Akordatzen naiz

Testua

  1. Georges Perecek Joe Brainard eta I remember zituen akorduan. Nik Joe Brainard eta I remember eta Georges Perec eta Je me souviens ditut akorduan.

 

  1. Bizkaiko kostaldean akordatzea esaten dutela

akordatzen naiz. Eta akordatzea, esnatzea dela.

 

  1. Urrun eta antzina, itsumutila izan nintzela,

akordatzen naiz. Itsuneskak eta itsumutilak ginela

auzoko neskamutilak.

Patxi, Osteko itsua, aittitteren anaia, aulkian eserita

egoten zena, solo ertzeraino eramaten genuen,

artoa zenbat hazi zen jakin nahi izaten zuelako.

 

  1. Etxean ez zegoen telebistarik. Domeka

arratsaldeetan Etxeberrira joaten ginela

akordatzen naiz telebisioa ikusteko

 

  1. Ezkutaketan jolasten ginela akordatzen naiz.

Bat, bi, hiru, lau…   ezkutatzen, eman

beharko genuela.

 

  1. Horman landare berde polit bat hasi zela

akordatzen naiz.

Eta sustrai txiki haiek denborarekin etxea botako

zutela esan zuela baten batek.

 

  1. Bizikleta hiru gurpilekoa zela akordatzen naiz.

 

  1. Orduko egunak oraingoak baino askozaz luzeagoak gogoratzen ditut.
  1. Umeok aitametara, aita

ala ama izatera, edo

gerretara, hiltzailea

ala hildakoa izatera

jokatzen genuela

akordatzen naiz,

helduak izatera

beti. Helduak

izateko, gero ere asti

nahikoa izango

genuela jakin gabe.

 

  1. Ez dakit zoriontsu nintzen orduan, baina

ume desterratuaren moduan akordatzen naiz

ume denboraz.

 

  1. Ama josteko makinarekin aritzen zen lanean.

Makinari pedalez eragiten zion eta egiten zuen

soinuaz akordatzen naiz.

Singer deitzen zela uste dut.

 

  1. Martin Luther King hil zutela akordatzen naiz.

Ametsetan egin dut, ametsetan ari naiz, amets bat daukat

esaten zuena…

 

  1. Metroaren lehoiaz akordatzen naiz, lehen

imaginetan orroka agertzen zen. Gero ez zen

pelikulan gehiago azaltzen.

 

  1. Jaungoikoak mundua sei egunetan egin zuela

akordatzen naiz. Horixe esaten zigutela behintzat.

Eta ondo nabarmenak ziren gero gauzak presaka

eta ganorarik gabe egitearen ondorioak.

 

  1. Latina munduko hizkuntzarik logikoena dela

esaten zigutela akordatzen naiz. Eta zeharo

konplikatua eta aldrebesa iruditzen zitzaidala.

 

  1. Espartako, Kirk Douglasen aurpegiarekin

gogoratzen zait.

 

  1. Edward Spencer Dodgsonen gutunak

oroitzen ditut.

  1. Ruper Ordorika gogoratzen zait, gitarrarik gabe,

Clementine doiunarekin kantatzen: Ene maite, ene maite, ene maite…

 

  1.     

 

  1. Kartzela barruan, errudunekin batera, inozenteak

ere bazeudela akordatzen naiz. Kanpoan bezala.

 

  1. Egun ederrak izan ziren eta, musika eta guzti

gogoratzen ditut, Vinicius de Moraes, Cesarea

Evora eta halakoena. Playing back egin daiteke

musikarekin, baina gainerako gauzekin ez eta,

orduan, musikak ez du ia ezertarako balio.

 

  1. Euskarari buruz izkribu haietan leitutakoez

akordatzen naiz: antzinakoa, gutxitua,

aglutinantea, espainola, debekatua, paleolitikoa,

irakurtezina, zehatza, polita, modernoa, baldarra,

politikoa, antiespainola, baztergarria, apolitikoa,

zaharra, xamurra, analitikoa, barregarria,

marjinala, irakurgarria, arriskutsua, gogaikarria…

 

  1. Roland Barthesena oroitzen dut. Zerbait

esaten denean, esandako hori egia dela

denboraldi labur baterako behintzat.

