Miñan 3.22

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
Gau osoa igaro genuen itsasoan, noraezean. Jendea negarrez hasi zen, batez ere emakumeak, baina ez emakumeak bakarrik, kapitaina ere bai. Senegaldarra zen. Nik ez dakit nork izendatu zuen espedizio-buru. Itsasoa ezagutzen zuela esan zuen, baina kapitain batek bihotzean indar gehiago behar du, ausartena dela erakutsi, eta hark haur batek bezala egiten zuen negar. Hola zaila da Europara iristea.

Ni nire izpirituaren hegalak lotzen saiatu nintzen, ez gehiago pentsatzen, baina ez zen erraza. Amaren aurpegia ikusten nuen begien aurrean. Eta pentsatzen nuen, “Alhassane holako gau batez abiatuko zen”.

Itsasoa oso zabala da, gaua bezala. Baina gauak, pixka bat itxaroten baduzu, ertz batean uzten zaitu, eta orduan eguna da, argia sortzen da. Itsasoaren luzera berriro bistaratzen da, eta pentsatzen duzu, impossible.

+II. zatia
Halako batean zodiaka haizea galtzen hasi zen. Kapitainak jende guztia alde batera mugiarazi zuen, eta zodiaka ia uzkaili zen. Denek egin zuten oihu, eta gero negar. Nik ere bai. Beldurra hezurretaraino sartua nuen. Han, azkenekoz, lau aldeetara begiratu eta denetan gauza bera ikusi nuen: impossible.

Batzuek trapuzko guba bat zeramaten soinean, beste batzuek bizikleten kautxua bizkarra inguratuz, une chambre à air. Nik ez neraman ezer, eta hori karga bat gehiago zen nire kontzientzian. Nik haiek baino esperantza gutxiago neukala kalkulatu nuen.

Hamaikak zero zero. Dena berdin.

Hamabiak zero zero, eta heriotzaren zain gelditu nintzen. Batez ere atzamarrez zodiaka zanpatu eta ohartu nintzenean ez zuela haize gehiagorik, hertzen ari zela erabat.

Hamahiruak zero zero, eta dena berdin. Heriotzaren zain segitzen nuen.

Lexikoa

Gramatika

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak

Miñan 3.21

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
Goiz batean, “Ibrahima, gaur programa bat prestatuko dut”, esan zidan Bahryk, “jainkoari otoitz egin diot segurua izan dadin, nahiko nuke zu ere ontziratzea”. “Oke, ez dago arazorik”, erantzun nion. Bi mila euroan egin genuen tratua. Hori izan zen nire bidaiaren prezioa. Bi mila euro, eta hiru hilabetean haren etxean egin nuen lan guztia.

Gauean ur ertzeraino eraman ninduen. Zodiakak haizez puzteko bederatzi zulo zituen, eta ito beharrean ari ziren denak, eskuzko ponpekin, hanka azpikoekin, puztu puztu puztu puztu. Ponpa haien musika oraindik nire belarrian dago: ful-ful-ful-ful-ful. Han dena azken momentuan egiten da. Zodiaka puztu, motorra lotu, iparrorratz bat eman, eta uretara bultza. Bazoaz. Ez, zaude. Oraindik ez. Gauza bat ahaztu zait.

Marokoko Poliziak proiektore handi batzuk ditu, eta mendi gainetik dena kontrolatzen du. Gu ere ikusi gintuen, nola gindoazen abiatzera, eta oihuka hasi ziren. Orduan arabiarrek arnasarik hartu gabe segitu zuten ponpatzen, ful-ful-ful-ful-ful. Arabiarrak horretan abilak dira.

Badaezpada zodiaka asko puztu behar da. Batzuetan bidean haizea galtzen hasten delako. Eta normalean behar baino pertsona gehiago daramatzalako. Ful-ful-ful-ful-ful. Gu berrogeita hamahiru pertsona ginen. Haurrak, emakumeak eta gizonak.

…motorra lotu, iparrorratz bat eman, eta uretara bultza. Bazoaz. Orain bai. Zoriaren atzaparretan zaude.

+II. zatia
  Begiratzen duzu lau aldeetara eta dena da gauza bera: itsasoa. Eta zu ez zara inoiz haren gainean eseri. Orduan motorra itzaltzen da, kapitainak martxa aldatu diolako, edo batek daki zergatik, baina motorra itzali zen.

      Zintzilik zegoen haritik tiraka hasi ziren, tira tira tira tira. Etsi arte tiratu zuten. Azkenean motorra berriz arrankatu zen, eta aurrera egin genuen, lur ertzetik urrun. Han, berriz begiratzen duzu lau aldeetara eta dena da gauza bera: itsasoa, eta zuk ez dakizu igerian. Orduan iparrorratza izorratzen da.

