Mailua eta Orratza

Charlotek 2022ko uztailean ireki zuen mailua eta orratza, denda Baionako Bourneuf karrikan bere lagun Zuazinekin batera. Bata eskultorea da, bestea jostuna, eta azken hau Charlotte material berriztagarriekin ari da lanean.

Ingalaterrako Bristol hirian sortua, bertan jaio zen proiektuaren ideia ere nire proiektua sortu zen duela 8 urte, Inglaterran nire amaren senarrak aurkitu zuelako larru pila handi bat bere aitaren ganbaran hil zenean eta esan zidan, edo zuk egingo duzu zerbait honekin, edo bota egingo dut. Eta orduan, ideia asko eduki nituen, eta horrela hasi zen.

Duela 7 urte etorri zen Euskal Herrira Biarritzera, eta betidanik argi izan du ehun birziklatuekin lan egin nahi duela, ez nuelako nahi industria kutsadura. lagundu pertsona batzuek pentsatu ahal dute zikina dela baina… baina, ez da zikina.

Bere diseinuetarako hasi zenean, bere gustuko gauzak egiten zituen. Orain, ordea, bezeroen lehentasunetara moldatzen ahalegintzen da, eta arrakasta gehien, gerri poltsak, bestela, Interneten saltzen ditut surf poltsak, eta da pertsonaren arabera saiatzen naiz jendei entzuten eta eta gauzak aldatzen.

Materialei dagokionez, birziklatuak bai, baina denetarik aurki daiteke bere produktuetan. Ba, adibidez, hori lantegi baten hondakinak eginda da, gero hori gotina zen hori zintza bat zen, baita bere hondakin edo material birziklatuak ere. Adibidez, hemen da kafe zaku hondakinak eta naiz nahastu nuen beste hondakinekin.

Bere produktuak ezagutu nahi dituztenek, berriz, Baionako dendaz gain Badut online denda bat eta han aurkitu dezake nire poltsak etorkizunean sortzen eta birziklatzen jarraitzea gustatuko litzaioke Inglaterrako gazte honi, eta horretarako espero dut beste ehun politak aurki aurkitzea, denetariko egunak aurkitzen mundu sustengagarri baten mesedetan.

Asmakizunak

  • Transkripzioa

    1. Fruitua da. Gorri-gorria eta txikia da. Barruan hezurra du. Zer da?.
    1. Guk jaten dugu, saguek ere jaten dute.Fama handikoak dira Idiazabalgoak. 
    1. Gereziak barruan dute eta oso gogorra da. Nire gorputzean ere badago. Azalaren eta haragiaren azpian dago, eta oso gogorra da. Zer da?.
    1. Oiloak egiten ditu. Kanpotik gogorra da eta barrutik biguna, zuria eta gorria. Zer da?.
    2. Fruituek (sagar, madari, laranja, etab) kanpoan dute; guk ere gorputzean badugu, kanpoan.
    1. Baratzean daude. Jateko dira. Batzuk berdeak dira eta beste batzuk gorriak. Dendariek gorriak potoetan saltzen dituzte. Barruan pipitak dituzte. Zer dira?.
    1. Fruituak dira. Gorri-gorriak dira. Barruan ez dute hezurrik. Lurrean daude eta txikiak dira. Zer dira?.
    1. Hamabi zapata dozena da, bi zapata zenbat dira?.
    1. Eskuan hartzen dugu zopa jateko. Zer da?.
    1. Amak tarta ekarri du etxera. Nik osoa nahi dut, baina ez da niretzat bakarrik. Zenbat da niretzat?.
    1. Ogia, gazta, haragia ebakitzeko balio dute. Dendetan saltzen dira. Zer dira?.
    2. Gaur amonaren eguna da. Beraz, etxean bazkaririk ez. Kanpoan bazkalduko dugu. Non?.
    1. Haragia eta arraina jateko eskuan hartzen dugu. Ez da labana zer da?.
    1. Edateko erabiltzen dugu. Etxe, denda eta tabernetan daude. Zer da?.
    1. Nire eskua ez dago zikina. Nola dago?.
    1. Harria ez da biguna. Nolakoa da?.
    1. Autoa ez da merkea; diru asko balio du. Nolakoa da autoa?.
    1. Ura ez da garestia. Nolakoa da?.
    1. Marrubia ez da gogorra. Nolakoa da?.
    1. Txerria ez da garbia. Nolakoa da?.
    1. Animalia handi-handia da. Itsasoan bizi da. Animalia horrek aho handia du. Zer da?.
    2.  Larrean dago. Behiek eta astoek jaten dute. Berde-berdea da. Zer da?.
    3. Itsasoan dago, ez da arraina. Lurra da. Bertan jendea bizi da, eta inguruan ura dago. Irunen eta Donostian badaude. Zer da?.
    4. Ur asko dago. Itsasontziak bertan dabiltza eta arrainak ere bai. Olatuak ditu. Zer da?.
    5. Eguraldi ona dago. Jendeak galtza motzak ditu soinean. Baina halako batean euria hasi du. Lehen patxadaz, baina orain nola dabiltza?.