 

  1. Aldous Huxleyren nobelako mynah izeneko txoriak

gogoratzen ditut, islako jendeari abisatzen:

“Hemen, orain, erne!”.

 

  1. Akorduak ez dira zehatzak,

baina ahaztura ere ez da

hain-hain zehatza.

 

  1. Oroimena garela akordatzen naiz,

oroimena ala ia ezer ez.

Sinonimoak

Harmonika (Lucien Etxezaharreta)

Entzun edota irakurri Luzien Etxezaharretaren ipuina, eta gero ikusi berarekiko elkarrizketa.

Ipuina

Oraindik gogoan dut, aspaldikoa bada ere. Egungo egunean baluke segur izen bat, nola “harmonika kromatikoa”. Zilarraren egite zuen metalezko axala zuen, gainean zernahi gauza izkiriaturik zituela, konprenitzen ez nituenekin. Orain ohartzen naiz alemaniar hizkuntzan ezarriak zirela, hitz luze konplikatuak, enetzat arrunt arrotzak, nintzen mutiko ttipiarentzat. Ez dut geroztik sekulan ikusi holakorik. Aski haundia iduritzen zautan. Ufatzen zelarik halako musika pollita ateratzen zen eta, gainera, bi aldeetarik ufatzen ahal zen. Orain ez nindaike gai erraiteko ezberdintasunik bazenez bi aldeen artean. Xoko batean edo tireta batean gordea zen, sukaldeko armarioan. Noizbehinka hartarik hartzen nuen jalitzen ahal nituen musika notekin jostatzeko. Haur denboran amatxik edo amak kantatzen zituzten aire batzu nola jalitzera entseatzen nintzen. “Iruten ari nuzu” edo “aitak eman zerautan” uste dut. Harmonika horrek halako ahoak bezala zituen bi aldeetan, xilo batzu, bakotxak bere nota zuela. Holako musika tresna guzietan bezala ez zen xilo batean bakarrik ufakoa sartzen bainan bederen hiruzpalauetan, horrek ziola “harmonia” zerbait sorrarazten. Bainan beti musika horrek bazaukan halako tristezia zerbait. Herriko pestetan, plazan, entzuten nuen akordeoiak etzuen holako sentimendurik pizten, alegrantzia baizik. Nago zeren gatik. Behar bada harmonika bakartasunari lotua baita. Arina baita, norberak noranahira eremaiten ahal du aise. Mendi edo erreka xoko batean jotzen ahal da, haizea, xorien kantuak edo errekaren arramantza lagun. Bere buruari zerbait kondatzeko edo berdin, gehienetan, zerbaitetaz orroitzeko.

Amatxik emana zaukun. Aitatxirena zen. Aitatxi, 1933an zendua zena Hamalueko gerlaren zaurietarik, hamabost urte pairaturik buru hezurrean sartu obus puska batzuen gatik. Geroztik maiz pentsatu nuen aitatxik trintxeretan harrapatu soldado aleman hil baten zaku batetarik hartu zukeela, bere granadaz bete musetan sartu eta berekin atxiki zuela. Gizon fina zen ene aitatxi, ez dut ezagutu, eta gerlatik landa, soldado kolpatu ainitzek bezala, lan publiko bat ardietsi zuen, kantonier gisa Kanbon, “herriko mutil”, orduan erraiten zen bezala. Nekez ari zen lanean, inbalier bezala ekarria baitzen. Ikusi ditut bere paperak: borrokatu behar izan zuen jainkoak daki zenbat komisionetan bere zaurien onararazteko. Ikusi dut %20eko inbaliertasuna onartu ziotela, geroxeago %50era goititu zela, eta hil zorian zelarik 80etaraino goititzea onartu ziotela. Orduan ere administrazionearekin batailatu behar zen. Ikusten dut ere, bide bazterretan, arroila garbitzen, sasi mozten, aiotza edo sega eskutan, edo herriko lan batzuetan, eta noiztenka akidurak geldiarazirik lurrean jarria. Berdin bere harmonika sakelatik aterako zuen eta “la Madelon” edo beste aire zerbait emanen bere lagunen aintzinean.