      Abiatu aurretik arabiarrak esplikatu zigun, “orratza zero eta hamabosten artean baldin badago bide onean zoazte, baina orratza hamabostetik hogeita hamarrera pasatzen bada ez da norabide ona”. Eta nik ez dakit zer gertatu zen, baina norbaitek esan zuen, “iparrorratza kalatu da”, eta orduan zenbakirik gabe segitu genuen aurrera, nora gindoazen ez genekiela.

      Itsasoaren erdian desagertu ginen.

      Han, begiratzen duzu berriro lau aldeetara eta dena da gauza bera: itsasoa, eta ur azpitik haragi puska handi batzuk ateratzen hasten dira, ohhhhhh. Lehenik igo eta gero jaitsi, ohhhhhh. Norbaitek esan zuen, “des dauphins”. Baina nik ez nuen hitz hori sekula entzun, eta ikaratu egin nintzen, uste nuen gainera zetozkidala.

      Ohhhhhhh…

      Nire izpiritua hegaldaka airatu zen. “Alhassane holako gau batez abiatuko zen”, pentsatu nuen. Eta nire familia osoarekin oroitu nintzen. Lehenik aita, gero ama, azkenik etxeko bi txikienak, Binta eta Rouguiatou.

      Itsasoaren gainean esertzen zarenean bidegurutze baten erdian zaude. Edo bizitza, edo heriotza. Han ez dago beste aterabiderik.

Lexikoa

Gramatika


Nor-Nork Iranganaldian

-KA atzizkia

Testuan, NOLA galderari erantzuten dioten hitzak ageri dira. Adibidez: hegaldaka – oihuka – iraka

Hitz horiek -KA  atzizkiarekin osatuta daude


Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak

Miñan 3.18

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
Basoan bizi zarenean, Tangerren, edo Nadorren, berdin dio non, bada beti beste baso bat, ikusten ez dena, bakoitzak bere baitan daramana. Jendea isilik dago, inork ez du ezer kontatzen, baina begiratzen diozu begietara, eta sumatzen duzu baduela zerbait, ihes egin ezin diona. Polizia erraza baita driblatzen, baina beste hori ez.

Beste hori esaten dudanean esan nahi dut bakoitzaren historia.

Nik ez bainuen abenturara abiatzeko intentziorik. Ni kamioiak gidatzen ikasten ari nintzen, eta pentsatzen dut pixka bat segitu banu laster lanean hasiko nintzela. Ofizio horrekin nire familia mantentzeko modua izango nuen Gineatik atera gabe. Hori zen nire helburua. Baina anaia txikiak alde egin zuen eta nire destinoa aldatu zen.

+II. zatia
      Aljertik, amari deitu nion. Ostirala zen. Esplikatu nion ez zuela Alhassane berriz ikusiko, eta garrasika hasi zen, negarrez. Momentu hartan negar asko egin zuen amak. Gerokorik ez dakit. Telefonoaren kreditua agortu zen, eta ezin izan genuen elkarrizketa bukatu. Deia moztu zenean nik ere egin nuen negar, maite nuelako haur hura.

      Horregatik, beste hori esaten dudanean esan nahi dut bakoitzaren historia. Norberaren ametsak eta erruak. Baina alferrik da, basoan zaudenean, atzea urrunegi dago, eta aurrea ez dakizu existitzen den. Basamortuaren eta itsasoaren artean harrapatuta zaude, erdi-erdian, animalia bat bezala. Eta hori da, Tangerren edo Nadorren, gutako bakoitzak isil-isilik daramana, bere hesteetan. 

Hemen ere, beste horrek egunero atakatzen nau ni, eta beldur naiz. Beldur, nire arreba txikiak ere galduko ote ditudan. Rouguiatou eta Binta. Etxetik joan baino lehen bazen gure artean hitzez esplikatzen erraza ez den mugimendu bat. Esaten nien guztia entzuten zuten, eta beti ados zeuden nirekin. Baina etxetik abiatu nintzenetik denbora asko joan da, eta denborak dena aldatzen du.

Horregatik, ahal dudanean, nire amari deitzen diot, eta galdetzen, “ama, arreba txikiak ongi daude?”. Orduan amak arreba txikiei ematen die telefonoa, eta galdetzen didate, “Ibrahima, oroitzen zara gurekin?”.

Lexikoa

Gramatika

Denborazko perpausak Aldiberekotasuna, -(E)NEAN. 

Narrazio-testu baten aurrean gaudenez, ohikoak dira NOIZ? galderari erantzuten dioten perpausak, DENBORAZKOAK, alegia. Hauetan -ENEAN menderagailua da gehien erabiltzen dena, erdarazko CUANDO edo QUAND-en baliokidea dela jakitean ongi ulertu daitekeena, hori baita inguruko hizkuntzetan ere erabiliena, aldi berean gertatzen diren bi ekintzaren berri eman nahi dugunean. 