     

     

Emaztea nolako, senarra halako

  • Senar umila

    Nasrudin eta bere emaztea tirabira eta kalapitan ari dira. Azkenean, andreak erraten dio : – Nasrudin, zoaz kanpora ! Eta oinez ibil zaitez, lasaitu arte!

    Gure gizona etxetik ateratzen da, eta… Zer egin? Beraz bai. Emazteak eskatu diona eginen du. Hiria osoki oinez zeharkatzen du. Baserri ingurunean sartzen da. Eta bere bidetik jarraitzen du. Gaua etortzean, Aksehir aldeko mendietara hurrandu eta, ez da ibiltzetik gelditzen. Hiru egunez horrela doa, ibilian ibiliz, beti aitzina. Eta hantxe, zelai bateko basamortuan zaldizko bidaiari bat topatzen du.

    – Aksehir herrira zoaz? galdegin dio Nasrudinek

    – Bai, bihar gauerako hara helduko naiz.

    – Zoaz otoi, Khadidja nire andrea ikustera. Agurtu eta gero, galdetu egiozu nire partez, urrunago joan behar dudanez oraindik, ala, noiznahi gelditu naitekeen!

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

  • Emaztea hitzik gabe

    Pernandoren etxeko tximinian ez dute egur adartxo bat ere sua pizteko. Zer egin? Gure gizona egur bila joaten da. Oihanean egur mozten ari delarik  gazte multzo bat hurbiltzen zaio. Eta erraten diote:

    – Pernando, gaurko egunez zu lanean?

    – Zer egun da, ba?

    – Azkarateko pesta eguna, gizon!

    – A putxas! Ez nuen batere gogoan!

    Pernandok tresnak eta egurrak hortxe berean uzten ditu. Eta gazteekin Azkaratera doa.

    Lau egunez ez da etxeratzen. Bosgarren egunean itzultzen da. Mari-Joxepa kanpoan aurkitzen du, lanean ari dela. Bere andrea kopetilun eta isilik dago. Zer gertatzen zaio ? Ez du elerik egiten. Mututurik ote da?

    Orduan gure gizona herriko erretorearen gana doa.

    – Jauna, gure etxean gaitz handi batek jotzen gaitu. Nire emaztea hitzik gabe dago.

    – Gaixoa! Zer gertatzen zaio, ba?

    – Ahaleginak egin ditut. Baina, ez da gehiago mintzatzen!

    – Zerbait egin behar dugu. Goazen berehala ikustera!

    Pernandoren etxera heltzen dira. Eta Mari-Joxepak erretorea ikustean botatzen dio:

    – Erretore jauna! Zu hemen gaindi? Eta Pernandok orduan:

    – To! Orain hitz egiten du! Sendatu duzu, jauna. Hau da mirakulua, hau!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

BESTE KAPITULUAK

“Nor da Simone Biles?” Kirmen Uribe

Podcasta entzun aurretik egin ezazu ariketa hau.