Ikusten dut ere ene ametsetan, gerlako frente eta “khana” horietan, egun luze etsigarrietan, zilo batzuetan kokatua, sentinela batzu zaindari parreko etsaien ziloetarik zerbait aterako zen igurikatzen edo airean burrunba ikaragarrian urrundik bota obus hiltzaile bat erori artean hurbilagotik “minenwerfer” horietarik batek gure “crapouillot” bati errefera emanen zion artean…Egun eta gau luzeak beha egon behar.  Kartetan ari, usu gertatzen zen bezala, etxekoeri zerbait idazten. Eta batzuetan sakelatik ateratu harmonikarekin nota batzu jalitzen. Lurpean posible zitekeen, harrabotsa tapatua zelakoan. Lubakietan, belauneraino iztilean sartua, ixilik egon beharko zen, etsaiak ez zezan jakin norbait bazela hor, bereziki atake bat erabakia zelarik, baioneta harmaren puntan finkaturik jauzi egiteko ordenaren zain zirelarik. Nolako musika jotzen ote zuen? Dudarik gabe, astia ukan zuen tresnaren ontsaxko baliatzeko. Hain urrun zen bere Irisarri eta Azkarateko herritarrez orroitzeko, heien aire goxoak emanez, “Iruten ari nuzu” edo “aitak eman zerautan”?

Noizbait aitatxiren harmonika galdu zen. Emeki emeki bere ziloxkak funditu ziren. Gainean, bi eskualdeetan ziren ixkirioak higatu ere, zilar metal finaren dirdira itzali. Soinurik ez zitekeen gehiago jalgi. Garbiketa egun batean berdin botatu daiteke. Ez nuen orduan kasu haundirik egin, gainera utziak nintuen ordukotz etxeko bazterrak. Eskoletako lan higagarrien artean ez nukeen hartaz gogoratzeko astirik. Joan dira urteak. Egun hauetan aitatxi Batitaren soldadogoko paperak ikusi berriak ditut. 1910ean, hogoi urte zituela soldado sartu zen bi urte pasarentzat Baionako 49.ean. Urte et’erdi soldado zerbitzua bururatu eta 1914eko agorrilaren bian mobilizatu zuten. Kolpatua izan zen 1918ko martxoaren 30ean, obus puska bat foltsuan eta beste bat matel hezurrean, %10eko handicap bat aitortu zioten bainan “service armé” hortan soldado egon behar izan zen 1919ko agorrilaren 18a arte. Hainbeste urte luze, gaztetasun ito bat sofrikario eta dolamenean artean, hain urrun, bainan harmonika lagun, orain arte bizi.

“Ez nago” Karmele Jaio

Irakurri Karmele Jaioren testua eta galderak erantzun

Mezu elektronikoa bidali eta berehala etorri zait bueltan, “azaroaren 10era arte ez nago” leloarekin. …..1….. ez dago. Honek, behintzat, aitortu du, pentsatu dut. Izan ere, azken aldian jaso ditudan erantzun askotan bidaltzaileak burua beste nonbait duela sentitu dut, nerabeak familiako bazkarietan erakusten duten …..2….. gertu: izeko edo aitonaren galderei erantzuten diete, bai, baina begiradak mahai azpian duten mugikorraren pantailan itsatsita dituzte. Azken aldian, halako erantzun asko jaso ditut, nik bidalitako mezua zeharka irakurri dutela egiaztatzen …..3……

Gure gizartean …..4….. jende gehiago omen dago fisikoki dagoen lekutik urrun, beste lekuren batean, gogoa beste inon: egunero ikusten dugu norbait mugikorrari esker bulegoko lana egiten trenean doan bitartean, edo …..5….. dagoenean Interneten bidez oporretako bidaia prestatzen, edo lagun batekin hitz egin bitartean hatsappak etengabe erantzuten, edo Facebookeko horma behin eta berriz errebisatzen lagunekin pintxo-potean ibili bitartean.