ARIKETA: Bila itzazu kapituluan NOIZ galderari erantzuten dioten perpausak, eta emaiezu segida zuk nahi duzun bezala, adibidean bezala: 

  • BASOAN BIZI ZARENEAN egunero bilatu behar da janaria. 
  • BESTE HORI IKUSTEN DUDANEAN,…..
  • AHAL DUDANEAN,….
  • DEIA MOZTU ZENEAN,….. 
  • BESTE HORI ESATEN DUDANEAN,….. 
  • BASOAN ZAUDENEAN,……

Iraganeko baldintza hipotetikoa ONDORIOA. 

Iraganeko baldintza erabiltzen dugunean, ondorioaren adizkiak –KE morfema eransten ahal dugu, baina nahi izatekotan bakarrik. Ez da beharrezkoa. Ondorioa indikatiberako adizki iraganekoak izan daitezke, beste aldaketarik batere behar ez dutela. Ikus ezazu honako adibidea. 

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak

Miñan 3.10

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
“Zuk Zuk maitasun pixka bat behar duzu, Ibrahima”, esan zidan lagun batek, “pertsona bat aurkitu eta eskutik heldu, horrek lotuko zaitu bizitzara”. “Badakit”, erantzun nion, “nik ere nahiko nuke hori, eta egun batean familia bat eraiki, nire ilusio handiena da. Baina orain ezin dut, kezka gehiegi daukat gorputzean”.

      Eta hala da, hemengo jendeak ez du sinisten, baina nik ez dut nire herritik abiatu nintzenetik maitasun harremanik izan. Ez dut bilatu. Eta ez naute bilatu. Tout simplement. Basoan nengoenean, batzuetan, emakume bat hurbiltzen zitzaidan eta galdetzen zidan, “Ibrahima, joango zara guretzat ur bila?”. Nik, “noski”, erantzuten nion, eta joaten nintzen. Ahal nuen guztian hari laguntzen saiatzen nintzen, baina zerbait ezin nuenean, “ez, hori ez da posible”, esaten nuen.

+II. zatia
Zuk buruan asmo bat duzunean zure bihotzak hori landuko du, eta horren bila abiatuko da, baina ez baduzu pentsatzen bihotza mutu egongo da, eta gogoa ez da abiatuko. Beraz, egia da, nik ez dut bidean holako esperientziarik izan, baina horrek ez nau kezkatzen, rien du tout. Ni kezkatzen nauen bakarra nire bizitza da. Noiz eta non ikusiko dut ama? Eta zer pentsatuko ote du hark ni ikustean?

Buruan dudan bakarra hori da.

Lexikoa

Gramatika

Ezezko erranaldiak

Ezezko erranaldiak osatzeko “EZ” aditzaren aintzinean ezartzen da + aditz nag eta aditz lag trukatzen dira

Lan egiten dut → Ez dut lan egiten

Txokolatea maite dut → Ez dut maite txokolatea

Testuko adibideak :

“jendeak ez du sinisten”, “ez dut nire herritik abiatu nintzenetik maitasun harremanik izan”, “hori ez da posible”, “ez baduzu pentsatzen bihotza mutu egongo da”, “ez da abiatuko”, “ez nau kezkatzen”

GEROA

aditz nagusia-KO + aditz languntzailea IZAN edo UKAN orainean (landuko du)

Salbuespena :

aditz nagusiak -n bukaera badu : aditz nagusia-GO / -EN (egongo da / egonen da)

Testuko adibideak :

lotu : lotuko zaitu

landu : landuko du

abiatu : abiatuko da / ez da abiatuko

pentsatu : pentsatuko du

ikusi : ikusiko dut

joan : joango zara

egon : egongo da

ALEGIAZKOA

NAHI UKAN edo BEHAR UKAN aditzekin erabiltzen da algiazkoa.

Adibidez : egarri naiz ! ura edan nahi nuke! , arabiera ikasi behar zenukete…

 

Nik    NAHI/BEHAR    nuke / nituzke

Zuk    NAHI/BEHAR    zenuke / zenituzke

Hark    NAHI/BEHAR    luke / lituzke

Guk    NAHI/BEHAR    genuke / genituzke

Zuek    NAHI/BEHAR    zenukete / zenituzkete

Haiek    NAHI/BEHAR    lukete / lituzkete

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak

Miñan 3.8

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
Pixka

      Libiara joan baino lehen jende asko ezagutu nuen Ghardaian, baina Libiatik itzultzean askok ez ninduen ezagutu. “Ibrahima erotu da”, hasi ziren esaten. Nik ez nuen ezer esaten baina dena entzuten nuen. “Ibrahima eroa da orain”, hori zioen jendeak.

      Lehenago etorri handia nuen, eta umorea. Baina Libiatik mutu itzuli nintzen. Hortzetako mina nuen. Eta burukoa. Buruko mina nuen gorputz guztian. Konkretuki, bi buruko min. Bat, Alhassane, eta bi, ama. “Nola esplikatuko diot naufrage hitza gure amari? Nola kontatuko diot Alhassaneren berria?”. Erantzun-hitzak asmatzen hasten nintzenean pentsatzen nuen, “orain bizitza ez zait interesatzen”.