Textua

Zortzi urteko alabak emakumezko bat hautatu behar zuen eskolako lan bat egiteko. Andrazkoaren bizitza eta pentsamendua azaldu behar zituen lanak. Good Night Stories for Rebel Girls (lotarako ipuinak neskato bihurrientzat) izeneko liburuan bazeuden adibideak. Gauero irakurtzen zuen. Guk esaten genion ondo legokela Ruth Bader epailea, edo Malala Yousafzai aktibista edo Jane Goodall biologoa lanerako aukeratzea. Baina umeak Simone Biles nahi zuen. “Simone Biles? Nor da ba Simone Biles, idazlea da?”. “Bai zera, munduko gimnastarik onena da”. Egia esan ez zigun grazia handirik egin bere hautuak. Ez genekien nondik aterako genituen zitak eta gogoetak. “Ez al da hobeto Ruth, Malala ala Jane?”, saiatu ginen ustez aldarazten. “Ez, Simone Biles nahi dut”. Pentsatu genuen ahaztuko zitzaiola eta Jane Goodalli- buruz egingo zuela lana azkenean, Jane txinpantzeekin oihanean, ze polita. Hala ere, arratsalde batean eskolara umeen bila joan eta irakasleak bota zigun, -esan dit alabak Simone Biles aukeratu duela.

Ez zegoen bueltarik.

Informazio bila hasi eta konturatu ginen Simone Biles-ek ez zuela bizitza erraza izan. Ohion jaioa, bere gurasoen droga menpekotasuna zela eta aitona-amonek hartu eta hezitu zuten. Sexu-erasoak ere jasan izan zituen umetan. Baina kirolean hartu zuen babesa. Olinpiadetan bost medaila lortu zituen. Estatu Batuetako historiako kirolari onenen artean dago. Bideoak ikusiz ohartu ginen Simone Biles beti zegoela pozik, irribarre batekin burutzen zituela ariketak. “Ni saiatzen naiz zoriontsu izaten, une pozgarriak dira oroitzen errazenak”. Horra zita on bat. “Kontua ez da irabaztea, zure onena ematea baino. Eta irabazten baduzu ondo, eta laugarren ateratzen baduzu ere ondo”. Horra bigarrena. Eta hirugarrena ere bai, “nahiago dut triste egon arriskua hartu eta huts egin dudalako, hartu ez ditudan arriskuez damutu baino”.

Alabak lanari gutun baten itxura eman zion. Eta otu zitzaion beharbada ideia ona izango zela gutuna Simone Biles-i benetan bidaltzea. Postetxeko gizonak, afroamerikarra Simone bezala, helbidea ikusi eta esan zuen, “seguru erantzungo duela”. Hilabete batera karta bat iritsi zen etxera alabaren izenean. Igortzailea behatu eta Simonen Biles. “Sekula ez amore eman, neska”, esanez bukatzen zuen eskutitza. Biharamunean, alabak gutuna eskolara eraman zuen, lagunei erakusteko, Simone gimnasian bezain irribarretsu.

Eskerrak gutuna bidaltzera ausartu zela. Izan ere, hobe da hartutako arriskuez damutzea, ezta Biles?

Trikuarena

Ariketak egin ondoren entzun edota irakurri Atxagaren ipuina:

Textua

  • I. zatia

    Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan,

    eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora;

    gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz.

  • II. zatia

    Eta gero pentsatzen du: Amaitu da negua,

    Ni trikua naiz, Bi sapelaitz gora dabiltza hegaletan;

    Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

    Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

    Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago.

  • III. zatia

    Eta berriro dio: Hau da nire erresuma, Goseak nago,

    Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

    Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

  • IV. zatia

    Ordea bertan gelditzen da bera ere hosto lehor balitz,

    artean ez baita eguerdia baino, lege zahar batek

    galerazi egiten baitizkio eguzkia, zerua eta sapelaitzak.

