2. Euriaren hitzak

Haize hego salbaiak buhatzen du. Laino beltzek eguzkia gordetzen dute. Bi lagunek, etxetik atera aitzin, euritakoak hartu dituzte. Kanpoan, hosto lehorrak dantzan ari dira:

-Larrazkena da, erran du Maiak. Euria iragarri dute gaurko.

-Ze pena, dio alaiki Martik. Bukatu dira udako egun ederrak…

-Ukanen ditugu bai oraino ere egun zoragarriak, bazterrak urrez jantziko dira eta gaztainak biltzera joango gara.

-Egia, udazkena urtaro oparoa dela, -onartzen du Martik. 

Ttantta bat nabaritu du begitartean…

-Hara, euria hor dugu.

Espero dute zaparrada bat baizik ez zela izango. Euritakoak ireki  dituzte. Haien azpian elkartu dira. Uharra luzatu da. Karrikak urez bete dira, ibaiek gainezka egin dute etxe zolak itoaz. 

-Badirudi ez dela sekula geldituko, marmaratu dio Martik.

-So egizu, uharra lantzurda arina bihurtzen ari da,  zirimiri maitagarria, hain gris eta fin… 

-Hozten naiz, goazen etxera.  

-Arrazoia duzu Marti. Ez genuke eritu behar.

Egongelan, gero, hizketaldi gozoan galdu dira aspaldiko adiskideak. Maiak, jakintsu antzera gehitu du, irria ezpainetan:

-Badakizu, euskaraz, hitz asko ditugula euria errateko, zirkulu polarreko inuitek elurra izendatzeko ehun ele dituzten bezala. Ikasi beharko ditugu, euria ez delako soilik euria, lurraren eta biziaren funtsezko on-egilea baino.

Beste kapituluak