Bortian ahuzki

Bortian Ahuzki, hur unak osoki,

Neskatila eijerrak han dira ageri,

Hirur badirade, oi bena xarmantik,

Baxe-Nabar orotan ez die parerik

Neskatila eijerra, oi begi ñabarra,

Nuntik jin izan zira bortü gain huntara?

—Garaziko aldetik desir nin bezala

Ahüzkik’ üthurrila hur fresken hartzera.

—Goizetan eder dizü ekiak leinürü,

Mündia argitzen dizü üngürü-üngürü,

Ni ere zur’ ondoan hala nabilazü,

Eia maite naizünez, otoi, erradazü.

—Maitatü züntüdala, badizü aspaldi,

Ez benereizün erran oraino zihauri,

Bihotzean edüki pena handireki,

Zihauri erraitera, oi ezin atrebi.

—Beltxaran preziusa, oi pare gabea,

Mündü orok diozü zirela enea,

Mündiak jakin eta, ni jakin gabea,

Ontsa egiten düzü disimülatzea.

Disimüla ezazü ahalaz lüzazki,

Bai eta segretia etxek zihaureki,

Maite ükenen zütüt hargati nik beti,

Gero izanen gira biak algarreki.

Ahüzkiko artzainak artzain famatiak

Ardiak iler eta plazala dantzara,

Neskatila gaixuak bertütez ataka,

Eta gero gibeleti trüfa eta nausa.

Petiri Etxeberri, ai, zer oilarra hi,

Hel eta ber’hala jauzten pulardari,

Barkoxen düzie arauz muda hori,

Garazin ez diagü etxit lege hori.

Lexare gibeleta, oi, Altzürüküko,

Hanko bereko nausi hautüzkuentako,

Ahartzatzak badütie artzainen doneko,

Ardiak ez dzietzü antzü baratüko

Adio Ahüzki eta Nabolegi,

Dolü egiten deiziet Lakarsororeki,

Goraintzi erran izozie Ziprian Pinori,

Milesker derogüla haren karesari.

 

Anonimo, XVIII-XIX mendeak

Zure hatzaren ez galtzeko

“Muga anitz zeharkatu dut,

Kontrol zakar sobera pairatu

Zuregatik.

Badakit

Izenetik beretik

Eraikuntza faltsua naizela:

Urguilua eta beldurra

Daramatzat

Nigan.

Gaua dator Lagako hondartzara.

Kobre koloreko itsasoan Izaro datza itzal.

Ogoño lur muturra uhinetaraino

Itxeskatzen bezala da ispilu bila.

Memoria ezabatzen doa.

Saminak ahanzten ditut

Nire biharraren balizko ardatza

Bizi-pozez zizelkatzeko.

Ubarroi hegaldi bat miretsiz

Xuxurlatzen dut ad libitum:

Nork zaitu hark urrunetik

Bezainbeste maite?

Mapa handia tatuatu dut begiaren zurian

Zure hatzaren ez galtzeko.”

 

Itxaro Borda

Maitea zurekin

Ihes leku onena

zu zaitut maitea

Mendi, zeru, itsaso,

hiri eta etxe,

Begiak ortze tutzu,

besoak hegalpe,

Gorputz osoa berriz,

lurreko baratze.

 

Zubia bota dizut,

eskaintza et’eske

Ta hortik bazatozkit

ixilka bisitaz

Ene hutsaren bete

opari egina.

 

Herio dug’ukatzen,

oraina baztertzen

Eternitateari

gako bat ebasten

Eta zorion laburra

elez emendatzen.

 

Jean Louis Davant

Gaua gure estalgia

Gaua gure estalgia

izan ihintzak bustia

urruti zuri zuria

ilargiaren begia

 

Larru gainean desira

lau esku juntatzen dira

joan daitezen jostatzera

gozamenaren habira

 

Maitasunaren intzaurra

bildua dugu eskura

dezagun kraska axala

ahalaz bihotza zila

 

Entzuten ditut ixilik

zure hats beherapenak

maitearen lo arnasak

ez dakar egia baizik

 

Aldi guziz harritzen naiz

zoin den hutsa zoriona

horra hire gandik joana

ez hadila izan bekaitz

 

Jon Casenave

Errepikak

Ahantzi nahi ditut etsipen kantuak

Herri zapaldu honen intziri-nigarrak:

Taigabe daramagun burruka gogorrak

Dakarzki berarekin hazi emankorrak…

Nik ez dut bizi nahi besoak mozturik

Bi zangoak herrestan bizkarra hautsirik:

Izar bati begira lagunak eginik

Esperantza kantatzen ez naiz asperturik!

Nola oihan mendiak berdin itsasoak

Musika xoragarriz diraden beteak

Lurtatze berri baten indarki bultzadak

Daldaratuko ditu zeruko izarrak!

