Joan soseguz – Ruper Ordorika

Entzun Ruper Ordorikaren abestia eta gero ariketa egin.

Beste sasoi batean, bizitza,
denbora honetan ez, halako batean.
Beste hiri batera abiatu,
ahotsen artean zu ezagutu.
Baina hor ari zaizkit etxeko hotsak,
herriko kanpaiak,
hego haizea.
Gora eta behera dabila ene gogoa,
ez daki zuzen nondik nora joan.
Joan soseguz,
lasai joan,
haizea lagun da
aldaketan.
Joan soseguz,
lasai joan,
pausoa luze eman
leunean.
Ihesi nahian dabila ene burua,
ilargi beteak erakartzen ura.
Gora eta behera dabila ene gogoa,
ez daki zuzen nondik nora joan.
Joan soseguz…

Maitea zurekin

Ihes leku onena

zu zaitut maitea

Mendi, zeru, itsaso,

hiri eta etxe,

Begiak ortze tutzu,

besoak hegalpe,

Gorputz osoa berriz,

lurreko baratze.

 

Zubia bota dizut,

eskaintza et’eske

Ta hortik bazatozkit

ixilka bisitaz

Ene hutsaren bete

opari egina.

 

Herio dug’ukatzen,

oraina baztertzen

Eternitateari

gako bat ebasten

Eta zorion laburra

elez emendatzen.

 

Jean Louis Davant

Gaua gure estalgia

Gaua gure estalgia

izan ihintzak bustia

urruti zuri zuria

ilargiaren begia

 

Larru gainean desira

lau esku juntatzen dira

joan daitezen jostatzera

gozamenaren habira

 

Maitasunaren intzaurra

bildua dugu eskura

dezagun kraska axala

ahalaz bihotza zila

 

Entzuten ditut ixilik

zure hats beherapenak

maitearen lo arnasak

ez dakar egia baizik

 

Aldi guziz harritzen naiz

zoin den hutsa zoriona

horra hire gandik joana

ez hadila izan bekaitz

 

Jon Casenave

Errepikak

Ahantzi nahi ditut etsipen kantuak

Herri zapaldu honen intziri-nigarrak:

Taigabe daramagun burruka gogorrak

Dakarzki berarekin hazi emankorrak…

Nik ez dut bizi nahi besoak mozturik

Bi zangoak herrestan bizkarra hautsirik:

Izar bati begira lagunak eginik

Esperantza kantatzen ez naiz asperturik!

Nola oihan mendiak berdin itsasoak

Musika xoragarriz diraden beteak

Lurtatze berri baten indarki bultzadak

Daldaratuko ditu zeruko izarrak!

Mespretxu zapalkuntza kalapita auzi

Herri ukatu baten morroi marka guzi

Dator Askatasuna hodeiak doatzi

Ager gaiten dantzara bihar edo etzi!

Manex Erdozaintzi-Etxart

Banaki

Banaki

air’epelaren gozotasuna iresten

Banaki

xoriaren kantu eztiak entzuten

Banaki

naturaren isiltasuna ulertzen

Banaki…

 

Banaki

zuhaitzaren itzalean lo egiten

Banaki

hostoen lan izkutuaz orroitzen

Banaki

egun berriaren argian begiratzen

Banaki…

 

Banaki

iturriko freskotasuna jastatzen

Banaki

mendiko gailurraraino igaiten

Banaki

zeruaren zabaltasuna jasaiten

Banaki…

 

Banaki

belar lodiaren besoetan etzaten

banaki

lore uzkurraren gorputza buluzten

Banaki

pentze hontan amodioa egiten

Banaki…

 

Txomin Heguy

Olerkia ongi entzun ondoren irakurri eta grabatu zure bertsioa

Azken karrusa

Entzun edota irakurri Antton Lukuren ipuina.

        Gure herrian bizi izan den neska gazte baten istoria kondatzen du idazki honek. Jauatzeko Añarena. Sortu zen herriko bazter etxalde tipi batean, denborarekin etxalde bilakatu ziren borda txar haietarik batean. Ama hil zitzaion sortu zuelarik. Aita bost urte zituelarik mando  ostiko baten ondorioz. Osaba eta ttantta xahar batzuek hazi zuten. Etxekoak, amarenak beraz.

        Biziki neska atsegina eta ausarta zen, biziki  elekari pollita. Etxetik zuen hori. Ttantta zirtolari bizia zen eta zaharra, osaba, guti mintzo zen gizona, noiztenka sekulakoen ateratzeko, nehork gehiago uste ez zuelarik.