Egon …..6….. lekutik urrun egotea ohiko bihurtu da, antza, baina txarrena da jarrera kutsakorra dela, …..7….. , eta egunkariak irakurri besterik ez dago horretaz konturatzeko: herritarren zerbitzura egotearen ardura politikotik urrun ibili dira urtetan politikari asko, euren buruaren probetxuaren ideiatik oso gertu; eta herritarren …..8….. sustatu eta bermatzeko duten obligaziotik urrun egon direnak ere badaude, azken aldian, oso presente. Bizikidetza sustatu ordez, gizarteko zenbait talde estigmatizatu dituzte, etiketak jarrita, jendea banatuta, beste arraza edo jatorri bateko …..9….. mesfidantza sortarazita. Euren betebeharretik hain urrun, euren betebeharren kontrako erabakiak hartuz.

Berriz begiratu diot bueltan etorri zaidan mezu elektronikoari. “Ez nago” …..10….. didan hartzaileak burua dagoen lekuan bertan izatea sinistu nahi dut. Ea dagoen lekuan egoteko gaitasun hori berarekin ekartzen duen bueltan. Eta ea hori ere kutsakorra bihurtzen den.

Karmele Jaio

Aukeratu hitzik egokiena

«Kultura txikiok badugu kristalezko kupula bat » Kirmen Uribe

Irakurri Berria-tik ateratako testua eta galderak erantzun

Zero distantzia hautatu du bere hirugarren eleberria idazteko Kirmen Uribek (Ondarroa, Bizkaia, 1970). Benetako pertsonaiak, benetako kokapenak eta benetako gertakariak kontatuz osatu du Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa), eta bere pertsonaia nagusiek gurutzatutako Ondarroako kale berak gurutzatzen ditu horregatik berak ere argazkilariarekin egindako saioan. 1936ko gerra galdu ostean, erbestean erresistentzian jarraitu zuten Karmele Urresti eta Txomin Letamendi ondarroatarren familiaren historia du nobelak erdigune, 1927tik hasi eta 2011ra arte. Doku-fikzioa egin duela aipatu du egileak une batez, errealitateari itsatsi-itsatsita idatzi baitu lerro bakoitza. Bat-batean, «Hombre, Kirmen!», eten du argazki saioa 70 urte inguruko gizon batek. «Hara geure protagonista!», bueltatu dio agurra idazleak, eta azalpena eman die gero argazkilariari eta kazetariari. «Txomin Letamendi da, Karmele eta Txominen semea, nobelan agertzen dena». Zero distantzia.

Krisian dago fikzioa?

Ez dut sekula sinesten «nobela hilda dago», «fikzioa hilda dago» eta halako esaldi arrandiatsuetan. Fikzioa bizirik dago, eta nik neuk ere badaukat gogoa fikzioa egiteko, baina nobela bakoitzak bere galderak planteatzen ditu, eta horiek erantzuten saiatu behar duzu. Nobela honekin bi bide nituen, edo fikzioarena, edo benetakotasunarena. Erakartzen ninduen, ez dut esango ezetz, baina benetakotasunetik jo ez banu, benetako izen-abizenekin, uste dut ez nintzela zintzoa izango ez familiarekin, ez neure buruarekin. Benetako izenak daude: Karmele Urresti eta Txomin Letamendi, eta baita ere errepresore izan ziren horienak ere. Eta bazuen nobelak helburu hori ere; esatea nortzuk ibili ziren erresistentzian eta nortzuk izan ziren errepresoreak.

Badirudi bogan dagoela errealitatetik oso gertuko literatura hori.