Mespretxu zapalkuntza kalapita auzi

Herri ukatu baten morroi marka guzi

Dator Askatasuna hodeiak doatzi

Ager gaiten dantzara bihar edo etzi!

Manex Erdozaintzi-Etxart

Begiratzen dut gogoan

BEGIRATZEN DUT GOGOAN

Begiratzen dut gogoan

buruhunaren zokoan

etxe barneko usaina;

amak goizik egin salda

familiako mahaina

eta sukaldeko malda.

Begiratzen dut gogoan

oroitzapenen zoroan

bustia ezkaratzean;

aitaren tresnen balantza

xingar azpien atzean

eta sagutxoen dantza.

Begiratzen dut gogoan

memoriaren gozoan

arin doan haize ona,

ogien uhain horia

zeru urdinen sakona

eta larrosen loria.

Begiratzen dut gogoan,

bizitza nola badoan,

nere herrikoen soa

perla sortu izerdia

ardoan galdu basoa

eta erran hitzerdia.

Begiratzen dut gogoan

azken beltzaren mokoan

haur nintzaneko denbora

ur eta oihan artean,

nola lehen bedi lora

zorion bat anartean.

Itxaro Borda , 1982

Banaki

Banaki

air’epelaren gozotasuna iresten

Banaki

xoriaren kantu eztiak entzuten

Banaki

naturaren isiltasuna ulertzen

Banaki…

 

Banaki

zuhaitzaren itzalean lo egiten

Banaki

hostoen lan izkutuaz orroitzen

Banaki

egun berriaren argian begiratzen

Banaki…

 

Banaki

iturriko freskotasuna jastatzen

Banaki

mendiko gailurraraino igaiten

Banaki

zeruaren zabaltasuna jasaiten

Banaki…

 

Banaki

belar lodiaren besoetan etzaten

banaki

lore uzkurraren gorputza buluzten

Banaki

pentze hontan amodioa egiten

Banaki…

 

Txomin Heguy

Olerkia ongi entzun ondoren irakurri eta grabatu zure bertsioa

Ikusten duzu goizean

Joan Batista Elizanburu Irazabal

(Sara, Lapurdi, 1828ko abuztuaren 14a – 1891ko urtarrilaren 2a) euskal idazlea izan zen, Mitxel Elizanbururen lehengusua. Labaienen eta Sarasolaren ustez, XIX. mendeko euskal poetarik onena izan zen, umoretik tristurara erraz igarotzen zekiena. Olerkiez gainera, eleberri labur bat ere idatzi zuen, Piarres Adame izenekoa, 1888an Pauen argitaratu zena.

 

Wikipediatik hartuta

Kantua bizpahiru aldiz ongi entzun ondoren, irakurri eta grabatu 2 bertso.

Bidean

bideko harriek ikusi dutenean

bideko harrien gainean itzal argi batean

gaueko bide gainean itzal batean

lehen bidean eta azken bidean

bidearen luzean

biziaren bideak, batetik bestera, argiaren berrian

biziak batetik bestera berrian

batek besteari: bat garenean

bat gara bidekoan

bat bidean

bide luze hautsikorrean

betikotz hautsia nahi luketen bidean

askatasunak argitu bide ezinbestekoan

harri hautsiek hautsiduragatik moldatu bidean

biziak heriotzik gabe eraikiko ez zuen bidean

bideko harrien erdian

harri gauean

harrietan

bidean

Lucien Etxezaharreta, «Begira»

Amets bat, amets bi

Henriette Aire Etxebarren (Urepele, Nafarroa Beherea, 1943ko maiatzaren 22a – ) euskal idazlea da.
Xalbador bertsolari handiaren alaba da. Bere lehen olerkiak Maiatz aldizkarian atera zituen. Olatz Zugastik bere zenbait olerki (Goizeko bortzetan, Kristala porroskan) kantatu ditu. Aipatu lehen olerkiari Jojo eta Ramuntxok ere ipini diote musika. Imanolek (Haurraren aita) edo Beñat Axiarik (Kaska) ere urepeldarraren olerki batzuk erabili izan dituzte.

Wikipediatik hartuta

 

Bi esku bet betan

Eskuz esku lotzekotan

Fereka bat fereka bi

Bi esku bet betan

Elgarri fereketan

 

So bat bertzeari so

Elgarrentzat bi itsaso

Uhain bat uhain bi

So bat bertzeari so

Uhain berean bi itsaso

 

Musu bi uste gabean

Berandurik musu berean

Musu bat musu bi

Musu bi uste gabean

Ahantzirik musu berean

 

Maitasuna zertarako izendatu

Hedoi gainean ibiltzekotan

Amets bi hedoi berean

Amets bat amets bi

Amets bi doatzi airean