  • V. zatia

    Baina gaua dator, joan dira sapelaitzak, eta trikuak,

    Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

    Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio,

    bere arantzetan seguru nola egon baitzitekeen

     

    gerlari bat bere eskutuaz, Espartan edo Corinton;

  • VI. zatia

    Eta bapatean, zeharkatu egiten du

    belardiaren eta kamio berriaren arteko muga,

    Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez;

  • VII. zatia

    Eta nola bere hiztegi unibertsala ez den

    azkeneko zazpi mila uneotan berritu,

    ez ditu ezagutzen gure automobilaren argiak,

     

    ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere.

Berpiztea (Maialen Hegi Luku)

Entzun edota irakurri Maialen Hegi Lukuren ipuina, eta gero ikusi berarekiko elkarrizketa.

Berpiztea

Mattinek, bere oroitzapen urrunenetan ere, betidanik istorioak biziki gogoko izan zituen. Haur denboran, egunero-egunero eskolatik landa liburutegira joaten zen bere jakin-minaren elikatzera. Baina jakin nahi gorri hori sekula ez zuen nahi bezainbeste asetzen.

Gehien maite zituen ipuinak misteriozkoak eta beldurrezkoak ziren. Eta gehien gustatzen zitzaizkion pertsonaiak hilezinak ziren, hots, banpiroak. Bere helduaroaren hastapenean, izaki misteriotsu horiei lotu idazki gehien-gehienak jadanik ezagutzen zituen. Izaki horiek hain ziren lanjerosak, min zaleak, torturatuak eta aldi berean eleganteak, zuzenak eta erakargarriak!

Arratsalde batez, lizeotik etxerateko bidean zela, egunkari saltegi batean egun hartako berri nagusia ikusi zuenean, harritua eta nahiko zentzordatua gelditu zen. Mugiezinik, minutu batzuk iragan zituen hor, plantatua, hitz zirraragarriak behin eta berriz irakurriz. Ez zitekeen egia izan…

Gau hartan, bere ohean itzuli-mitzulika ari izan zen, ametsez amets, lasaitu ezinik. Goizeko hiruretan, asperturik, jeiki zen, bere bulegoan jarri, eta ordenagailua piztu zuen. Egunkari baten webgunearen ataria ireki, eta paper batean notak hartzen ari izan zen egunsentiaren argi zirrintak leihotik sartzen ikusi zituen arte.

Banpiroak ez ziren asmatuak. Benetazkoak ziren. Zientzialari talde batek, poliziak lagundurik, haietarik bat harrapatua zuen, banpiroen desagerrarazteko txerto bat asmatzeko helburuarekin. Horren bidez, hilezinentzat gizakiaren odola edanezin bilakaraziko zuten.

Mattinek erabakia hartua zuen: kazetari eskola batean sartuko zen, ikasketak beteko eta ondotik banpiro bat aurkituko zuen, hilzorian zen espezie horren azken lekukotasuna biltzeko gisan.

 

— Gau hartan, hiri bazterrean zegoen jauregiaren aitzinetik pasa nintzenean, jaun kondearen gorputzaren gozo sarkorra ene baitan bortizki iragaten sentitu nuen. Gau batzuk bazituen jadanik ikusia nuela, karrika ilunak kurritzen, hiria lo zegoen artean, ohiko itzulia egiten ari nintzelarik. Haren begi ausartek eta beroki luzeak segidan erakarri ninduten.

— Horrela hautatu zenuen beraz, besterik gabe?

— Naturalki, bai. Norbaiten biziaren hatsaz elikatzeko eta harekin heriotz-dantza bero batean sartzeko, ez da gogoetan galdu behar… Jauregiko gela handiak haizearen gisan kurrinka egin zuen ene esku hormatuen bultzadaren pean… Itzal bat nintzen pasabide eta eskailera hertsietan barna… Eta laster, haren usaina hurbil-hurbilekoa sumatu nuen, ate handi baten aurrera heltzerakoan. Gelan eztiki sartu nintzenean, haren bizkarraren gelditasun hotzak ene igurika egona zatekeela pentsarazi zidan.

— Eztitasun horri esker egitera zindoazen ekintzaren aberekeria harentzat onargarri egin nahi baitzenuen?