        Eskola utzi zuen besteek bezala, herriko eskola tipia finitu eta. Ez zuen luzatzeko ez xantzarik, ez  emeiarik ukan, etxen ez ziren gaztetzen ari. Igandetako meza zuen ateraldi bakarra, merkaturat ttantta zen joaten. […]

        Lehen auzoan, nagusia, Zarlez, gizon plaxenta zen, aski alferra, emazteak zuen etxaldea kudeatzen. Etxeko semea Añaren adina zen, mutiko umileta kopeta apal bat, nekez mintzo zena. […]

        Bigarren semea ere bazuten. Noiztenka. Etxean zelarik. Ostatu zilo bat. Kaiet. Kontrabandan ari izan zen eta dirua polliki irabazi, azkarra eta ausarta baitzen, aise ibiltzen zen mendian eta soraioa kabalekin . Hainbeste irabaz, hainbeste xahu, deus gabe gelditzen zen ardura eta gertatzen zitzaion herriaren mintzarazteko doia, hortik lekutzea Frantzia behere hartarat, lanerat, arbola botatzera, luzean segatzera edo beste. Sasi arraintzan eta ihizin jite haundikoa, baina bere egiazko ofizioa ostatua zen. Harat hurbiltzen zelarik loriatzen ziren edaleak, hain ateraldi egile ona baitzen. Mihi zikina hobeki errateko. Ostatuan funtsean ardura nahasten baitira omorea eta gaixtakeria, deus ez baita ostatu batean ustelkeria baino atseginagorik.

Istorioa entzun ondoren egin ariketa hutsuneak betez.

Ikusten duzu goizean

Joan Batista Elizanburu Irazabal

(Sara, Lapurdi, 1828ko abuztuaren 14a – 1891ko urtarrilaren 2a) euskal idazlea izan zen, Mitxel Elizanbururen lehengusua. Labaienen eta Sarasolaren ustez, XIX. mendeko euskal poetarik onena izan zen, umoretik tristurara erraz igarotzen zekiena. Olerkiez gainera, eleberri labur bat ere idatzi zuen, Piarres Adame izenekoa, 1888an Pauen argitaratu zena.

 

Wikipediatik hartuta

Kantua bizpahiru aldiz ongi entzun ondoren, irakurri eta grabatu 2 bertso.

Adan eta bizitza

Ipuina irakurri/entzun baino lehen berrikusi hitz hauek, zeinak Adani eta bere familiakoei berriak baitziren.

Gaixotu zen Adan paradisua utzi eta aurreneko neguan,
eta eztulka, buruko minez, hogeita hemeretziko sukarraz,
negarrari eman zion Magdalenak gerora emango bezala,
eta Evagana zuzenduz “hil egingo naiz” esan zion oihuka,
“gaizki nago, maite, hilurren, ez dakit zer gertatzen zaidan”.

Harritu egin zen Eva hitz haiekin, hil, hilurren, gaizki, maite,
eta berriak iruditu zitzaizkion, hizkuntza arrotz batekoak,
eta ezpain artean ibili zituen maiz, hil, hilurren, gaizki, maite,
harik eta zehazki ulertzen zituela iruditu zitzaion unerarte.
Ordurako sendatua zegoen Adan, eta poz pozik zebilen.

Paradisuaz geroko lehen gertaera hark segida luzea izan zuen ,
eta lehengoez gain, hil, hilurren, gaizki, maite, Adan zein Evak
hitz berriak ikasi behar izan zituzten, min, lan, bakardade, poz
eta beste hamaika, denbora, neke, algara, eder, ikara, kemen;
hiztegia hazten zenarekin batera, zimurtuz joan zitzaien azala.

Zahartu zen erabat Adan, sentitu zuen hurbil heriotzaren ordua,
eta Evarekin elkarrizketa sakon bat izateko gogoa sortu zitzaion;
“Eva”, esan zion, “ez zen ezbehar bat izan paradisuaren galtzea;
oinazeak oinaze, minak min, gure Abelen zoritxarra halako zoritxar,
bizi izan duguna izan da, zentzurik nobleenean esanda, bizitza”.

Adanen hilobi atarian malko arruntak ixuri ziren, gatz eta urezkoak,
lurrera erortzerakoan hiazinto edo arrosa alerik eman ez zutenak,
eta Kain izan zen, paradoxaz, negarrez bortitzen puskatu zena;
Gero Evak irribarre xamurrez gogoratu zuen Adanen lehen gripea
eta halaxe, lasai, etxera joan eta salda beroa hartu zuten, eta txokolatea.