Azken gutizia

SARRERA

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan (Bilboko Kirikiño ikastolan) eta testuliburugintzan (Giltza argitaletxean) aritu zen hainbat urtetan.

Helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa, bai poesia. Oso luzea eta oparoa da Miren Agur Meabe idazlearen liburuen zerrenda. Ugariak dira, horrezaz gain, sariak, aipamenak eta aitortzak ere. Euskaltzain urgazlea da 2006tik.

Azken gutizia ipuina 2000. urtean argitara eman zuen Txalapartak Gutiziak liburuan, euskal emakumezko idazle askoren testuak biltzen dituen liburuan, alegia. Gutiziak dira, gure desira agerikoenez zein ezkutuenez mintzo direnak, ilunenez esango luke Buñuelek. Hona hemen, beraz, zure konplizitatea bilatzen duen gutizia literarioa…

IPUINA

+I. zatia
Gustukoak ditut gizonak.

Zehatzago esateko, gizonezkoek, oro har, jakin-mina pizten didate. Gizon helduek, morboa. Baina gaur gaurkoek eta bihar biharkoek, ulertzen da.

Abokatu bat, musikari bi, tabernariren bat, hiruzpalau irakasle, sukaldari bat edo beste eta baxurako arrantzale batekin ibili naiz, tarteka, gaur irriño, bihar barre, etzi zantzo… eta ujiak urritzen hasitakoan, besarkada goxo bat, azken afaria eta esaldi magikoa: «Adio. Ez zaitut sekula ahaztuko».

Hala ere, ez dut oraintsu arte idazlerik ezagutu. Ez, hain zuzen, atsegin ez nituelako. Kontrara, balio gehigarri inportantea aurkitzen nien. Uste nuen aparta izan behar zuela zigalak afaldu eta oheratu bitarteko zatia fineziaz idatzitako bertso-lerro batzuen bidez edo dotoreziaz idatzitako nobela pasarte biribil batekin gorputz-arimak berotzea.

Pentsatze hutsak burua galdu eragiten zidan, besterik gabe. Egia esatera, «proiektu intelektual» batean zelanbait parte hartzeko irrikitan nengoen, musa, zuzentzaile, aholkulari edota konfesore gisa. Bost axola.

Halakoren batean, atzenean, egokitu zitzaidan espezie horretako izaki bat aurkitzea. Hara:

Nire idazlea mundu honetakoa zen, baina bestekoa ere bai, aldi berean. Eta munduan izan litekeen oparirik ederrena utzi zidan…

Nire idazleak, bet-betan, ukitu berezia eman zion nire bizimodu nasaiari, sarri ere sarri egiten baikenuen topo zinean, hitzaldiren batean, edota kalean bertan, ustez ustekabez.

+II. zatia
Lasterrera antzeman nizkion tik bereziak: haren begietan kuku egiten zuen seriotasunak adierazten zidan esan beharrekoa ongi hausnarturik izaten duten pertsona sakon horietakoa zela; azalpenak ematean eskuekin egiten zituen keinu zabalak, nire arreta biltzeko eta adostasuna irabazteko ahalegin zintzoak iruditu zitzaizkidan; bibote ilegorriaren ezker muturrari tenk egiteko zuen joera urduriari maitagarria iritzi nion.

Egunkari baterako artikuluak idazten zituen aldika, itzulpenen bat egiten zuen noizean behin, ipuin laburrak asmatzen zituen, hitzaldi xumeak diseinatzen. Inorantetzat zuen bere burua poesi alorrean, nahiz eta gehienbat poesia idatzi.

Bestalde, nekez onartzen zuen idazle deitzea. Nahiago zuen «Fulanito naiz, eta batzuetan idatzi egiten dut» esatea. Aurkezpen formula light aproposa zen hori, kaloria gutxikoa, ia-ia inguruko jende guztia idazten dabilenean zaila delako titulu hori norbere buruari jartzea inuzentea edo harroputza izan gabe, esplikatu zidan berak.

Liluratu egin ninduen eta neuk ere xarmatu egin nuen bera. Ezin nuen sinestu. Elkarrekin oheratu ginen gauaren biharamunean (ez zen egon olerki zurrumurrurik ezta nobela pasarterik zizka mizka erotiko moduan) etxetik alde eginda zegoen begiak ireki nituenerako. Bere aldea epel-epel zen oraindik. «Laztantxua! Musurik ere ez dit eman ez esnatzearren», esan nuen neure artean. Leihoa zabal-zabalik zegoen eta urrezko argia zerien hodeiei. Haize bolada fin batek gorputz biluzia bildu zidanean, harpa soinua lakoa sumatu nuen airean.