Mundu mailako literaturan egiten da. Hor dago Emanuel Carrereren Limonov, Siri Hustvedten The Blazing World… Gainera, azken boladan irakurri ditudan beste egile afrikar batzuek, prozesu post-kolonialetatik datozenek, horiek ere asko egiten dute. Eta diktadura bat tartean baldin badago, eta hori Latinoamerikan asko dago, jotzen da kontatzera benetako gertakariekin, benetako datuekin, agiriekin. Eta nik ere pixka bat hortik jo dut. Gustura geratu naiz emaitzarekin, nahiz eta idazleak beti amesten duen halako nobela luze horietako batekin.

Liburuan inpresioa da Orixe Euskaldunak poemarekin euskal izaera harrapatzen saiatu zen bezala, zu ere saiatu zarela, familia honen sei hamarkadako historiaren bidez, euskal historia azaltzen. Ipar amerikarrek maiz aipatzen duten amerikar nobela handia idazteko asmoaren moduko zerbait.

Kontatu nahi nuen hori, eta, gainera, banekien ETAren etena eta gero sortuko zirela kontakizunak hemen eta kanpoan, eta nik nahi nuen euskal familia baten ibilbidea kontatu, gertakizun historikoei lotua, benetakoa, inork ez esateko hau interesatua dela edo nik moldatu egin ditudala pertsonaiak. Ez. Hemen gertatzen dena benetan gertatu zen. Nahi nuen kontatu euskal gatazka ez dela 80 eta 90eko urteetan gertatu zena soilik; askoz lehenagotik dator. Nahi nuen kontatu nola eutsi zioten euskal kulturari urterik zailenetan, eta nahi nuen kontatu, nahiz eta denboraren gezia aurrera doan beti, historiak ez duela beti aurrera egiten. Atzera pausoak ere gertatzen dira, eta hala gertatu zen gure herrian; 30eko hamarkadan pizkunde bat bizi izan genuen, eta hori dena zapuztu egin zen. Azaldu nahi nuen pizkunde hori, zapuzte hori, eta nola eutsi zitzaion.

Eleberri hasieran halaxe diozu: «Familia baten bizitza da hau, herri oso batena ere izan litekeena».

Ez dut sinesten salbatuko gaituen nobela horretan. Amerikar nobela handia, edo euskal nobela handia, ba ez dakit, saia gaitezke egiten, baina euskara ez du horrek salbatuko; salbatuko dute urtero argitaratzen diren liburu horiek denek; ez liburu batek. Amets horiek ahaztu behar ditugu. Salbatuko gaitu jarraipenak, transmisioak, azkenean, 30eko belaunaldi honek egin zuenak.

36ko gerra ostean ihes egin, erbestean espioi aritu, eta azkenean itzuli egiten da familia Ondarroara. Baina oso itzulera etsigarria da: garaituta, pobre, umiliatuta…

Bai. Nobelak hiru olatu bezala ditu. Olatuak gora egiten du, eta badago ilusioa, eta gero dezepzioa dator, ilusioa, gero dezepzioa, ilusioa, eta gero dezepzioa. Lehenengo ilusioa izan zen gerra aurreko pizkundea, gerrak zapuztu zuena. Bigarrena da nola sinesten duten AEBen babesean, eta gero berriro dezepzioa dator, 50eko hamarkadan AEBek Franco babesten dutenean. Eta hirugarren olatu handi bat sortu zen 60ko hamarkadan, eta gero Franco hil ostean dator dezepzioa. Hiru dezepzio horiek kontatzen dira liburuan, nahiz eta bigarren belaunaldia den zentroa: 30, 40 eta 50eko belaunaldia. Eta haiekin batera kontatzen da aurrekoen historia, eta, baita, batez ere, Txomin Letamendi semearena ere.

Kalean agurtu duguna.

Hori bera.

Zure pertsonaiak benetakoak dira. Etengabe gurutzatuko dituzu. Nolakoa izan da sentsazio hori?

Familiak oso ondo hartu du liburua, eta Txominek eskerrak eman zizkidan izenak ez aldatzearren. Hori da lehenengo esan zidana. Siri Hustvedtek esan du duela gutxi, berak beti idazten duela norbaitentzat, eta nire kasua ere hori da. Liburu honetan idazlearen ahotsa badago, baina nolabait idazlearen birtuosismoa ez da azaltzen. Nik uste dut birtuosismoa azaldu behar dela soiltasunean, eta ez nor bere idazkeraren ezaugarriak azaleratzen. Nire helburua zen kontatzea, ahalik eta erarik soil eta garbienean.