      Eta ez nuen ezer esaten. Ez nuen ezer egiten. Etzanik egoten nintzen, edo eserita, eta entzuten nuen, “Ibrahima erotu da”.

+II. zatia
Egun batean, lagun batek ikusi ninduen, eta esan zidan, “Ibrahima, gaur zerbait jakin dut”. Nik, “zer?” galdetu nion. “Jendea hizketan sumatu dut trankilo-an eta esaten du zu erotu egin zarela”. “Bai”, lasaitu nuen, “hori egia da, ez zara enteratu, ala?”. Ezetz erantzun zidan. “Ba hala da”, azaldu nion, “esan dizuten bezala, ni orain ero bihurtu naiz, eta? Ça te pose un problème?”. “Ez”, isildu zen. Orduan, nik jarraitu nuen, “badaukazu zigarro bat?”. “Bai”. “Ba eman, otoi”.
Zigarroa piztu eta isilik gelditu nintzen. Un fou c’est comme ça, ez duzu ezertarako indarrik, ez zaizu jendea interesatzen. Nahiago duzu bakarrik egon.

Hemen ere sarri egoten naiz bakarrik, pentsatuz, “nola bizi ninteke nire bizitzarekin?”. Baina kontzentratu, eta ingurura begira hasten naiz, ezkerrera, eskuinera. Askotan esaten zuen aitak: “Quel que soit x, zu beti erdian egongo zara, norbait egongo da zure aurrean, eta norbait egongo da zure atzean. Bizitza hola da, eta ezin duzu inoiz esan: nik inork baino gehiago sufritzen dut”.

Lexikoa

Gramatika

Leku deklinabideak

NON : “Ghardaian gauza bat ahaztu zait”, “erdian egongo zara”

NON (lekua) izen berezia singularra plurala
-bokala Libian etxean etxeetan
-kontsonantea Gasteizen komunean komunetan

NONGO : “hortzetako mina nuen”, ” bi buruko min”

NONGO (jatorria) izen berezia singularra plurala
-bokala Libiako etxeko etxeetako
-kontsonantea Gasteizko / Irungo / Pariseko komuneko komunetako

NONDIK : “Libiatik mutu itzuli nintzen”

NONDIK (abiapuntua) izen berezia singularra plurala
-bokala Libiatik etxetik etxeetatik
-kontsonantea Gasteizetik komunetik komunetatik

NORA : “ingurura begira hasten naiz, eskuinera, ezkerrera”, “Libiara joan baino lehen”

NORA (helmuga) izen berezia singularra plurala
-bokala Libiara etxera Estatu-Batuetara, etxeetara
-kontsonantea Gasteizera komunera komunetara

UKAN eta IZAN aditz laguntzaileak iraganean

 

Aditz nagusia + IZAN edo UKAN iraganean

Testuko adibideak : gelditu nintzen / entzuten nuen

Nor-nori orainaldian

Niri zait / zaizkit

Zuri zaizu / zaizkizu

Hari zaio / zaizkio

Guri zaigu / zaizkigu

Zuei zaizue / zaizkizue

Haiei zaie / zaizkie

 

NORI Izen berezia Izen arrunta : sing Izen arrunta : plu
-bokala Maritxuri emakumeari emakumeei
-kontsonantea Gexani gizonari gizonei

interesatu, gustatu, zulatu, erori, bukatu, falta, gelditu, etorri, joan… aditzekin erabiltzen da.

 

Testuko adibideak : “ez zaizu interesatzen” / “ez zait interesatzen”

Adibideak : Niri txokoleta gustazen zait.

Zuri begilagunak erori zaizkizu.

Gexani bi orrialde falta zaizkio liburua bukatzeko.

Lagunak bisitan etorri zaizkigu.

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak

Miñan 3.2

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
Gu Gu bi mutiko ginen etxean, ez hiru. Bi. Orain bakarra naiz. Bi arreba txiki ditut, eta ama. Baina amari ezin diot laguntzarik eskatu. Gizon batek egin dezakeena emakumeak ezin du egin. Niri hola irakatsi zidaten. Eta egia aitortu behar dizut, Afrikan ez da gauza bera anaia edo arreba galtzea. Ez dut esaten tristura, esaten dut arrangura. Arrangura diodanean esan nahi dut ardura, familia zure bizkarrean hartu beharraren ardura. Hori nik ongi dakit, Alhassane itsasoan ito den momentutik ni bakarrik gelditu naizelako borrokarako. Orain kondenatuta nago, beste asko bezala.

      Baina nire borroka lekua ez zen hau. Ez zen hau nire destinoa. Ez Libia, ez Europa. Nik kamioiak gidatuz bizi nahi nuen, Konakrytik N zerekorera eta Nzerekoretik Konakryra, eta lan horrekin nire familiari lagundu. Baina Alhassanek etxetik ihes egin zuen eta haren bila abiatu behar izan nuen.

