Hitzen ordena atzeman ezazu esaldia osatzeko

on dagizula V

Testua

“Zer jaten duzu?”

galdegiten dio axeriari.

“Untxiak jaten ditut”

erantzuten dio axeriak.

“Hel! Hel!”

oihukatzen du Untxi jaunak.

Untxia jan nahiz, axeriak

gainera jauzi egiten dio…

Hitzak irakurri

Hautatu hitz egokia

Testuaren irakurketa

Esaldian, ilustratuak diren hitzak ingura itzazu

Hitz bakoitzaren 2 idazkerak lot itzazu

Hitzen ordena atzeman ezazu esaldia osatzeko

on dagizula IV

Testua

“Zer jaten duzu?”

galdegiten dio baleari.

Planktona jaten dut”

erantzuten dio baleak.

“Zer da hori?”

dio Untxi jaunak.

“Zer jaten duzu?”

galdegiten dio ximinoari.

Bananak

ihardesten dio ximinoak.

“Halakorik ez da ene baratzean heldu”

dio Untxi jaunak.

Hitzak irakurri

Hautatu hitz egokia

Testuaren irakurketa

Esaldian, ilustratuak diren hitzak ingura itzazu

Hitz bakoitzaren 2 idazkerak lot itzazu

Hitzen ordena atzeman ezazu esaldia osatzeko

on dagizula III

Testua

“Zer jaten duzu?”

galdegiten dio arrainari.

Larbak jaten ditut”

erantzuten dio arrainak.

“Holakorik ez enetzat”

dio Untxi jaunak.

“Zer jaten duzu?”

galdegiten dio xerriari.

“Zernahi jaten dut”

ihardesten dio xerriak.

“Nik ez”

dio Untxi jaunak.

Hitzak irakurri

Hautatu hitz egokia

Doakion hitza hauta ezazu

Testuaren irakurketa

Esaldian, ilustratuak diren hitzak ingura itzazu

Hitz bakoitzaren 2 idazkerak lot itzazu

Hitzen ordena atzeman ezazu esaldia osatzeko

Argazkiari doakion esaldia hauta ezazu