+III. zatia
Gauean etxera itzuli nintzenean, atseginez begiratu nion oheari. Egun osoan egiteke egon diren oheen zabarkeria eta hoztasuna jasanezinak zaizkit, eta goiz hartan, belutxo jaiki nintzelarik, halaxe utzi nuen, behingoagatik. Bezperako oroitzapenek kilimak egiten zizkidaten bihotzean, eta egin gabe utzitako ohea nire lehenbiziko bohemia seinaletzat hartu nuen. Tira ba!

Afaldutakoan ohera sartu nintzenean, aldiz, kilimak bihotzean barik, sudurrean ere igarri nituen. Doministiku egin nuen. Eta doministiku berriro ere. Izara artean lumatxo txiki batzuk zeuden, zuri-zuriak, leunak, kilikariak. Almohadatik irtendakoak zirelakoan, plis-plas-plas, eskukada bitan astindu nituen.

Lumok almohadatik ihes egindakoak ez zirela bizkor konturatu nintzen. Hurrengo aldian ere horixe gertatu zelako, eta hurrengoan, eta ostekoan. Idazlearekin maittemaitte paradisuan legez egoten nintzen orotan, ohean lumak eta leiho irekiaz bestaldean pelikulako zerua topatzen nituen egunsentian. Idazlearen arrastorik ez.

Pentsatu eta pentsatu aritu nintzen. Zalantzan nengoen gure istorioa bertan behera laga behar izango ez ote genuen (izan ere, nik usin eta usinka jarraitzen bainuen). Nondik ateratzen ote ziren lumak? Nola aurre egin nire alergiari? Zergatik esnatu ohe hutsean?

Gero eta tristeago nengoen, gero eta suminduago. Berak bazekien. Ez zidan, ordea, misterio hura argitzen laguntzen. Isil-isilik begietara so egiten zidan asko jakin baina gutxi dioenak izan ohi duen begirakune mutu eroapenez beteaz.

+IV. zatia
Egun batean, gure azken gauaren goizaldean, opari bat aurkitu nuen leiho ondoan, munduan izan litekeen eskaintzarik preziatuena: koaderno bat.

Nik, koadernoari, hautsa kentzen diot egunero zetazko zapitxo batez. Zaindu eta bularraren kontra estutzen dut, amultsuki. Koadernoaren egunetik idazlea ez baitut berriz ikusi. Eta gogogabeturik nago, arestian alaiak ziren nire begiek ez diotelako beste inori begiratu gura.

Idazlea izan zen, ba, nire azken gutizia. Ez dakit hau guztia gaindituko dudan. Koadernoaren orri zurietan ugaritzen doaz apur-apurka neure zirriborroak. Dagoeneko ez dut doministikurik egiten. Alta, pena samina ematen dit aingeruek lumak askatzen dituztela beranduegi konturatu izanak.

I am text block. Click edit button to change this text. Lorem 

SINONIMOAK

HITZ ERATORRIAK

BERRIDAZKETAK

ULERMENA

BESTE IPUINAK

Piton sugea

SARRERA

Errenteria, 1949. Gizarte Laguntzarako ikasketak egin ondoren lau urtez bizi izan zen Parisen eta han Filosofian lizentziatu zen 1973. urtean. Frantziako hiriburutik itzultzerakoan, euskara ikasteari ekin zion; irakasle egon zen lehenengo Zarauzko ikastolan eta Lasartekoan geroago.

Zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle gisa jardun zuen. Egun, Literaturaren Didaktikako irakaslea da Donostiako Unibertsitate Irakasle-Eskolan (EHU). ArgiaEginPunto y Hora eta Anaitasuna-n batez ere artikulugintzan jardun izan du, eta gaur egun ere horretan dihardu zenbait aldizkari eta egunkaritan.

1982an lehenengo ipuin liburua argitaratu zuenetik Haur eta Gazte literaturan eman ditu bere literatur ekoizpenaren lanik gehienak. Berritzailea eta kritikoa izan da esparru honetan. Oparoa liburuak idazten (hogeitahamar bat titulu argitaratu ditu); hizkuntza askotara itzulia (katalana, galiziera, gaztelera, ingelesera, frantsesera, alemaniera, grekerara, arabiarra, koreanoa…); jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina…

Piton sugea ipuinaTxalapartak argitaratu zuen Gutiziak izeneko liburuan (gutizion egileak euskal emakumezko idazleak dira). Gainera, Alukiss. Basotik edanez liburuan ere argitaratu zen testu hau (Antton Olariaga eta idazle askoren arteko liburua, Ereinek kaleratutakoa).