+II. zatia
Aurkitu izan banu, eseriko nintzen alboan eta hitz egingo nion. Luze. Sortu ginenetik eta gaur arte, berriro esplikatu gauzak, eta etorkizuna elkarrekin planifikatu. Hark nire hitzak jaso arte. Ni naizelako gu bion artean zaharrena.
Baina ez nuen joko, aitak nahiko zukeen bezala. Edo amak. Nik ez dut egun bakar batean ere anaia txiki hori jo. Aitak ni askotan. Baina nik ez nekien aitak bezala egiten, eta ama nirekin haserretzen zen. “Orain zure eskua aitaren eskua da”, esaten zidan, “zerbait ez badu ongi egiten jo egin behar duzu, ikas dezan”. “Bai, ama”, makurtzen nintzen haren aurrean, baina gero, ez nuen egiten. Bat, nire aitak gerriko luzea zuen, eta nik ez. Bi, nik ez nuen inor jotzeko indarrik. Eta hiru, ni ez naiz aita. Beraz, esertzen nintzen Alhassaneren ondoan, eta hitz egiten nion, orain zuri hitz egiten ari naizen bezala.
Eta aurkitu izan banu ere, hitz egingo nion, beste behin. Hitz egin, bi begiekin. Hola hitzak ez dira erortzen.

Lexikoa

Erreparatu ondoko pasarteari, zeinetan Ibrahima emozioez mintzo den.

    “…Afrikan ez da gauza bera anaia edo arreba galtzea. Ez dut esaten tristura, esaten dut arrangura. Arrangura diodanean esan nahi dut  ardura, familia zure bizkarrean hartu beharraren ardura.”

 

Tristura : Tristura da gure energia edo gure aldartea galtzea. Triste garelarik, indarra, desira, bulkada galtzen dugu; hots, bizitzeko gogoa galtzen dugu.

Arrangura : Arrangura damuaren eta arduraren arteko emozioa da. Damua da ekintza txar baten ondoren sentitzen dugun ezinegona edo kontzientziako harra; baina Ibrahimak ez du guziz hori erran nahi. Ibrahimak ardura erraten du.

Ardura : 1 Erantzukizuna edo errespontsabilitatea. Baina Ibrahima ez da horretaz mintzo. 2 Burua asaldatzen duen burutapena edo gogoeta. Kezka. Hori da Ibrahimak erran nahi duena: buruan aldi oro duen kezka.

Gramatika

Zertarako? -TzEKO / -eRAKO

“Alhassane itsasoan ito den momentutik ni bakarrik gelditu naiz borrokarako.”

 

ZERTARAKO gelditu da bakarrik Ibrahima? –Borroka egiteko; hots, borrokarako.

Helburua adierazteko -TzEKO baliatzen da aditzekin, baina posible da ere -RAKO baliatzea izenekin.


Aktore anitz kontratatu dituzte filma egiteko / filmerako

Ez naiz prest sentitzen azterketa egiteko / azterketarako

Beti deitzen gaituzue arazoak konpontzeko / arazoetarako

Nola? –(e)Z

Gogoratzen duzu NOLA bizi nahi zuen Ibrahimak?

“Nik kamioia gidatuz bizi nahi nuen” erraten du Ibrahimak testuan.

Euskaraz badira molde ezberdinak gerundioa adierazteko. Molde horietako bat –(e)Z baliatzea da, NOLA galderari erantzuteko.

 

ADITZ PARTIZIPIOA + –(e)Z

gidatu + -z     > gidatuz.

Nola sartu zara etxera? –Atea irekiz

Nola lortzen da dirua? –Lan eginez

Nola pizten da ordenagailua? –Botoia sakatuz

Noiz? –(e)AN / -(e)NEAN

Denbora adierazteko –(e)AN baliatzen da: asteartean, otsailean, heldu den urtean

Aditzari –(e)NEAN eransten zaio aldiberekotasuna adierazteko:

aditz jokatua + –(e)NEAN

Erreparatu testuko pasarte hauei:

“Arrangura diodanean, esan nahi dut ardura.”

” Izpiritua hegaldatzen denean oso zaila da eustea”

” Zodiak batek istripu bat edukitzen duenean, denek hori esaten dute”

Noiztik? -(e)NETIK

Ekintza baten hasiera adierazteko -(e)NETIK eransten zaio aditzari:

aditz jokatua + –(e)NETIK 

 

Noiztik gelditu da Ibrahima bakarrik borrokarako?

“Alhassane itsasoan ito den momentutik” > Alhassane itsasoan ito denetik

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak

Miñan 2.25

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia

Ostirala zen.

      Baba Hassanen trankilo-an egin nuen lo, eta handik atera berri nintzen, meskitara joateko. Ostiraletako otoitza guretzat oso garrantzitsua da, beste guztiak huts egin ditzakezu baina ostiralekoa ez. Beraz, otoitz egin, eta trankilo-rantz nentorren, Sabrathako atze-kale batzuetatik. Nire ondoan Gineako lagun bat, fula, Dimedi. “Ibrahima”, esan zidan. “Bai”, erantzun nion. “Zuk asko sufritzen duzu hemen, denek isiltzen dizute zerbait, gaur horretaz hitz egin nahiko nizuke”.