Zure ibilbide guztian igartzen da asmo hori.

Lou Reed-i entzun nion Velvet Underground sortu zutenean talde kideei esan ziela nahi zutena jotzeko prest zegoela, baina punteorik ez [barrez]. Liburu honetan ere ez dago punteorik. Kanta zuzenak dira, eta jendearengana doaz. Ni hemen nago eragiteko gizartean. 80ko hamarkadan esaten zen idazleak bere buruarentzat idatzi behar zuela, eta literaturak ez duela balio mundua aldatzeko. Nik ez dut sinesten horretan, nik uste dut baietz, literaturak balio duela mundua aldatzeko, eta zinemak ere bai. Banako batzuk pentsarazten jartzen badituzu, edo azaltzen baduzu liburuan,isilduta egon den belaunaldi baten istorioa, ari zara munduari beste argi bat edo ñabardura bat ematen. Ni eragiteko nago.

2010 eta 2011 urteei eskainitako ataltxoarekin bukatzen duzu nobela. Ilusio olatu batekin bukatu nahi izan duzu liburua?

Nobela oso gogorra da. Latza da. Familia honek bizi izandakoa oso gogorra da. Orduan, bukatu nahi nuen kontatuz Txomin eta Karmelek ere elkar maitatu zutela, izango zutela haiek ere elkarrekin esnatzeko ordu bat. Eta horregatik du bukaera hori. Seme-alabek aitaren gorpua topatzen dute, errausten dute, eta omendu egiten dute, eta horrek halako askatasun bat ematen die senitartekoei. Aita omentzea eta aita agurtzea. Hori behar dute biktima guztiek, ezta? Nobelan ere esaten da hori: hotzak izan gara? Ba bai. Ez gara jarri bestearen sufrimenduan? Ba ez. Baina behin hori egiten duzunean, biktima omentzen duzunean, bada garai berri baten hasiera. Eta nik uste dut gure herria garai berri batean dagoela, edo nahi nuke pentsatu baietz.

Kontatzen dituzu erbestea, torturak, atxiloketak… Baina bizipozari zirrikituak bilatu nahian dabil liburua etengabe. Une goxo horiek berreskuratu nahian bezala.

Bai, bietan jarri nahi nuen fokua, pasarte gogorrak ere badaudelako. Ni kartzelan egon nintzenean egiten genuen poteoa Gabonetan ziega batetik bestera alkoholik gabeko garagardoak edaten. [Barrez]. Hori beti dago, eta eskerrak badagoela. Eta nobelan ere badago umore bat berezia: galtzailearen umorea. Eta umore hori da oso ironikoa. Asko egiten du barre botereaz, baina bere buruaz ere bai. Hori azalarazi nahi nuen.

Liburuko pasarte batean aipatzen duzu euskara desagertzeko beldurrak zeharkatzen duela euskal literaturaren historia alderik alde, Etxeparerekin hasi, eta…

… gaur egun ere bai.

Gaur egun ere bai?

Ez soilik euskal literaturan, euskalgintzan ere bai. Barruan, geneetan daukagu euskara galtzeko beldur hori.Gainera, uste dut ETA ulertzeko ere, euskara galtzeko beldur hori, Euskal Herria galtzeko beldurra ere, berebizikoa da. ETA ulertu nahi baduzu, beldur hori ulertu behar duzu. Hori ere azaldu nahi nuen liburuan, nondik sortzen den ETA, ze egoeratatik, ze beldurretatik, hasierak nolakoak diren… ze hasieran mugimendu kulturala da, ez militarra. Eta hasierako ekintza haiek, oso inozoak dira. Ondarroako elizan ikurrinak askatzea mezan… Eta liburuan gero kontatzen da Manu Sotari berari iraultza zerga eskatzen diotela. Ja ikusten da norantz joko dugun, eta gauzak asko estutuko direla.