— Ene ekintza, bukaera baten seinale, ez zen hala ere borroka salbai batena gero…. Betidanik, zuek sedukzioa deitzen duzuena erabili izan dut, ez dut behin ere ene bizibidea erailketa kate amaiezaintzat hartu.

— Gizakiaren seduzitzea, bai, baina bere biziaren ebasteko…

— Gizakiaren bizi iturriaz egarria asetzen duena ez ote da nonbait haren izateaz jabetzen? Haren edertasunaz? Jakitateaz? Baina ene hitzen haria galdu gabe, kontakizun hori ahal bezain laster bururatu gogo nuke. Ez ote genuen horrela adostu, Mattin jauna?

— Bai… banpiro anderea. Zure hitza errespetatzen dut, zuen gisako… izakiak betitik ulertzen saiatu naizen bezala…

— Beraz, begiak enegana altxa zituen unean, haren soa irri hunkigarri, zirraragarri, xume bat izan zen, ene zaia luzearen gorria mugiarazi zuena, ene beso eta zango luze mehe zuhailak, harengana luzatu nituenean. Ene esperientziaren eta ezpain ilunen usaina hark ere onartu zituen, jaun sendoaren buruak, emeki-emeki makurtuz, begien aitzinean lepo zuri gozo bat agerian utzi zizkidalako. Plazer hori! Biziarekin bat egitearen atsegina, zein eder zitzaidan!

— Alta, bizia laster bukatuko zen..

— Haren biziak ene eternitatea sakonagoa eta handiagoa eginen zuen.

— Eta, ausiki zenuenean? Zer, nola erran, “sentitu” zenuen?

— Egin nuen, hagin zorrotzak haren arima beroan sartu, eta ondotik, ene eskuen artean sendoki atxikitzen nituen sorbalden indarra irentsi nuen. Baina haren odol berogarria ez zen nahikoa enetzat… Menderen mendetan goaitatzen denaren itxura eta sendotasun lasaigarria zeuzkan. Laguntzat nahi nuen, maitaletzat, nahiago baduzu. Orduan, odol poxi bat utzi nuen haren gorputzean, haren biziaren hatsa lur gaineko betierekotasun bilaka zedin.

— Eta horrela…

— Bai, horrela, odol hori jaun konde banpiroarena bilakatzen utzi nuen. Ondoko gauean, harrizko aurpegi batekin begiratu ninduen, haren zortea preso hartu nuela ohartu zen mementoan.

— Kondenatu zenuen… eta… Gaitzetsi ote zintuen?

— Arima galdua zuen, airatua zitzaion, baina bazekien izate berri horrek zuhurtasun berezi bat emanen ziola. Bere ordua heldua zen. Banpiro batek bizia hartu eta beste zerbait bilakarazi bazion, zortearen erabakia zen. Jakin ezazu garai hartan, gure gisakoek, berez bazterturik izanik ere, oraino gure tokia genuela gizartean. Toki ilun bat, menderaezin bat, baina bagenuen hein bateko botere bat, jendeen gogoetan zilegi zena. Gure azken garai goxoenak izan ziren ordea…

Une hartan, bi solaskideak isilik gelditu ziren, eta kazetari gaztearen soak andere beltzarena jarraiki zuen, aitzinean zuten beira zabaletik at galtzen ziren etxe-orratzen teilatuen puzzlearen gainetik pasatuz, zerumuga grisean galdu zen arte. Mundua ez zen sekula banpiroaren oroitzapenetako argi eztira berriz itzuliko. Kontatu zuen istorioaren garai idealak urrunegi ziren jadanik, haren izatea piko sendaezin batek zauritua zuen, hartarik biktima ahantzien odola ezinbestean isurtzen ari zelarik.

Gomita berezia eta bere galderen hartzailea mahai lodi borobil batek eta gaineko urez betetako edalontziak bereizten zituzten.

— Zure lagun hura zen beraz…

Larritasunak estali zuen andere beltzaren aurpegi fina:

— Lehena bai, ez zaude oker. Ez zen ene lagun bakarra izan, baina preziatuena hori bai. Ene bizilaguna, ene irudia, ene sostengu fidela… Eta lehen banpiro harrapatua.