IPUINA

+I. zatia
…zeharka hitz egiten dudala, zeharka nabilela, eta zer? Bada horregatik, hain zuzen, marra zuzenari diodan amorru eta gorrotoagatik, hurbildu nintzaion berari, Jemaa el Fna plaza marokoar hartan, eta igual-igualak ginela iruditu zitzaidan, benetako izaera ezkutuari dagokionez esan nahi dut, maitasun beharrak narrasti eta bihurri bilakatzen baikaitu, korapilo eta uztai afektiboak sortzen…
+II. zatia
nola ulertu bestela, etxera heldu eta osasunez sendo eta oihanean ohitutako bi metro eta erdiko piton sugea nire bizkarretik gora igotzen aritzea, laztan herabetiz nire belarriak amultsuki laztanduz hastea…
+III. zatia
esaidazue zer esan nahi duen horrek, norbait maitatzeko behar ikaragarria duela ez bada, animalia gajoa kariño faltan, kariño faltan hiri handi honetan, eta nire lepoa inguratuz bere burutxo berdea aurpegira begira-begira geratzen zaidanean egungo populazioaren hazkundeaz hitz egiten diot nik, nola hirian gero eta jende gehiago dagoen gu gero eta bakarrikago gauden bitartean, eta horrelakoetan, ez dago munduan berak ematen didan baino besarkada estuagorik, sutsuagorik, burutik hasi eta hanka puntetarainoko besarkada, sentsazio esplikaezina, ene piton maitea…
+IV. zatia
eta hori ezin dute ulertu etxera etorri eta hirian naufragatutako piton suge ederra sofan etzanda ikusten dutenek, are gutxiago lurrean biribildua aurkitzen nautenean, eta zaila egiten zait ezertxo ere ulertzen ez dutenen galderei erantzuten hastea, ea zer jaten duen nire piztia horrek, ea akuririk edo arratoirik ematen diodan, eta ziur nago erotzat hartzen nautela noiz irentsiko nauen zain nagoela aitortzen diedanean.

I am text block. Click edit button to change this text. Lorem 

ARIKETAK

BERRIDAZKETAK

ADIZKIAK

ERLATIBOZKO PERPAUSAK

ZEHAR GALDERAK

BESTE IPUINAK

Etorkizuna

SARRERA

Donostia, 1966. EHUn Geografia eta Historian lizentziaduna da eta, egun, bertako irakasle ere bai. Gasteizen bizi da. Zaldua ipuin arloan da nabarmena. Ipuinlaritzat dauka bere burua. Halaber, saiakera, haur eta gazte literatura, komikia eta literatur eta musika kritika ere lantzen ditu. Era berean, literaturari buruzko Volgako Batelariak aldizkari digitalaren partaide nagusietakoa da.

Zalduak istorio zorrotz, ironiko eta umoretsuak eraikitzen ditu. Bere lanen beste ezaugarri nabarmena egileak paradoxak eraikitzeko daukan joera litzateke. Baita errealitatea eta fikzioa nahasiz, hiper-errealitateak sortzeko abilezia ere.

Horren adibide, ondoren entzungai duzun ‘Etorkizuna’ ipuina. Etorkizuna liburuko hamabost ipuin politikoetako bat.