      Pausoa moteldu, eta, “zer?” galdetu nion. “Segi genezake aurrera?” erregutu zidan. “Ez, nork ezkutatzen dit zerbait hemen? Zuk baldin badakizu esadazu otoi”. “Bai, esateko intentzioa daukat, baina entzun behar didazu atentzio osoz. Nik nire bihotzean jasoa dudana zuk zure bihotzean jaso behar duzu”. Begira-begira gelditu nintzaion, eta, “oke”, esan nion, “has zaitezke”.

      Eta hasi zen.

      “Anaia txiki baten bila zabiltza hemen, ezta?”. “Bai”. “Nik ezagutzen dut zure anaia txikia. Askotan egon gara elkarrekin, biek batera egin dugu lo, hark hor, eta nik hemen, estalki beraren azpian. Nik ez nekien anaia handi bat zuenik, ez zidan sekula esan. Baina bai, ohartzen naiz zu haren anaia zarela, ikusten dut nola sufritzen duzun Libiara etorri zarenetik. Dena haur horrengatik”. Hori esan eta isildu egin zen. Nik dena entzun nuen, entzun eta pentsatu. Bat, Alhassane kartzelan dago. Bi, bere bila joango naiz, berdin zait nora. Hiru, kartzelatik atera eta etxera itzuliko gara, Gineara. “Zuk badakizu non dagoen?” galdetu nion, eta, “ez” erantzun zidan, “nik ez dakit non dagoen, baina badakit naufrage bat gertatu zitzaiola”.

      Dena pularrez esan zidan, baina hitz hori frantsesez. Hitz hori bakarrik, naufrage. Lehen aldia zen entzuten nuena, naufrage. “Zuk esan didazun hitz horrek zer esan nahi du?” galdetu nion. “Ez da erraza”, erantzun zidan, “zodiak batek istripu bat edukitzen duenean denek hori esaten dute, naufrage”. “Naufrage?”, nik. “Bai, naufrage, hark. Pixka bat pentsatu, eta galdetu nion, “horrek esan nahi du Alhassane programa batean enbarkatu zela?”. “Ongi ulertu duzu esan nahi dizudana, baina ez dut bukatu. Alhassane ez zihoan bakarrik, ehun eta berrogeita lau pertsona ziren”.

+II. zatia

Naufrage. Lehen aldiz ikusi nuen hitz hori nire begien aurrean. “Ehun eta berrogeita lau”. Nik ez nuen pentsatzen hainbeste jende sar zitekeenik zodiak txiki batean. Bi gauza berri ikasi nituen goiz hartan, eta kontsideratu nuen aski zela. “Oke”, esan nion, “itzuliko gara trankilo-ra?”. Eta Baba Hassanera itzuli ginen.

      Kartoi batzuen gainean etzan, eta begiak itxi nituen, pentsakor. Ez nuen ulertzen. “Miñan, zergatik joan nahi zenuen Europara? Ez zen hori bion artean adostu genuena, esan nizun ikasten segitu behar zenuela, esan nizun begi handiak zenituela”.

      Bai, begi handiak, eta hamalau urte, azkena ikusi nuenean. Haurra zen.

      Kartoiari kolpeka hasi nintzen, eta nire izpiritua hegaldatu zen. Izpiritua hegaldatzen denean oso zaila da eustea. “Lehenik aita galdu nuen Konakryn, orain anaia txikia Libian, amari nola esplikatuko diot hau dena?”.

      Azkenean, nire izpiritua itzuli zen, poliki-poliki, bere lekura. Pentsatu nuen ehun eta berrogeita lau pertsona zodiak batean gehiegi zela. “Bai, ez da posible”. Lagun batengana joan eta galdetu nion, “zure ustez ehun eta berrogeita lau pertsona sar daitezke zodiak batean?”. “Ibrahima”, erantzun zidan, “hori ez da ezer. Libian ehun eta laurogei pertsona ere ikusiko dituzu zodiak batean, ça c’est tout à fait normal”. “Oke”, esan nion, eta argazkia atera nuen poltsikotik. “Orain esadazu egia, zuk hilabete asko egin duzu hemen, Sabrathan, ezagutu duzu txiki hau?”. Begira-begira gelditu zen, lehenik argazkiari, gero niri. Luzaroan pentsatu zuen. Eta, “ez”, esan zidan, “ez dut ezagutu”.

 

Lexikoa

Gramatika

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak

Miñan 1.18

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
Hiru Hiru aldiz deitu nuen amak emandako zenbakira eta ez zuen inork erantzun.

      Laugarrenean bai, “alo?” esan zuen zahar batek. Nik, “Alhassane?” galdetu nuen, eta ahots zaharrak, “zaude”, erantzun zidan. Oihuka hasi zen, “Alhassane Balde? Alhassane Balde?”. Handik gutxira berak hartu zuen telefonoa.