— Nola deituko zenuke gertatu zenak zure baitan eragin zuena? Tristura? Hori zenuen sentitu?

— Zer nahi duzu jakin, jadanik dakizuna? Gure gogoan sartzeko, sentimendurik eza baino haratago joan behar da… Gertatuaz geroztik, gure sekretu, funts, historia, aberastasun guztiak argi pairaezin baten erre ditu, mantal zuriz jantzi zientzialari errukigabeen erdian alde guztietarik hustuak, moztuak, haragi bilakatuak izan dira. Eta azpimarratu nahi nuke, haien harrapakinaz urrikaldu gabe…

— Gizakia maite eta babestu nahi zuten batzuek…

— Egin gaituena betidanik misterioa izan da. Baina, gau hartako ehizan, gure espezieko bat loturik eraman zutenean, deuseztatu gintuzten, mito bat parasitoaren heinerat apalduz. Erraustu gintuzten, jaun kondea analisia hodietan hartu zuten unean, ez ordea, gure espeziearen desagerrarazteko xedearekin hilabete batzuk berantago zabaltzen hasi diren txertoaren aurkikuntzaren egunean. Egin dizute txerto hori, ez?

Mattinek banpiro batek galdekatua izatearen sentsazio bitxia, berezia sentitu zuen, gorputz osoan xixta ttipi batzuk sentituz.

— Bai anderea… Erran behar da, gaur egun, gure babesteko ditugun tresnak erabiltzea komeni dela…

— Arriskuen saihesteko…

— Hala pentsatzen dut bai.

— Garai batez, ez nintzen izaki ezdeus bat, ez nintzen piztia tzar bat. Lehen zure adineko emazte gazte eta eder bat nintzen ni ere. Zure ordez, nik ere ene burua babestu nahiko nuke, beldur nintzatekeelako…

— Zarenaren gisako batzuek izuturik, ez?

— Noski. Alta bada, lehenago guganik babesteko erabiltzen ziren tresnak politagoak ziren naski, beste xarma bat zuten. Non galdu dira etxe xoko guztietan ematen ziren baratxuri buru lodiak edo gau ilunenetan eskuetan tinko-tinko atxikitzen ziren hesola xorroxtuak… Gizakiak bere odol goxoa arrunt kutsatu duenetik, ospitaleak ohointza toki bihurtzen uzten ditu, karriketan banpiro-dealer etsitu espezie berri bat onddoak bezala pusatzera bultzatzen du, beldurraren beldurrez…  Ez ote da hori lazgarria?

— Aurkikuntza horrek alde onak dituzke bestalde…

— Agian… Hala izanik ere, ez dut mundu honek geroan eskaintzen ahalko didanaren ezagutzeko gutiziarik gehiago… Arimarik ez dutenak etsiarazten dituen mundua ez da enetzat egina… Laster, zinezko heriotzaren bakea ezagutuko dudala espero dut…

— Zure eternitatea hautsiko zenuke? Hainbeste mendez iraun ondoren?

— Zergatik horrela egon, betidanik desiratu dugun edaria eta haren gustua galdu ondotik? Bizitzeko, likido pizgarria edan aitzin, hodi batean tratatu behar delarik? Ene plazer bakarra galdurik funtsean? Ez, aldi honetan hobe hiltzea, ahal bada sekulako… Eta manera ederrenarekin…

— Nola bada?

Andere beltzak bi begiak emeki-emeki hetsi zituen eta zutitu zen. Leihora buruz urrundu zen, haren zaiak gordetzen zituen zangoak lurrean lerratzen balira bezala. Hiriaren argi koloretsuak istant batez so egin eta, hatsa eztiki hartuz, ondoko gelara abiatu zen. Mattinek bere bistatik urruntzen ikusi zuen, harriturik. Orduan, bere elkarrizketa-laguna erien artean area bezala eskapatzen ari zitzaiola sentitu zuen. Entzun zituen eleak hunkigarriak izan bazitzaizkion ere, bazekien, azkenean, ez zezakeela deus egin haren salbatzeko… Bere kadiran jarririk dantzan hasi zen, burmuinari hamaika itzuli eginaraziz, banpiro desesperatuari azken agurra emateko hitz eder eta penatuen bila.

