Harmonika (Lucien Etxezaharreta)

Entzun edota irakurri Luzien Etxezaharretaren ipuina, eta gero ikusi berarekiko elkarrizketa.

Ipuina

Oraindik gogoan dut, aspaldikoa bada ere. Egungo egunean baluke segur izen bat, nola “harmonika kromatikoa”. Zilarraren egite zuen metalezko axala zuen, gainean zernahi gauza izkiriaturik zituela, konprenitzen ez nituenekin. Orain ohartzen naiz alemaniar hizkuntzan ezarriak zirela, hitz luze konplikatuak, enetzat arrunt arrotzak, nintzen mutiko ttipiarentzat. Ez dut geroztik sekulan ikusi holakorik. Aski haundia iduritzen zautan. Ufatzen zelarik halako musika pollita ateratzen zen eta, gainera, bi aldeetarik ufatzen ahal zen. Orain ez nindaike gai erraiteko ezberdintasunik bazenez bi aldeen artean. Xoko batean edo tireta batean gordea zen, sukaldeko armarioan. Noizbehinka hartarik hartzen nuen jalitzen ahal nituen musika notekin jostatzeko. Haur denboran amatxik edo amak kantatzen zituzten aire batzu nola jalitzera entseatzen nintzen. “Iruten ari nuzu” edo “aitak eman zerautan” uste dut. Harmonika horrek halako ahoak bezala zituen bi aldeetan, xilo batzu, bakotxak bere nota zuela. Holako musika tresna guzietan bezala ez zen xilo batean bakarrik ufakoa sartzen bainan bederen hiruzpalauetan, horrek ziola “harmonia” zerbait sorrarazten. Bainan beti musika horrek bazaukan halako tristezia zerbait. Herriko pestetan, plazan, entzuten nuen akordeoiak etzuen holako sentimendurik pizten, alegrantzia baizik. Nago zeren gatik. Behar bada harmonika bakartasunari lotua baita. Arina baita, norberak noranahira eremaiten ahal du aise. Mendi edo erreka xoko batean jotzen ahal da, haizea, xorien kantuak edo errekaren arramantza lagun. Bere buruari zerbait kondatzeko edo berdin, gehienetan, zerbaitetaz orroitzeko.

Amatxik emana zaukun. Aitatxirena zen. Aitatxi, 1933an zendua zena Hamalueko gerlaren zaurietarik, hamabost urte pairaturik buru hezurrean sartu obus puska batzuen gatik. Geroztik maiz pentsatu nuen aitatxik trintxeretan harrapatu soldado aleman hil baten zaku batetarik hartu zukeela, bere granadaz bete musetan sartu eta berekin atxiki zuela. Gizon fina zen ene aitatxi, ez dut ezagutu, eta gerlatik landa, soldado kolpatu ainitzek bezala, lan publiko bat ardietsi zuen, kantonier gisa Kanbon, “herriko mutil”, orduan erraiten zen bezala. Nekez ari zen lanean, inbalier bezala ekarria baitzen. Ikusi ditut bere paperak: borrokatu behar izan zuen jainkoak daki zenbat komisionetan bere zaurien onararazteko. Ikusi dut %20eko inbaliertasuna onartu ziotela, geroxeago %50era goititu zela, eta hil zorian zelarik 80etaraino goititzea onartu ziotela. Orduan ere administrazionearekin batailatu behar zen. Ikusten dut ere, bide bazterretan, arroila garbitzen, sasi mozten, aiotza edo sega eskutan, edo herriko lan batzuetan, eta noiztenka akidurak geldiarazirik lurrean jarria. Berdin bere harmonika sakelatik aterako zuen eta “la Madelon” edo beste aire zerbait emanen bere lagunen aintzinean.

Ikusten dut ere ene ametsetan, gerlako frente eta “khana” horietan, egun luze etsigarrietan, zilo batzuetan kokatua, sentinela batzu zaindari parreko etsaien ziloetarik zerbait aterako zen igurikatzen edo airean burrunba ikaragarrian urrundik bota obus hiltzaile bat erori artean hurbilagotik “minenwerfer” horietarik batek gure “crapouillot” bati errefera emanen zion artean…Egun eta gau luzeak beha egon behar.  Kartetan ari, usu gertatzen zen bezala, etxekoeri zerbait idazten. Eta batzuetan sakelatik ateratu harmonikarekin nota batzu jalitzen. Lurpean posible zitekeen, harrabotsa tapatua zelakoan. Lubakietan, belauneraino iztilean sartua, ixilik egon beharko zen, etsaiak ez zezan jakin norbait bazela hor, bereziki atake bat erabakia zelarik, baioneta harmaren puntan finkaturik jauzi egiteko ordenaren zain zirelarik. Nolako musika jotzen ote zuen? Dudarik gabe, astia ukan zuen tresnaren ontsaxko baliatzeko. Hain urrun zen bere Irisarri eta Azkarateko herritarrez orroitzeko, heien aire goxoak emanez, “Iruten ari nuzu” edo “aitak eman zerautan”?

Noizbait aitatxiren harmonika galdu zen. Emeki emeki bere ziloxkak funditu ziren. Gainean, bi eskualdeetan ziren ixkirioak higatu ere, zilar metal finaren dirdira itzali. Soinurik ez zitekeen gehiago jalgi. Garbiketa egun batean berdin botatu daiteke. Ez nuen orduan kasu haundirik egin, gainera utziak nintuen ordukotz etxeko bazterrak. Eskoletako lan higagarrien artean ez nukeen hartaz gogoratzeko astirik. Joan dira urteak. Egun hauetan aitatxi Batitaren soldadogoko paperak ikusi berriak ditut. 1910ean, hogoi urte zituela soldado sartu zen bi urte pasarentzat Baionako 49.ean. Urte et’erdi soldado zerbitzua bururatu eta 1914eko agorrilaren bian mobilizatu zuten. Kolpatua izan zen 1918ko martxoaren 30ean, obus puska bat foltsuan eta beste bat matel hezurrean, %10eko handicap bat aitortu zioten bainan “service armé” hortan soldado egon behar izan zen 1919ko agorrilaren 18a arte. Hainbeste urte luze, gaztetasun ito bat sofrikario eta dolamenean artean, hain urrun, bainan harmonika lagun, orain arte bizi.

Bidean

bideko harriek ikusi dutenean

bideko harrien gainean itzal argi batean

gaueko bide gainean itzal batean

lehen bidean eta azken bidean

bidearen luzean

biziaren bideak, batetik bestera, argiaren berrian

biziak batetik bestera berrian

batek besteari: bat garenean

bat gara bidekoan

bat bidean

bide luze hautsikorrean

betikotz hautsia nahi luketen bidean

askatasunak argitu bide ezinbestekoan

harri hautsiek hautsiduragatik moldatu bidean

biziak heriotzik gabe eraikiko ez zuen bidean

bideko harrien erdian

harri gauean

harrietan

bidean

Lucien Etxezaharreta, «Begira»