Euskara galduko den beldur segitzen du, beraz, literaturak?

Badugu beldur hori. Nik badut beldur hori. Iparraldeko egoera ez da oso ona, eta Nafarroakoa hobetzen doa, baina bueno. Ez dakit beldur horri eutsi behar diogun, edo adi egoteko alarma txiki bat den behar duguna, baina zerbait behar dugu. Lehen esan dut, historiak aurrera egiten du, baina atzera ere bai. Katalanezko literatura onena Valentzian egin zen Erdi Aroan, baina hori dena desagertu egin zen. Adi egotea ongi dago, baina konplexurik gabe. Frankismo garaia aztertu dut, eta konturatzen naiz konplexu eta beldur asko kanpotik ezarritakoak direla. Eta horiek kendu egin behar ditugu. Adi egon behar dugu, ez soilik euskararekin, baita ere eskubide sozialekin ere: emakumeak, LGTB, langileak… Oso adi egon behar dugu munduak atzera egin ez dezan.

Ba badirudi hain justu hori ari dela gertatzen, ez duzu uste?

AEB eta Europa ikusita badirudi hortik doala kontua, bai. Jakin behar dugu erresistentzia egiten eta eusten gure eskubideei. Euskara munduaren ze aldetan bizi da? Ba, borrokaren aldean, argi dago. Ez da bizi erosotasunean eta bertan goxo egin dutenen aldean. Neoliberalismoaren aldean ez dago. Gu gaude beste aldean, ekologisten aldean, antimilitaristen aldean, gay eta lesbianen aldean…

Ramon Saizarbitoriak orain aste batzuk kezka azaldu zuen elkarrizketa batean euskarazko liburuak eta gaztelerazko itzulpenak ia aldi berean ateratzen direlako. Zure kasuan, nobela aldi berean euskaraz, galizieraz, katalanez eta gazteleraz kaleratzea zen asmoa, baina azkenean gaztelerazkoa heldu zen dendetara lehena.

Egun batzuez bai.

Zer uste duzu zuk?

Uste dut Ramonek esan nahi zuela arriskua dagoela menpekotasuna sortu, eta euskarazkoa gaztelaniazkoaren itzalean joateko. Oso ondo dago fokua hor jartzea, baina gero ikusi behar da egile bakoitzak non publikatzen duen, zer publikatzen duen, zer oihartzun duen… Joan behar da datuetara. Nire kasuan ez da halakorik gertatu. Susa argitaletxekoek ere esan ahalko dute, baina euskarazkoa sekula baino hobeto joan da. Sekula baino irakurle gehiago izan ditu, nahiz eta gaztelaniazkoa ere Euskal Herrian aldi berean atera. Ondo atera da. Bestalde, ba barkamena eskatu nahi diet euskal irakurleei, ze egun batzuez aurreratu egin zen gaztelaniazkoa, eta ni pasatzen nintzen liburu dendetatik txamarrako lepoa goraino altxatuta, ez nuelako begiratu ere egin nahi leihora!

Ezeroso sentitu zara orduan?

Bai, bai, asko sufritu nuen. Aste hori izan zen oso txarra. Eskatzen dut barkamena horregatik. Hurrengoa hobeto egingo dugu.

Bernardo Atxaga izan da euskal literaturaren idazlea munduan, baina nazioartean asko mugitzen zara zu ere, eta orain jende askorentzat Atxaga eta zu izango zarete euskal idazleak. Eroso sentitzen zara horrekin?