Orduan,  haren gonbidatzailea berriz agertu zen. Erreportari gaztea bat-batean zutitu zen, harriturik hil kutxa handi bat zekarrela eta mahaiaren ertzean pausatzen zuela ohartu zenean… Ez zekien miresle ala kezkati izan behar ote zuen.

— Barkatu banpiro agurgarria, baina, ene doluminak emanez, bakean utziko zaitut. Lan horren bukatzeko aizinarik asko ez dut eta…

— Nola deitzen duzue gaur egun kazetariok gertakari aipagarri baten berri emateko parada duzuelarik? Scoop bat, ez da hala?

Bien begiradak gurutzatu zirenean, kazetariak ulertu zuen, gau hartan, haren bizi guztian behin bakarrik ikusten ahalko zuena argazkitan har zezakeela. Egon behar zuen, banpiro baten heriotzaren ikusteko!

Orduan, berriz jarri zen, eta bere tresnaren prestatzen hasi, presaka-presaka.

— Zeremonia hasi aitzin, hala ere, gomendio batzuk eman nahi nizkizuke. Hilkutxa hetsiko denean, ez duzu mugitu beharko… Banpiroaren lo berriaren trabatzeak dena huts eginarazten ahalko bailuke…

— Nahi duzun bezala.

— Prozedura gizakiarentzat izugarria bada ere, dardarka ez aritzea galdatuko nizuke.

— Lasai, jadanik erreportaia gogorrak egin behar izan ditut. — gezurtatu zuen Mattinek.

— Ongi da beraz…

Andere beltza kazetariaren aldamenetik pasatuz gela zeharkatzen hasi zen, pentsaketan balitz bezala, segur aski erran beharko zituen formula misteriotsu batzuen gogorarazteko… Gero, berriz mahaira buruz hurbildu zen, eta kazetariaren gibelean gelditu. Burua apaldu eta, pazientziarik gehiago ez zuenari belarrian xuxurlatu zion:

— Eta azken gomendio bat: kasu emazu goizeko argiari, hura baita jasangaitzena.

Gertatzen ari zitzaionaz konturatzeko denborarik izan gabe, jarria zen gizonak oihu labur bat kirrinkatu zuen banpiroak haren lepoaren erdian bi zilo eder eta ilun egin zizkionean. Garratza, mingotsa, edanezina zen likidoa azkarki hurrupatu zuen, baina ez osoki. Odola izena ote zuen oraino? Aurpegi okaztatu batekin, kazetari engainatua hilkutxan sartu zuen eta hetsi. Ondotik, edan zuen pozoia mahai gainean utzia zuen ur bedeinkatu bete basoa edanez urdailaren zolaraino isurarazi zuen.

— Odol pozoindatua zainetan daukanak, odol hori gustuko izanen duelakoan…

              Eta betirako loak hartu zuen, haren gorputza zabal-zabala lurrera erori zenean.

Joan soseguz – Ruper Ordorika

Entzun Ruper Ordorikaren abestia eta gero ariketa egin.

Beste sasoi batean, bizitza,
denbora honetan ez, halako batean.
Beste hiri batera abiatu,
ahotsen artean zu ezagutu.
Baina hor ari zaizkit etxeko hotsak,
herriko kanpaiak,
hego haizea.
Gora eta behera dabila ene gogoa,
ez daki zuzen nondik nora joan.
Joan soseguz,
lasai joan,
haizea lagun da
aldaketan.
Joan soseguz,
lasai joan,
pausoa luze eman
leunean.
Ihesi nahian dabila ene burua,
ilargi beteak erakartzen ura.
Gora eta behera dabila ene gogoa,
ez daki zuzen nondik nora joan.
Joan soseguz…