      Hitz egiten hasi ginenean haurra negarrez hasi zen.

      “Miñan, zeren bila joan zara Libiara?” galdetu nion. Miñan hitzak pularrez anaia edo arreba txikia esan nahi du, haurride gazteagoari esaten zaio. Erantzun zidan Europara iritsi nahi zuela. “Eta Europara joan zaitezke niri ezer esplikatu gabe?”. Barkatzeko erantzun zidan, lagundu egin nahi zidala, baina ez zekiela nola. “Miñan, jainkoak bakarrik lagun gaitzake, ez beste inork”. “Badakit”, esan zidan. Eta luze hitz egin zuen.

+II. zatia
 “Gauza bakarra eskatzen dizut, Gauza bakarra eskatzen dizut, koto, ez ahaztu ama. Ez pentsatu beste ezertan, ez pentsatu nola alde egin dudan etxetik, ez pentsatu nola utzi dudan eskola. Nik laguntzeko bide bat hartu nahi nuen, gure atzean ez dagoelako etorkizunik. Begiratu dut, eta ez dago”. “Badakit, miñan”, erantzun nion, “hori dena badakit”.

      Laster, telefonoaren kreditua agortzen hasi zen, eta non zegoen galdetu nion. Erantzun zidan Sabrathan zegoela, Baba Hassan izeneko errefuxiatu eremu handi batean, itsasoa zeharkatzeko aukera baten zain. “Kontuz ibili, miñan”, erregutu nion. Baietz esan zidan, kontuz ibiliko zela. Hitz ematen zidala.

 Handik hiru edo lau egunera abiatu nintzen bere bila, Konakrytik Sigirira zihoan minibus batean. Hamarrak zero zero ziren.

Lexikoa

Gramatika

AGINTERA

Zaude!

Ez ahaztu ama!

Ez pentsatu beste ezertan!

Aginduak bigarren pertsonari ematen dizkiogu (zu edo zuek): Zaude! Ez ahaztu ama! Aginduak eta instrukzioak emateko erabiltzen dira eta esaldiaren hasieran jartzen dira.

Hiru aukera dauzkagu aginduak emateko:

  1.       Laguntzailearekin: Egon zaitez lasai!
  2.       Trinkoarekin: Zaude lasai!
  3.       Partizipioarekin: Egon lasai!

Laguntzaileak

NOR erakoak

ZU zaitez
ZUEK zaitezte

Joan zaitez berehala!

Izan zaitezte zintzoak!

NOR-NORK erakoak

HURA HAIEK
ZUK ezazu itzazu
ZUEK ezazue itzazue

Eros ezazu ogia!

Har itzazue bonboiak, zuentzat dira eta!

 

 Aditz trinkoak

NOR erako egon, joan, etorri eta ibili aditzek, zu eta zuek pertsonetarako, agindua adierazten duten adizki trinkoak dituzte.

JOAN ETORRI EGON IBILI
ZU zoaz zatoz zaude zabiltza
ZUEK zoazte zatozte zaudete zabiltzate

Zaudete hor, ama heldu arte!

Zatoz arin barrura!

Zoazte pikutara!

NORK motako eman, ekarri, utzi eta beste zenbait aditzen kasuan, laguntzailea aditz nagusiari itsasten zaio.

NOR-NORK

EMAN EKARRI UTZI ERAMAN ESAN EGIN
ZU emazu ekarzu utzazu eramazu esazu egizu
ZUEK emazue ekarzue utzazue eramazue esazue egizue

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak

Miñan 1.16

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
Egun Egun batean, Nzerekoren geundela, nagusiak telefonoa eman zidan etxera dei nezan. Denbora pixka bat bazen Thiankoin zer gertatzen zen ez nekiela. Hots egin eta amak hartu zuen, “alo?”. “Ama, Ibrahima naiz, zer moduz zaude?”. “Djantou, alhamdoulillah, eta zu?”. “Ni ere ongi, jainkoari eskerrak”. Ohiturazko bi edo hiru esaldi horiek eta gero, berriz galdetu nion, “ama, ongi zaude?”. “Bai, ni ongi nago, baina bada hiru aste ez dudala Alhassaneren berririk. Etxetik alde egin zuen eta ez dut ezer jakin ordutik, zuk badakizu zerbait, Ibrahima?”.

      Nik ez nekien ezer. Hiru edo lau urte neramatzan etxetik urrun, eta denbora hartan hiru aldiz bakarrik hitz egin nuen Alhassanerekin. Ez zidan behin ere adierazi inora abiatzeko asmoa zuenik.

      “Eman denbora pixka bat”, esan nion amari, “saiatuko naiz zerbait jakiten”.

      Konakryra itzultzean aitaren anaia zaharrarengana jo nuen, Alhassane handik pasatu ote zen jakiteko. Ezetz esan zidan, ez zekiela ezer. “Oke”, erantzun nion. Eta garajera itzuli nintzen.