Ez dut pentsatzen gauza horietan, egia esan. Euskaldunok eta kultura txikiok badugu kristalezko kupula bat, eta oso zaila da kristalezko kupula hori apurtzea; gutxiengo guztiek dute, eta gu ere gutxiengo bat gara gure herrian, eta badugu. Orain arte jauzi egin duen bakarra Atxaga izan da, eta horretan dudarik ez dago. Eta orain ematen du ari garela pixka bat munduratzen. Galdera handia hori da: zenbat euskal idazle ahal dira nazioartean ibili? Nik nahiko nuke ez izatea bat, baizik eta izatea talde bat. Poetak, antzerkigileak, narratzaileak… batzuk egotea, baina ez dakit nahikoa indar dugun. Literaturarena, azkenean, industria bat da, eta ikusi egin behar da. Zineman lortzen dute. Italiarrak adibidez, hainbat zinemagile daude munduan, Irangoak… lortzen dute bat ez izatea. Guk ere egiten baditugu kalitatezko lanak, agian lortuko dugu taldetxo bat egotea hor. Baina hala ere, indarra jarri behar da hemen. Nazioartekotzeak ez gaitu salbatuko. Garrantzitsuena da hemengo sistema literarioak eustea, eta funtzionatzea. Edukitzea argitaletxeak, irakurleak, dendak, prentsa… Hemen egin behar ditugu gauzak ondo.

Eta ongi egiten dira gauzak?

Nik urtero irakurtzen ditut gustuko ditudan liburu batzuk. Gainera, iruditzen zait euskal literatura nahiko ausarta dela formalki, ez da literatura konbentzionalegia, eta beti saiatzen gara gauzak beste era batera egiten. Horrek ekarriko ditu lan onak.

Bilatu hitzen sinonimoak, edo definizioak, eta alboan jarri

Andrea menpeko

Irakurri Markos Zapiainen testua eta erantzun galderak

Hedabideetako zalaparta gorabehera, gaur egun tratu txar gutxiago dago emakumearen aurka. Lehen ez zen ageri. Sumatu ere ez zen egiten. Egiturazkoa zen.

Esaterako, Donostia, 1950. Egunero, etxeko jauna etxera orduko emazteak eltzea prest behar zuen. Senarrak txirrina jo eta badoaz eskaileran behera, gizona aurretik, emaztea eltzea daramala. Gizonaren txokora heldu, gizonak eltzea hartu eta barrura. Emakumea ezin sartu eta buelta etxera.

Zorionez, oinperatze hori gainditzen ari gara. Baina orain andre etorkinengandik xurgatzen dugu menpekotasunaren odol frexkoa.

Dibortzioak bideratzen lanean dabilen abokatu batek datu bitxi baten berri eman dit: berak ezagutu dituen mutil islamdarrak eta neska euskaldunak osatutako bikote guzti-guztiak bereizi dira; aldiz, mutil euskaldunak eta neska mairuak osatutako bakar bat ere ez da bereizi. Seinale islamdar kulturan emakumearen morrontza latzagoa dela.

Markos Zapiain

“Mintzatuko gara” Angel Lertxundi

Irakurri Anjel Lertxundiren testua eta galderak erantzun.

Mintzatuko gara» esan, eta alde egin du. Ni, ez dakit zergatik eta nola, lagunak esandako bi hitzen hausnarrean hasi naiz. Mintzatuko omen gara. Zergatik ez ditugu argitu beharrekoak orain eta hemen argitu, zergatik atzeratu dugu hitz egiteko aukera? Beharbada konplimenduzko hitz soilak ziren lagunarenak; agur, hi! esan balit bezalako balioa zutenak. Seguru asko horixe da, alferrik ari naiz burua nekatzen. Baina lagunak arazo larriren bat izan dezake, adieraztea asko kostatzen zaion buruhausteren bat, eta ausardia bildu zain dago nigana etorri eta laguntza eskatzeko. Denborari denbora, beraz.

Lagunak, ordea, psikologia sendoa du, ez da depresiotara emana. Orduan?

Ez nau neure onenean ikusi, iruditu zaio arazoren bat dudala! Baina, oharturik denbora behar dudala barruko harra askatzeko, beste baterako utzi du mintzatzeko aukera…

Zer ikusi ote dit, zein ote da nire barruko harra?

OHARRAK (Post scriptum) Egongo gara…Mintzatuko gara…Izanga dugu elkarren berri…Eta gurera oraindik iritsi ez den (edo nik ezagutzen ez dudan) gaztelaniazko “nos llamamos” itsusi amorratu hori…