IPUINA

+I. zatia
–Ama, hildakoak, nora eramaten dituzte?
Amak ez entzunarena egin du, alabak galdera errepikatuko ez duen itxaropenarekin.
–Amaaa. Galdera bat egin dizudalaaa…
–Zein galdera, laztana? Barkatu, ez dut entzun. Dena dela, ez al zaizu iruditzen mantsoegi zoazela zure askariarekin? Ale, animo, ogitartekoa amaitzen baduzu laranja-zukua egingo dizut eta.
–Ea hildakoak nora eramaten dituzten galdetu dizut, ama.
–Hildakoak? Ba, bueno, batzuk lurperatzen dituzte. Horretarako dira kanposantuak; badakizu, Iparraldeko parkerako bidean dagoen lorategi hori… Paretik pasatzen gara maiz.
–Lurperatu egiten dituztela?
–Bai, lurperatu, lur azpian sartu.
–Lur azpian: biluzik?
–Ez, ez, jantzita. Lehenengo egurrezko kutxa batean sartzen dituzte, eta kutxa da lurrean egindako zuloan ipintzen dutena; hori hilobia deitzen da. Gero lurrez estali eta bertan uzten dute.
–Batzuk lurperatzen dituztela esan duzu. Eta besteak?
–Beste batzuk erraustu egiten dituzte.
–Erraustu?
–Bai, erretzen dituzte; errauts bihurtu. Labe berezi batzuetan.
–Eta zer egiten dute errautsekin?
–Ba… batzuk leku jakin batean haizatzen dituzte, hildakoari asko gustatzen zitzaion lekuren batean adibidez. Beste batzuk, berriz, ontzi berezi batean gordetzen dituzte.
+II. zatia
–A…
–Baina, esan, Ixiar, nork hitz egin dizu hildakoei buruz?
–Iñakik.
–Iñakik?
–Bai, ikastolakoak, gure gelakoak.
–Eta zer dela eta kontatu dizu ezer hildakoei buruz?
–Bere aitak esan diolako egunen batean hilko dela.
–…Hilko dela…? Baina… Nola…?
–Ba horixe, egunen batean hilko dela. Eta bere aita ere bai.
–Eta kontatu al dizu zer gertatzen zaien hildakoei hil ondoren?
–Aitak esan zion Iñakiri zerura joaten direla, eta izar bihurtzen direla han: horregatik daude horrenbeste. Hala al da?
–Bueno, hori da batzuek pentsatzen dutena.
–Beraz, lurperatzen dituztenak hilobitik atera eta zerura abiatzen dira?
–…
–Eta errausten dituztenak, ama? Nola egiten dute horiek zerura igotzeko, eta izarren moduan pizteko?
–Esan dizut ba hori pertsona batzuek pentsatzen dutena dela, Ixiar.
–Eta zuk? Zer uste duzu zuk, ama?
–Ba… ba ez dagoela ezer. Hil ondoren ez dagoela ezer. Desagertu egiten direla hildakoak, animaliak bezala.
–Ni hilko naiz, ama?
–Ez, zu ez, laztana, zaude lasai.
–Eta zu, amatxo?
–Ezta ere. Eta orain, segi jaten, edo ez dugu sekula amaituko. Lagunekin parkera jaitsi nahi baduzu hobe duzu ogi-apurrik ez uztea, ados?
+III. zatia
Geroago, Ixiar oheratu ondoren, etxeko androideak prestatu eta zerbitzaturiko Meunière mihi-arraina afaltzen ari direla, amak bota dio aitari:
–Heriotzaren kontuarekin hasi zait gaur zure alaba.
–Hara!
–« Hara »: hori al da bururatzen zaizun guztia?
–Tira, emakumea, ez da horrenbesterako, ezta?
–Eskolako batek komentatu dio. Iñaki delako batek. Ezagutzen al duzu? Ba al dakizu zeintzuk diren bere gurasoak?
–Iñaki, Iñaki… zein esaten duzu, ile horixka duen hori, estratobus geltokikoa? Abizena Argandoña duela uste dut… plaza ondoko domoetako batean bizi dira, oker ez banago.
+IV. zatia
–Zuk uste duzu… hilkorrak direla?
–Ez nuen sekula horretan pentsatu, baina… bai, posible da.
–Nik uste nuen, Lizeora bidalita, Ixiartxo ez zela halako jendearekin nahastuko.
–Hiriko eskolarik garestienetako bat da, eta horregatik aukeratu genuen. Izan ere, ez dut uste hilkor asko egongo denik bertan matrikulatuta. Baina Lizeoak ezin du bazterketarik egin, kuotak ordainduz gero behintzat, eta are gutxiago hilkorren eta hilezkorren artean. Jaurlaritzaren diru-laguntza galduko luke bestela.
–Ba ez zait ondo iruditzen, Imanol. Eta gure alaba Iñaki horren lagun mina egiten bada? Oso harreman desorekatua izango litzateke. Iñaki hori hil egingo da egunen batean, ezinbestekoa da, eta horrek min handia emango lioke gure Ixiarri. Uste nuen horretaz hitz egin genuela, bakarrik hilezkorrekin ibiltzea komeni zitzaiola gure alabari.
–Bost urte besterik ez ditu, Maite! Egon lasai.
–Halere… Eta, bestalde, ez dut ulertzen, Lizeora bidaltzeko adina diru izanda, nolatan ez ziren gai izan semearentzat hilezkortasun programa genetiko bat ordaintzeko. Krudelkeria iruditzen zait.
–Ez dakigu zergatik ez duten egin. Agian umea jaiotzera zihoanean ez zeukaten diru hori. Eta, bestalde, badago hilezkortasuna arbuiatzen duenik ere, ondo dakizu, nahiz eta dirua izan.
–Ez dut sekula ulertuko, benetan.

I am text block. Click edit button to change this text. Lorem 

ARIKETAK

HIZTEGIA

BERRIDAZKETAK

PERPAUS KONPLETIBOAK

ZEHAR GALDERAK

BALDINTZAZKO PERPAUSAK

BESTE IPUINAK