qk
Albisteak
Lehen Gerla Iparraldean
Lehen Gerlari buruzko Iparraldearen Orenaren erreportaia.
Etorkinak Euskal Herriko mugetan
Transkripzioa
Uda honetako irudi lazgarria izan da, hegoaldetik iparraldera nola edo hala pasa nahi duten migratzaileak. Migratzaileen joan etorria geroz eta handiagoa izan da uda honetan iparraldean eta azken hilabetean kontrolak ere areagotu egin dituzte autobus eta tren geltokietan eta Hendaia eta Irun arteko muga.
Geroz eta gehiago dira, lauko taldeak goizean, gauean, karriketan egoten dira eta goizean goiz ibiltzen dira dio Hendaiako auzapezak. Geroz eta gehiago benetako igaro bide bilakatu da.
Ikusten dira, pasatzen direla, hiru zubi edo bi zubi dira orain hemen, oinezkoa bazen ere orain ez da, baina beste bietan ikusten dira gehiago bai, pasatzen direla.
Egunero lau, sei ta berdinak ta Hendaian ere bai, ta…
Azken hilabetean kopurua emendatu egin da. Konstatazioa baino ezin dute egin; eskumena estatuarena delako eta informazio eskasia salatu du Hendaiako auzapezak.
Mugetako kontrolak estatuaren eskumenak dira eta ez digute informaziorik ematen
Frantziako poliziak Irunera itzultzen dituelako sortu den polemikaren inguruan Suprefetak dio Frantziako poliziak legea betetzen duela eta immigrazio klandestinoaren aurkako neurriak direla.
Mugako fluxua handitu egin da eta neurriak hartu ditugu immigrazio klandestinoaren aurka borrokatzeko, baliabideak mobilizatu ditugu dio immigrazio klandestinoaren aurka, Europako eta Espainiako hitzarmenen baitan. Horren harira borroka hori atxiloketak egin eta ilegalak diren pertsonak bidaltzean datza gaineratu du. Ukatu egin du beroan egindako itzulerak legez kanpokoak direnik eta mobilizatzen jarraituko dutela ondorioztatu du Baionako Suprefetak.
Eta kontrolak geroz eta handiagoak dira. Tren geltokiak, autobusak, zubiak eta pertsona partikularrak ere kontrolatzen dituzte.
Hendaian dago departamenduko Erretentzio Zentro bakarra apirilean berriro ireki dutena. Baimenik gabeko etorkinak zentroetan atxikitzeko denbora 45 egunetik 90era luzatu dute agorrilaren 1ean onartu den immigrazio lege berriarekin.
Bikoiztua izanen da lege berri honekin; 90 egun arte egoiten ahalko dira presondegia den erretentzio zentro hortan.
Eta bestalde estatuak lehen baino azkarrago kanporatu ahal izango ditu babesik onartu ez dieten errefuxiatuak.
Emigrante baten babes eskaera ezeztatu delarik onartzen badu hilabete bat dei egiteko, errekurtso baten egiteko. Lege berriarekin errekurtsoaren egiteko epea izanen da 15 egun. Hizkuntzaren arazoa bada, bada ere hemengo legediak eta hemengo neurri administratiboak ezagutzeko zailtasunak, beraz 15 egunetan horrek erakusten du biziki zaila izanen dela, kopurua ttipitzeko medio bat dela.
Espainia hegoaldetik iristen diren etorkin gehienen helburua Irundik ipar euskal herrira pasatzea da. Hendaiara iritsi eta nola edo hala Baionara. Bertako tren eta autobus geltokietan orduak igarotzen dituzte poliziarik ez dagoela ziurtatu eta autobus edo trena hartu ahal izateko Frantziako iparraldera joateko. Frantziako polizia baina etorkinak harrapatu ostean Irunera bueltatzen ditu berriro SOS Arrazakeriakek salatu duenez.
Kamerundik datorren lagun hau birritan iritsi da Hendaiara eta bietan poliziak atxiki eta Irunera itzuli du
Ez dut paperik soilik Gurutz Gorrikoak, autoan sartu ninduten Hendaian eta Irunera, bakarrik nengoen eta bakarrik ekarri ninduten.
Beroan buruturiko kanporaketa hauek 2002-an Paris eta Madrilgo gobernuek sinaturiko Malagako akordioaren baitan egiten dira. Migratzaileak laguntzen aritzen diren elkarteek diote ilegalak direla kanporatze horiek, Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen dutelako.
Espainian gera naiteke baina ezin dut lanik egin, horregatik nire familia Europan dago eta Frantziara etortzeko esaten didate, paperak egiten saiatzen ari dira lana egin dezadan, horregatik nahi dut joan.
Behin eta berriro saiatzen dira, lortu arte ez dira kikiltzen, bitartean bolondresen lanari esker jana, lo egiteko tokia, eta informazioa eskaintzen diete. Irunen “La Casitan” esaterako eta baita Iparraldean antolatzen ari diren bolondresei esker.
Euskaltzaindiaren mendeurrena
Euskaltzaindiak ehun urte betetzen ditu, euskara batuak 50. Batuaren sortzea Arantzazun kokatzen dute ainitzek 1968-an, bainan urte batzuk lehenago zenbait bilkura egin zituzten Baionan berean, bertzeak bertze Txillardegiaren inguruan.
63an, 64an Cordelier karrikan, Baionan, bildu zen lantalde bat, horien artean Iparraldeko batzuk baziren, Jean Luis Davant eta Jose Idiart.
Mendeurrena ospatzeko 8 ekitaldi antolatu dituzte eta lehenean Baionako herriko etxean hori gogoratu zuten Lapurdiko hiriburuan hasi zela dena, batua iraultza izan zen batzuentzat: “ixa” hizkiaren sartzea Iparraldean “ch”-aren partez, edo “h” hedatzea Hegoaldean, bainan 50 urtez helburua lortu dutelakoan daude.
Nik uste dut lehen batzuetan zaila egiten zitzaigula elkarrekin hitz egitea, askotan euskalkian hitz egiteagatik gaztelaniara ala frantsesera jotzen zela eta orain behintzat badaukagu euskara batu bat guztiok elkar ulertzeko modukoa.
Orain erronken artean: Euskaltzaindiak tresna berriak egin behar dituela eta tresna horiek jarri behar dituela teknologia berrien bidez…
Ipar Euskal Herriko 300.000 herritarren artean % 22k inguru daki euskara. Ez du inolako lege babesik bainan Elkargoak, lehen erakundeak, elebitasuna bultzatu nahi du; hitzarmena izenpetu dute Euskaltzaindiarekin batua euskara sustatzeko aholku emaile izendatu dute.
Esperantza pixka bat ematen digute, eta nik uste dut garrantzia dela orain gauzak aldatzen hasiko ote diren espero dugu.
Izugarria, zeren lehendabizikoz lortzen dugun historian Aholku Emaile ofiziala izatea agintaritza publikoetatik Euskal Herria osoa kontuan hartuta.
Elkargoak 20.000 euroren laguntza emanen dio Euskaltzaindiari.
Eusko eguna
Eusko eguna Baionan igande hontan Ipar Euskalherriko tokiko euskal monetak bost urte bete ditu eta osasun ona du, izan ere, Frantziako tokiko lehen moneta bilakatu da denbora laburrean, hirugarrena Europa mailan. Eusko batek euro baten balioa du, bainan tokiko moneta hurbileko saltegietan baizik ezin da erabili, ez kate edo supermekatu handietan. Tokiko ekonomia bultzatzea du helburu, euskara eta ekologia ere bai. 3 mila lagunek erabiltzen dute egunero, 750.000 eusko denerantz, 700 enpresatan. Erabiltzaileen kopurua bikoiztea lehenbailehen, hauxe da euskoaren bultzatzaileen erronketako bat; horren berri emateko atzo mota guztietako ekitaldiak egin zituzten Baionan.
Baionak eta Franziako estatuak tirabira dute euskoa dela eta. Erabiltzaile pribatuek erabiltzen zuten orain arte enpresa eta dendetan eta herriko etxe batzuek jasotzeko aukera ematen zuten: igerilekuetan eta mediatekan esaterako. Baina Baionak pauso bat gehiago eman eta langileei orkainketak egiteko erabili nahi du edo elkarteei subenzioak egiteko. Estatuak baina auzitara eraman du gaia. Egitura publikoek erabili dezaketen ala ez mahai gainean da beraz.
Baionak iaz erabaki zuen euskoak erabili nahi zituela langileei parte bat ordaintzeko edo elkarteei dirulaguntzak emateko besteak beste. Baina prefetak auzitara eraman zuen gaia legeak horrelakorik baiementzen ez duela argudiatuz. Orain Baionako auzapezak dokumentu bat izenpetu du gobernuari hitzordu eskaera bat eginez.
– “Ekonomia ministroari hitzordu bat eskatu diot eta Iparraldeko hainbat hautetsi, senatari eta Akitania Berriko kontselaiarik ere izenpetu dute dokumentua”.
– “Ez da soilik Euskal Herriko auzia, Frantzian 40 tokiko moneta daude” esan du auzapezak.
Zerbitzu publikoetan euskoak jasotzea bai baina ordainketak egitea ez dela legezkoa dio Estatuak. Alta ekonomia sozial eta solidarioaren 2014ko legeak ahalbidetzen duela dio Baionako herriko etxeak. Auzi honen ebazpenak jurizprudentzia ezar lezake lekuko monetan dituzten Frantziako toki guztietan.
Hemen jokoan dena ez da bakarrik Baiona, euskoa edo Euskal Herriko gauza bat, azkenean jokoan dena Frantzia guztian aplikatuko da.
– “Argitasuna behar dugu, ezin gaitezke bi uretan ibili, hau da kobratu bai, baina ordaindu ez”.
Hendaiak ere esan du Baionako bideari jarraituko diola, zirkuito laburra eta euskara sustatzen delako. Auzapezen biltzarreko presidentearen aburuz euskoa zabaldu behar da hurbileko ekonomia bultzatzeko eta beraz ordainketak ere egin ahal izatea zerbitzu publikoetan garrantzitsua da.
Espaina senatariak esan du inkoherentzia bikoitza dagoela prefetaren auzian, legeak esaten du ekonomia sozial eta solidarioa bultzatu behar dela, baina paradoxikoki erabilpena blokeatzen du, ez da ulertzen adierazi du.
Auzia pil-pilean da, egun 780.000 euro daude zirkulazioan, 3000 erabiltzaile ditu, 700 elkarte eta enpresek baliatzen dute eta 5 herriko etxek. Aste honetan seigarrena iritsi da.
Aiherrak aste hontan bozkatu du eta seigarren herria da euskoarekin aritzen dena eta hitzarmen bat izenpetuko duena euskoarekin.
Erabilpenari dagokionez lehen tokiko moneta da Frantzian, eta bigarrena Europan. Baionak izenpetutako hitzarmena zalantzan da, prefetak auzitegia administratibora eraman zuen eta prozedura gelditua da. Baina prefetak esan du hitzarmena ere atakatuko duela. Horregatik prefetari hitzordua eskatu diote gaizki-ulertutik irteteko.
– “Berriz erran zuen auzitegirat joanen zela hitzarmenaren kontra, prefetari hitzordu bat galdeginen diogu preseski horren inguruan mintzazeko zeren uste dugu gauzak argituz eta esplikatuz ere konpontzen ahal direla.
-” Gure ustez hitzarmen hori ez dago zuzenbidezko estatutik at”.
Auziak luze joko duela aurre ikusten da.
Mugikorrak eskolan
Eskoletan gero eta gehiago errepikatzen den irudia da, gaztetxoak batez ere atsedenaldi garaian telefono mugikorrari itsasita egon ohi dira. Egun nerabe gehienek dute internetdun mugikorra eta bederatzi urterekin jada hainbatek lehena eskuratzen dute. Hori guztia dela eta gela barruan ta atsedenaldian telefono mugikorrak debekatu nahi ditu Frantziak datorren ikasurtetik aurrera osasun publikoko arazoa argudiatuta. Dagoeneko eskola kodeak mugikorra erabiltzea debekatzen du eskola orduetan baina ikastetxe bakoitzak telefonoen erabilera nola mugatu erabaki dezake. Frantziako gobernuaren asmoak zalantzak sortu ditu batez ere araua aplikatzeko orduan.
– Mugikorrak kentzeko ez dakit nola eginen den, hori konplikatua da inposatzeko.
– Badira ikasleak mugikorrak behar dute goizero eman mugikorra arduradunari
– Ama honek dio mugikorrari esker haurren bila nora joan behar duen jakin dezakeela.
Gailu mugikorrek eta pantaillek oro har gero eta presentzia handiagoa dute Euskal Herriko eskoletan eta horregatik Urrunako ikastetxe honetan duela hilabete batzuk 10 egun pantailik gabeko izeneko proiektua burutu zuten. 10 egunez mugikorrak, tabletak edota ordenagailuak ez erabiltzen saiatu ziren.
– Gai hori aipatzeko garaia dela, sentitzen da, famili guztietan badira arazoak pantailekin, pantailak neurtzeko.
Blanquer Hezkuntza ministroak hilabeteak ditu oraindik eskoletan telefono mugikorrak nola debekatu daitezkeen azaltzeko.
Handia
Handia, 2017 urtean Jon Garañok eta Aitor Arregik idatzi eta zuzendutako euskal filma da.
Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu zen eta hori lortzen duen hirugarren euskarazko filma izan zen. Euskal Zinemaren Irizar saria eta “Epaimahaiaren Sari Berezia” irabazi zituen 2017ko Zinemaldian. Goya Sarietarako 13 izendapen lortu ditu, besteak beste, film onena, zuzendari onena eta aktore berri onena.
Wikipediatik hartua