Maitea zurekin

Ihes leku onena

zu zaitut maitea

Mendi, zeru, itsaso,

hiri eta etxe,

Begiak ortze tutzu,

besoak hegalpe,

Gorputz osoa berriz,

lurreko baratze.

 

Zubia bota dizut,

eskaintza et’eske

Ta hortik bazatozkit

ixilka bisitaz

Ene hutsaren bete

opari egina.

 

Herio dug’ukatzen,

oraina baztertzen

Eternitateari

gako bat ebasten

Eta zorion laburra

elez emendatzen.

 

Jean Louis Davant

Errepikak

Ahantzi nahi ditut etsipen kantuak

Herri zapaldu honen intziri-nigarrak:

Taigabe daramagun burruka gogorrak

Dakarzki berarekin hazi emankorrak…

Nik ez dut bizi nahi besoak mozturik

Bi zangoak herrestan bizkarra hautsirik:

Izar bati begira lagunak eginik

Esperantza kantatzen ez naiz asperturik!

Nola oihan mendiak berdin itsasoak

Musika xoragarriz diraden beteak

Lurtatze berri baten indarki bultzadak

Daldaratuko ditu zeruko izarrak!

Mespretxu zapalkuntza kalapita auzi

Herri ukatu baten morroi marka guzi

Dator Askatasuna hodeiak doatzi

Ager gaiten dantzara bihar edo etzi!

Manex Erdozaintzi-Etxart

Banaki

Banaki

air’epelaren gozotasuna iresten

Banaki

xoriaren kantu eztiak entzuten

Banaki

naturaren isiltasuna ulertzen

Banaki…

 

Banaki

zuhaitzaren itzalean lo egiten

Banaki

hostoen lan izkutuaz orroitzen

Banaki

egun berriaren argian begiratzen

Banaki…

 

Banaki

iturriko freskotasuna jastatzen

Banaki

mendiko gailurraraino igaiten

Banaki

zeruaren zabaltasuna jasaiten

Banaki…

 

Banaki

belar lodiaren besoetan etzaten

banaki

lore uzkurraren gorputza buluzten

Banaki

pentze hontan amodioa egiten

Banaki…

 

Txomin Heguy

Olerkia ongi entzun ondoren irakurri eta grabatu zure bertsioa

Bizi naiz munduan

Bizi naiz munduan, aspaldi handian.

Beti trixtezian, penak bihotzian:

Amodiotan nintzan izar batekilan

Hura ezin ikus plazer dudanian,

Ez baitut etxian ez eta herrian.

 

Aira banindadi ainara bezala,

Ardura joan naite maitearen gana:

Nere pena-xangrinen hari erraitera

Bai eta doloren hari salatzera,

Haren ait’amekin solas egitera.

 

Izan niz Barkoxen kusiaren etxen,

Ahuñaki jaten segur ona baitzen:

Kostaletak errerik, biriak egosirik,

Ogia muflerik, arnoa gozorik;

Han etzen eskasik, maitea, zu baizik…!

 

Herrikoia