Denborak aurrera egin zuen, aste batzuk, agian hilabete bat, edo gehiago, Alhassaneren berririk gabe. Herrixkara itzultzea erabaki nuen, amarengana.

      Konakryn bi arroz zaku erosi, eta autobusez joan nintzen Kankalaberaino. Handik Thiankoira oinez, arroza bizkarrean. Ama etxe atzean aurkitu nuen, baratzean. “Ibrahima”, esan zidan. “Ama”, erantzun nion, “nik ez nekien ezer”.

+II. zatia

Astebete egin nuen etxean, eta Alhassaneren hutsune hartan nire ahulezia sumatzen hasi nintzen. Ahulezia esaten dudanean errua esan nahi dut. Bai, nire errua. Ikasketetan laguntzeko hitza eman niolako, baina ezin izan nuen, aprendiz soil bat nintzen, ez nuen sosik irabazten. Eta alde egin zuen.Etxe aurrean laranjondo bat zegoen, aitak landatua. Haren ondoan eseri eta pentsatzen nuen, “anaia txikia non ibiliko ote da?”. Binta eta Rouguiatou hurbiltzen zitzaizkidan eta ez nien kasurik egiten. Ezin nuen. Joan egin nahi nuen. Liberiara, Malira, Sierra Leonara, Mauritaniara, norabait, joan, anaia txikiaren arrastoaren bila.

      Amari galdera asko egin nizkion hark zer pentsatzen zuen jakiteko, eta amak, “Ibrahima, zu itzuli Konakryra”, erantzun zidan, “ez utzi zure aprendizgoa, berriren bat iristen denean nik abisatuko dizut”. “Dakor”, esan nion, eta Konakryra itzuli nintzen.

      Zama astunak garraiatzen ikastera.

Lexikoa

Gramatika

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak

Miñan 1.2

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
Aitak Aitak zapatak saltzen zituen. Kalean saltzen zituen baina zapatak etxekoak ziren, des repose-pieds. Etxea ez da korrika ibiltzeko lekua. Salmenta postutxoa kgure etxetik bostehun metrora zegoen, mahai txiki bat bide bazterrean. Han egoten zen aita egun osoan. Noizbehinka norbait etortzen zitzaion eta hitz egiten hasten ziren, lehenik etxeko zapatez eta gero diruaz. Orduan aita oso pozik jartzen zen. Baina poza ez da gauza luzea. Eta diruaz hitz egin eta gero, bi banbu zati ateratzen zituen mahaipetik eta zulo txiki bana egiten zion bakoitzari. Zati bat aitak gordetzen zuen eta bestea erosleak eramaten. Zorra zuloaren lodieraren araberakoa izaten zen. Holako banbu asko zeuzkan aitak bere mahaiaren azpian. Esaten zuen egun batean zapatak utzi eta txirula jotzen hasiko zela, baina zapatak saltzen segitzen zuen.

      Tarteka otoitz egitera joaten zen eta ni bakarrik gelditzen nintzen mahaitxoan. Jendea inguratu eta gure zapatei begira egoten zen. Baina nik, “ezin dizut saldu”, esaten nien, “zaharra ez dago hemen, haren zain egon behar dut”. Nik ez nuen diruaren tonalitatea ongi ezagutzen, eta ez nekien paper bakoitzak zenbat balio zuen. Oso txikia nintzen. Orduan, zaharraren zain egoten ginen. Zaharra nire aita da, Mamadou Bobo Balde du izena.

+II. zatia
 Bost urtetik hamahiru urtera bizi izan nintzen aitarekin, Konakryn. Bostetik hamahirura zortzi zenbaki daude, baina Konakrytik gure herrixkara pixka bat gehiago, gutxi gorabehera laurehun eta hogeita hamar. Bakarrik abiatzeko gehiegi. Etxeko zapatekin ezin da hainbeste ibili. Hori esaten zidan aitak, ez nintzela iritsiko. Beraz haren ondoan egoten nintzen gure bide bazterreko mahaitxoan, ama ikusi gabe.

      Baina banuen lagun bat, ni baino zaharragoa, ni asko maite ninduena. Behar nuen guztia eskatzeko esaten zidan. Batzuetan zapatak eskatzen nizkion, eta ematen zizkidan. Besteetan jateko zerbait eskatzen nion, eta ekartzen zidan. Anaia txiki baten gisan zaintzen ninduen. Lagun horrek Muhtar zuen izena. Behin, amari gutun bat idazteko eskatu nion, eta idatzi zuen. Biak batera joan ginen Konakryko geltokira eta han beste norbaiti eman genion herrixkaraino eraman zezan. Ez dakit bizikletaz joan zen edo autobusean, baina badakit iritsi zela. Distantzia ez da arazoa gutun batentzat.

      Asko gogoratzen naiz ni amarekin. Nire ama Fatimatu Diallo da, eta hilabeteak dira ez dudala harekin hitz egin. Ez daki Europara iritsi naizenik ere.

 

Lexikoa

Gramatika

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak