Atea

SARRERA

Aingeru Epaltza, Iruñea 1960. Kazetaritzan lizentziaduna da, eta lan horretan aritua da hedabide ugaritan, hala nola Deia, Euskal Telebista edo Navarra Hoy-n. Itzultzaile hasi zen gero lanean Nafarroako Gobernuan. Ondotik, kolaborazio anitz argitaratu du egungo prentsa idatzian eta irratietan. Lehenbiziko idazlanak Korrok fanzinean karrikaratu zituen, 1984–1989 bitartean. 1990. urtean Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakari hautatu zuten. Urte berean, Rikardo Arregi saria jaso zuen Baloraziozko Kazetaritza atalean.

Antzerki lan bat (Mugetan Irri, 1984) eta poema liburu bat (Ahur taupada geldoak, 1985) kaleratu bazituen ere, ondoko lanak narratibazkoak izan ziren: Sasiak ere begiak baditik (1986), Garretatik erauzitakoak (1989), Ur uherrak (1993), Lur zabaletan (1994) eta Tigre ehizan (1996). Eleberri labur honekin Euskadi Literatura saria irabazi zuen 1997an. Nafarroako Euskararen Kontseiluko ordezkaria izan zen, baina 1999an kargua utzi zuen Nafarroako Gobernuaren euskara politikarekin bat ez zetorrelako.

1999an Joseba Jaka beka irabazi zuen, eta laguntza horri esker kaleratu zuen 2000. urteko azaroan Rock’n’roll izeneko lana. 2006 eta 2013 bitartean, Erresuma eta fedea trilogia argitaratu zuen, XVI. eta XVII. mendeetan kokatutakoa: Mailuaren odola (2006), Izan bainintzen Nafarroako errege (2009) eta Gure Jerusalem galdua (2013). 2007an Bezperaren bezpera atera zuen, Nafarroako abertzaletasunari buruzko saiakera-lana. Bere azken lana da Mendi-Joak izenekoa, 2017an argitara eman zuen narrazio-liburua, eta mendia duena hari nagusi, hori baita narrazio guztiek duten lotura.

Baina “Mendi-joak” bildumakoak ez dira bakarrik mendiari buruzko ipuinak bakarrik. Mendiaren aitzakian edo, hobeto esanda, harajotzeko grinaren atzean ezkutatzen diren arrazoiei eta ondorioei tiraka gure gizarteko hainbat konturi heltzen diote istorioek. Ipuinotan azaltzen diren gertaeretan inplikatzeko gogoa duen irakurleak gozatu ederra hartuko du haiekin.

IPUINA

+I. zatia
Kepak begiak finkatu ditu iratzargailuaren argi fluoreszentean. Aspaldi du atzarria dagoela, baina orain arte uko egin dio jakingarriari. 3:42. Berrogeita zortzi minutu gelditzen zaizkio ohean. Kalkulatu duenez, ordu eta erdi ere ez du lotan egin.

Poliki jaiki da, emaztea ez atzartzeko. Korridore iluna komuneraino zeharkatu du, paretekin ez bukaerako arasarekin topo egin gabe. Pixa etena egin du. Azkenaldian horrela izan ohi du: zorrotada motel bat lehenbizi, eta beste bat, are motelagoa, hainbat segundoren ondotik. Sumatu du ez dela osoki hustua, baina zakila inarrosteak ez du isuria berriz ere pitzarazi, tanta batzuk salbu; pijamaren galtzetara doaz gehienak.

Itzuleran, semearen gelari eman dio begia. Karrikako argiak errainu mehe batzuk isurtzen ditu ohe hutsaren gainera, pertsianak itxi gabeko leihotik. Bere ohatzera bueltatuta, jiratzen sumatu du emazte ustez lokartua.

-Izei? -galdegin dio haren boz logaletuak.

-Segi lotan -xuxurlatu dio gizonak-. Goiz da oraino.

Behingoz kasu egin dio emaztekiak. Minutu bat geroago zurrungaka ari da. Ez arrunt ozen, bai traba egiteko bezainbat. Kontrako aldera bira eginez, begiak bildu eta ahalegindu da burua pentsamenduz hustera. Bi-hirutan, Kepa loaren mugaraino hurbildu da gisa hartara. Guztietan, nahi gabeko gogoeta batek edo emaztearen inarrosaldi batek itzularazi du gaubeilara. 4:27an, jotzeko tenorea baino hiru minutu lehenago, itzali du iratzargailua, besoa mesanotxearen aldera luzatuta. Arestian bezain isilik kanporatu da, emakumearen loa urratu gabe. Gelako atea itxi ondotik, korridoreko argia piztu du oraingoan.

Dutxan, ahalik eta ur gutxien darabil, tanten asotsa laburtu beharrez bainuontziko zolaren kontra talka egitean. Bizarra ere ziztu bizian egin du. Presak ordain gaiztoa du: zauri txiki bat ezpainen gainean eta beste bat ezker aldean. Aftershaveak arrasto samina utzi du haien gainean. Agudo egokitu du soinean arropa jadanik prestatua.

Kafeontzia bete gabe, bezperako bazkalondotik sobera gelditutako kafeari esne tanta batzuk gehitu dizkio eta mikrouhin-labeari eskaini. Bi magdalena ito ditu katiluaren barnean. Motxila sukaldean berean da. Kantinplora urez betea eta ogi zaharra gehitu dizkie ohatzeratu aitzin sartu dituen jatekoei. Neguko botak ondoan ditu, plastikozko zaku batean, pioletarekin batera. Horiek guztiak eskutan hartuta, etxeko sarreraraino daramatza. Lumazko jaka ate ondoko esekitokitik dago zintzilik. Hura jantzi baino lehen komunera sartu da berriz, hortzak garbitzera. Handik ateratzean, ia-ia muturrez jo du emaztea.

Korridoreko argiak itsututa, emakumeak bilduxeak dakartza begiak. Senarraren paretik tarrapatan pasatu eta ezin konprenituzko zerbait murmurikatuz sartu da bainugela ilunean, atea osotara itxi gabe. Gizonak kanpotik aditu du haren xurruxta komun-zulora biltzen. 5:05ak dira. Gizona korridoreko argia itzali ez itzali dago istant batez. Ez du halakorik egin. Esku batean botak hartu ditu, bestean pioleta. Komuneko bilkariko paperaren hotsa emakumearen bozarekin batera heldu zaio, ulergarri oraingoan.

– Zer premia duzue hain goizik ateratzeko?

Isilka mintzo da, norbait atzartzeko beldurrez iduri, etxean senar-emazteak baizik ez diren arren.

-Bujaruelo urrun da.

-Bujaruelo!-puzka.

Gizonak ez bezala, komun-zuloko urari eragin dio emakumeak, korridorera berriz atera baino lehen. Haren aurrean zerbait irrigarri sentitu da Kepa, bera lumazko jakan, pioleta eta botak eskuetan dituela, eta hura, berriz, oinutsik pioleta eta kamisoi zurian. Senar zamatuari begiratu gabe, semearen gela hutsean finkatu ditu begi-zirrikituak. Haren galderak ez du mutil etxeratu gabearekin ikustekorik.

+II. zatia
-Kranpoiak hartu dituzu, bederen? Kepak, buruz, keinu egin du bizkarrean lotua daraman motxilaren aldera.

-Kasu emazue.

-Trankil.

Emakumeak ezpainak aitzinatu bezala eskaini dio gizonak bere masaila. Musu arinarekin batera uzkurtu da andrearen sudurra. Galdera istantean heldu da:

-Dutxatu egin zara?

Harridura ezagun du doinuan.

-Noizdanik dutxatzen zara mendira joateko?

Erantzuna behar baino segundo bat gehiago luzatu du Kepak:

-lzugarri izerditu naiz gaur gauaz.

Emakumearen begiek, jadanik logale arrastorik gabe, zabal-zabalik egin diote so, distira hotz batez. Gizonaren begietan iltzatu dira lehenbizi, bizar egin berrian gero. Kepari azkura areagotu zaio aurpegian egin dituen bi zaurietan. Isilik bereizi dira, emakumea gelara, senarra sarrera aldera.

Txemaren furgoneta espaloiaren gainera igoa da, keinukariak piztuta. Lau begiko munstroa, goizaldeko giro hormatuan. Gidariaren ondoko jarlekutik, Juankarrek ziraun baten miztoaz heldu dio Kepari:

-Zertan ari hintzen? Potroak ere hoztu zaizkiguk hire zain!

Ibilgailuaren gibelaldea aski betea dago motxilaz eta poltsaz. Hala ere, bada oraino tokia Keparen gauzetarako. Atzeko jarlekuetan egokitu da, lumazko jaka kenduta.

-Ikusiko duk zer ostia txarrean egonen den Andoni -Juankar, teman.

-Sentitzen diat. Batere lorik egin gabe heldu nauk.

Furgoneta, orro eginez, espaloitik jaitsi eta hiri mortuan barna abiatu da kale-argien argi hispean. Izotzak lausoturik daude auto aparkatuetako kristalak.

-Hori gertatzen zaik niri kasurik ez egiteagatik -Txemak. Orain arte isilik egon da gidaria-. Hamaika aldiz esan diat: orfidal bat aurreko gauean. Gure adinean, ez zagok edabe magiko hoberik.

Ibilgailuak behar baino abiadura handiagoa daramala iruditu zaio Kepari. Ez du, dena dela, txintik atera. Neska-mutil talde bat ikusi dute kontrako espaloian barna. Baldarra dute urratsa. Kepak begiak alferrik luzatu ditu, Izei haien artean ote den.

5:17ak direla besarkatu dute Andoniren etxepea. Zigarroa lurrera botatzeko egin duen jestuan ezagutu diote artegatasuna. Keparen ondoan jarri da, berak ere bere gauzak atzean utzita.

-Aluak. Ni gabe joanak zinetela pentsatzen hasia nintzen. Noiz eta gaur.

Purrustadak hartzaile kolektiboa du. Txemak beretako hartu du, auskalo zergatik.

-Aizak, nik aski egiten diat banan-banan zuen bila etorrita -erantzun du gidariak, Keparekin erabili ez duen doinuan-. Hire volvoa hortxe gelditu duk, garajean sartuta.

-Ezin nian Josefina autorik gabe utzi -defendatu da etorri berria.

-Eta clioa?

-Oiherrek hartzen dik asteburuetan.

Juankar tartean sartu da, ez ordea bake-emaile. Gorputza itzulita, behatza luzatu du Keparen aldera.

+III. zatia
-Errua señorito honek dik -salatu du-. Hamar minutuz eduki gaitik esperoan.

Kepak begiratu gaiztoa luzatu dio bere lagunari.

-Hara, Juankar, nahi baduk zainak moztuko ditiat nire bekatua garbitzeko.

Txemari libertigarria iruditu, nonbait, Keparen ateraldia.

-Ongi iruditzen zaidak, baina furgotik kanpora. Ametsetan ari haiz, uste baduk utziko diadala nire orga odolez zerritzen!

Andonik algara egin du, algara urduría. Kepak haren ezinegona usaindu du ondoan jarri zaion momentutik. Juankarrek baizik ez dio irriari uko egin. Kepak badaki zer duen: ez du lortu Andoni eta Txema bere kontra jartzea eta horrek min eman dio.

-Gaur inoiz baino gehiago ahalegindu behar genuen orduz ateratzen. Dirudienez, hori niri baizik ez zait axola.

-A ze presa -sasta, Txemak-. Atera ezak txilibitua leihotik kanpora, ea pixka bat hozten zaian.

Puntu bat goiti egin du, furgonetaren barnean, zalapar algaratsuak. Andonirenak, bereziki, badu kutsu gehiegizko bat, kasik histerikoa.

-Zuek irri egin, baina 5:30ak baino beranduago ailegatuz gero ez digute irekiko -Juankarrek, mindurik.

Hala gertatzeko menturak isilarazi ditu lau bidaiariak. Karrikartea utzita, ibilgailuak orube hutsak, garabiak eraikin burutu gabeak ditu ezker-eskuin. Auto batek aitzinatu ditu ziztu bizian. Hotzagatik ere, leihoak irekiak ditu eta handik musika karrankaria egozten.

-Ea burua kraskatzen duan, astapitoa -listukatu dio Txemak, hortz artetik.

-Ez esan hori -kargu hartu dio Andonik.

-Zergatik ez?

-Oiher izan litekek.

-Batzuetan nazkagarriki minberak gertatzen zarete aita familiakook!

Probintziako futbol zelai nagusiaren ondotik pasatzen ari dira. Porlanari eginiko omenaldia dirudi aurrealdeak. Haren foku gehiegizkoek uztaileko eguzkiaren indarrez argiztatzen dute alferrik, inorendako ez otsaileko ilargipeko espaloi hutsa. Atzerago, iluntasunak inguratzen du beste eraikuntza bat, kirol zelaia bezain handia, baina mausoleo erraldoi bat bezain erabilera zantzurik gabea.

-Kranpoiak ekarri dituzue? -galdegin die Kepak besteei, emazteaz oroituta.

-Hik bai? -Andonik.

-Nik bai.

-Eskerrak, premia handikoak izanen dituk orain.

Bere irrika nabarmenak motelarazi du Andoniren trufa

-Gero beharko ditiagu.

-Inor pentsatzen ari ote da gerokoaz?

Txema furgoneta aparkatzen ari da. Futbol zelaiko fokuek baino hagitzez gutxiago argitzen du espaloi gaineko argi gorriak. Neoiaren azpian, begitara jotzen du zurezko ate zuri distiratsuak; klase horretakorik ez da ikusten inguruko eraikin eskasetan.

-Hau da tokia?-Juankarrek.

-Ez disimulatu -gidariak-. Aitortu zenbat aldiz utzi dituan hire seme-alabak ingeleseko klaserik gabe, hona etortzeagatik.

-Kabroi gezurtia! Nire lehen aldia duk hemen.

Andoni da lehena auto atea irekitzen.

-Bizkor, ez ditek oraindik itxi.

+IV. zatia
Kepari halako zimiko bat egin dio saihetsean, bere ondotik ateratzeko gonbita. Zirkinik ere ez du egin, ordea. Juankarrek, berriz, segundo bat gehiagoko lana du lagunaren bideari segitzea.

-Hori duk, hori, hankartean azkura -Txemak, erdeinu miko batez.

Iduri du gidariak bazterren ezagutzailearen patxadaz hartu duela kontua. Diru zorroaren barnean miatu du, zerbait egiaztatu nahi antzean. Bi kanporatuek, bizkitartean zurezko ate zuri distiratsua ireki dute eta, atalasea zeharkatuta, solasean ari dira gazte batekin. Gaitzeko gizasemea, larruazal zuri-zuria, ile hori motxa.

-Yuriy, ukrainarra. Horrekin, kasu.

Kepak ez dio zergatirik galdegin. Eskatu gabe heldu zaio azalpena.

-Behin, nesketariko batekin kapar samar jartzen ari zen bati besoa hautsi zion ni bertan nintzela. Ea Juankar mihia loturik edukitzeko gauza den.

Bada gauza. Ikusten dutenaz bezainbatean, bai. Beren bi lagunek barnera egin dute, batak bestea bizkarturik eta biak onik. Kepak dezepzioa sumatu dio Txemari. Beharbada esperantza zuen, Yuriyk bere abilidadeak erakutsiko ote zituen lagunaren kokotsean.

-Goazen -bat-batean zaputz.

Кера ez da mugitu.

-Ez hator? -galdegin dio Txemak, jadanik furgonetatik at, harridura nabarmenaz.

Zangoak elkarrengana bildu ditu Kepak. Kanpotik hotz alimalekoa sartzen da.

-Etxea zaintzen geldituko nauk.

« Zahar etxeko agureek nik baino gehiago egiten ditek ». Lehengoan esan huen.

-Hobeki pentsatu diat.

-Gero negarrik ez guri.

Kepak Txemaren urrats mindua begiztatu du ate zuriraino. Atezainak zerbait esan dio, eskumuturreko erlojua haren begi pareraino jasorik. Pasatzera utzi dio, hala ere, hitz truke motx baten ondoan. Begiak furgonetaren okupatzaile bakarrarengana zorroztu ditu ukrainar ile-horiak. Kepak irribarre burlati bat ikusi uste dio, atea itxi aurretik.

I am text block. Click edit button to change this text. Lorem 

ARIKETAK

HIZTEGIA

LEXIKOA ERABILI

BERRIDAZKETAK

BESTE IPUINAK

maleta

SARRERA

Inma Errea Cleix (Iruñea, 1960ko) itzultzailea eta idazlea da. Itzultzaile gisa, Haserretu zaitezte! sona handiko lana euskaratu zuen 2011n, Stéphane Hessel frantziar diplomatikoak idatzitako saiakera liburua, hain zuzen ere. Eta idazle gisa, Literatua eta harrikoa saiakera liburua eman zuen argitara 2003an, Pamiela argitaletxearen eskutik. Literatura femeninoari buruzko saioa da, saio adierazgarria eta adierazkorra, emakume literatura zer den eta zergatik den horrelakoa azaltzen ahalegintzen dena. Inma Erreak euskal literaturan emakumeak izan duen eta duen garrantziari ematen dio begia, eta aurreratu ere bai zer izan daitekeen geroan.

Horrez gain, kolaborazioak egin izan ditu prentsan eta egile anitzeko liburuetan. Horietako baten adibidea da hona ekarri nahi izan dugun bere ipuina, Maleta. Izan ere, Pamiela argitaletxeak Nafarroa Garaian eta Beherean egiten den literaturaren antologia osatzeko xedez argitara emaniko 39 idazle nafar izeneko liburuan bildutako narrazioen arteko bat baita.

IRAKURRI AURRETIKO ARIKETA

IPUINA

+I. zatia
“Aizu, gazte, maleta hori… Ausardia da galdetzea, baina… ez zenuen, ba, erosiko Emausen, ezta?”

(9. lineako autobusa, Iruñeko tren-geltokia, 17:17)

 

 

16:51. 9. lineako autobusa (NUP-RENFE). Paulino Caballero 39

-Ufa, eskerrak gidariak itxaron digun!

-Taxia hartuz gero, lasaiago…

-Hi! Nik saiatu behar diat ahalik eta gutxiena gastatzen… Ama langabezian, berriro, eta ahizpa, laster Unibertsitatera! Ea lan bat sortzen zaidan!

-Lasai, neska, Anderrenean, aurreztuko dinagu. Ez dun izanen egoitza bezain garestia.

-Hori egia duk.

 

“Ez da izanen! Edo bai… Zenbat urte? Hogei? Hogeita bortz? Hogeita hamar ere, honezkero… Bortz, Joxe Mari joan zenetik, eta Nikolasena askoz lehenago izan zuan. Atzendu zait! Ezin atzenduan ibili ninduan hasieran. Eta orain maleta hori ikusi, eta ezin asmatu noiz izan zen! Nikolasen adinekoa edo, mutila… Nikolasek zeukan adinekoa edo. Neska, gazteagoa… Baina maleta berdintsua duk. Edo berbera… Zaharragoa ematen dik, baina ez hainbertze. Larrua esker onekoa duk… Eromena duk, baina, hala ere… Maleta bera iduritzen zait”

16:53. 9. lineako autobusa. Merindadeen plaza

-Ez zigun begirik kentzen…

-Zer? Mireni ari nintzaioan whatsappez… Baina nork ez digu…?

Ah, emakume zahar horrek?

-Aizan, disimuluz!

-Maletari.

-Zer?

Maletari begiratzen diola. Hire maleta zahar horri.

 

«Bizkor baitoa bizitza, fite! Gazte horiek ez zakitek oraindik, baina ohartuko dituk… Haurtasunean presa zaukaagu heltzeko. Gure Nikolasek ere, halaxe. Bertzeek baino presa handiagoa, igual. Handiegia, akaso. Gauzak berehala iristea nahi izaten zian. Eta hala etorri zituan gauzak, agudo… Ez baikenuen leku batean gelditzekoa gure Niko… Joan behar zian, joan, ez zuan erraz laketzen. Igual Joxe Marik onartuz gero… Baina hura ere buru gogorra eta harroxko…Ni ere ahalke ninduan, nola ez, ba? Entzun behar ordukoak! Maritxu, gutxiena! Behin hala aditu niean hirugarrenekoei… « Aizan, laugarreneko mutiko hori, Elbirarena… maritxu dun. » Karrikara joatekoa ni, eta hura aditu, eta, poliki-poliki, gibelera. Ohartuko zituan, ahopeka hasi baitziren. Eta ni, haiek ateak ixtearekin batera, karrikara. Pauso tinko eta biziez, takoiekin zarata eginik, ohartu zitezen. Maritxu…”

 

-Anderrek dioenez, adinarekin lotsa galtzen din jendeak.

-Ez diat uste. –

– Baietz, neska! Ni ere ohartu naun. Egoitzan ikusi dinat egia dela.

-Ander, Ander… Zenbat denbora darama Anderrek hor hainbeste jakiteko?

-Urtebete. Urritik, titularraren eszedentzia betetzen…

-Ez zagok gaizki… Agian hi ere kontratatuko haute praktikak eta gero… Baina, zaharrekin, hitz gutxi eginen duzue gimnasioan… Ala banaka ere aritzen zarete?

-Ez. Taldeka beti, aparatuetan, eta mugimendu leunak eginarazten. Lanak, guztiak batera artatzeko! Oihuka hasten ditun, noiz tokatu behar zaien… Eta hori, bi gaudenean! Ezin imajinatu fisio bat bakarrik dagoen egunetan!

-Eta lotsarena, nondik atera du Anderrek kontu hori ?

-Zahar-etxeetan guztiek zakiten hori. Denbora kontua… Adinekoek denbora gutxiago dutela sentitu, eta zuzen-zuzen joaten ditun. lotsarik gabe.

-Eta zer ikusirik al du horrek lotsa izpirik gabe guri begira, edo hobe esanda, hire maleta zahar horri begira, ari den atso horrekin?

-Ez zakinat, baina agian lotsarik gabe aritzen ohituko gaitun behin adin batera iritsita…

-Hi eta hire teoriak…

-Ez dun jakin nahi zergatik begiratzen digun?

-Bo, ba, egia esan, bai… Baina, gu gazte gaituk, eta ez diogu galdetuko, ezta? Ez gaituk egoitzako zaharrak bezain lotsagabe… Gero imajinatzen saia gaitezke! Trenean, ez aspertzeko

-Adinekoak ditun, ez zaharrak… Trasteak ditun zaharrak, Pertsonak, adinekoak…

-Hori ergelkeria! Euskaraz beti zaharrez mintzo gaituk. Adineko, adineko… Eta gero zahar-etxeez aritzen gaituk, eta zahar-egoitzez…Hipokrita galantak!

+II. zatia
16:56. San Ignazio 5-7

-Ohartu duk.

-Bai?

-Bai, eta begirada desbideratu dik.

-Hi, ere, ez haiz ibili disimulutan….

-Nahi gabe izan duk.

 

“Neskak begiratu zidak… Ohartuko zuan… Gaizki pentsatuko ditek nitaz… Orduan bezala…Joxe Marik berak… Argi ez zidaan erraten, baina ederki nekian haren iduria… Semea nik bultzatu nuela galbidera. Horixe uste baitzuen! Nikolas harat-honat hasi zenean, gazte-gaztea, erraten zidaan gaizki hazia nuela. Gero ere, nik neuk urteak eta urteak eman nitian pentsatzen ni nintzela erruduna. Niko umetatik iruditu baitzizaidan desberdina… Nik eginen nian mizkin. Edo akaso bazuan berez… Alabak gomendatu zidan terapia horretan aritu nintzenez geroztik, lasaiago nabilek, baina lehen, zenbat gau ote nituen pasatuko bueltak ematen kontuari!»

 

Bai? Manoli? Baai… Bidean, villavesan… Lasai, ni ere berandutua… Ixabel ere… Horixe… Konforme, orain artio…

 

-Segapoto eta guzti!

-Adinekoa dun, ez antigoalekoa…

-Gure amatxi ez duk moldatzen…

Bakarrik bizi duk, bere gisa beti… Etxean medailoiaren zerbitzu hori zaukak, baina ama beldur duk kalean zerbait gertatuko zaiola. Eta nahi dik amatxik mugikor bat eramatea. Baina amatxik…

-Zenbat urte ditu?

-Laurogeita zazpi…

-Emakume horrek gutxixeago…

16:58. Sarasate pasealekua

«Harritu dituk mugikorrarekin… Hori duk gazte askoren ajea. Pentsatzea bakarrik haiek direla modernoak. Ikusi beharko nindukete Interneten! Poliki moldatzen nauk. Hala jakin nian zer den ashram bat, eta non ibili zen Niko Indian… Zer bizimodu zeraman. Hala ohartu ninduan ez zegoela gure eskuetan, ene eskuetan, ezer aldatzea. Istripuaren tokia ere ikusi nian gugelmaps horretan… A zer bideak! Ez baita harritzekoa halakoetan istripuak gertatzea… Beti gustatu izan baitzait kuskuseatzea, eta beti izan naiz modernoa! Garai batean disimulatu egiten nian, ez bainuen eman nahi eskandalurik, aski izan baikenuen Nikolasenarekin… Joxe Mari klasikoagoa zuan, eta oso gaizki eraman zian berria zabaldu zenean. Inoiz ez diat jakin zerk kolpatu zuen gehiago, semea galtzeak hala jende guztiak jakiteak. Joxe Marik hagitz maite zian Niko, baina jendaurrean nabarmen gelditzeak ere min handia eman zioan. « Joven pamplonés muere en accidente en el sur de la India. » Hori izan zuan egunkariko izenburua… « Hijo de un conocido industrial de la plaza ». Eta berria ziztu bizian hedatu! Eta Joxe Mari errabiaturik. « Industrial de la plaza…

+III. zatia

17:00. Navas de Tolosa etorbidea

 

-Andre dotorea duk…

-Bai, amona ekartzen zidan gogora.

-Tolosakoa?

-Bai.

 

«Denda bat bertzerik ez, eta, hala ere, bagintuan nor Iruñean, iduriz… Guztien ahotan jarri gintian Nikolasenak. Bezero batzuk doluminak ematera etorri zituan. « Osasuna gomendatzeko », erraten zitean anitzek. Edo « Jainkoak kontsolamendua ekarriko », bertze hainbatek. Baina zenbaiti urrundik igartzen zitzaizkiean malko zuriak. Eta jakinmina… Lotsarik ez baitzuten galdetzeko. Norekin zihoan Nikolas nor zen harekin hildako mutila… Joxe Marik ezin zian egoera harekin. Eta ministeriotik deitu ziotenean semearen gauzak Madrilen genituela errateko, deabruak eraman zuen! Zergatik ekarri zituzten Nikoren gauzak hura han gelditu bazen… Nik erraten nion, behin eta berriz: « Joxe Mari, ez ezak egin odol gaiztorik horrekin… ». Baina kasurik ez, hark! Ez niri, ez Martini! Alabak konbentzitu zian. Arantxa aitaren begikoa izan duk beti, eta hari esker erdietsi genian. Arantxa eta Martin Ma- drilera joan eta anaiaren gauzekin itzuli zirenean, a zer negarrak nik! Joxe Marik, berriz, zero, deus ez, ene aitzinean behinik behin, ezer ez! Nik maleta hori gorde nahi nian, baina ez zidaan utzi…»

17:02. Baiona etorbidea 4

 

-Irribarre egin ziguk.

-Atsegina ematen din.

-Bai…

 

«Baina zenbait gauzatan ere modernoa zuan Joxe Mari. Oraingo gazteei kontatuz gero harritzen dituk, bertze egunean Maddi iloba bezala, baina guk kondoiak erabiltzen genitian. Debeku eta guzti! Botikari batzuek Frantziatik ekartzen zitiztean. Altsasuko batek Ubarminen kontatuta jakin nian kamioizaleek pasatzen zituztela kondoiak, tutu txiki batzuetan, tutuen muturretan babarrunak paratuta, disimulatzeko… Bienke… Zer eramanen du gazte horrek maletan? Ikasleak izanen dituk… Maleta horrek… Nikolasena bada, marka bat edukiko dik… Albertoren oparia izan baitzen, eta Albertok berak egindako marrazki moduko bat zeukaan, bien inizialak lotzen zituena. Alberto artista bat baitzen… Ez al zegoen maletaren beheko aldean? Behin baino ez nian ikusi, istripua eta gero, maleta seme-alabek etxera ekarri zutenean. Inizialena Nikok berak kontatuta zakiat, dei haietako batean, Mutila saiatzen zuan harremanei eusten, eta etxera deitzen zian Indiatik Joxe Mari ez zegoenean. Behin Joxe Marik hartu, eta deus ere erran gabe moztu zian. Gero kontatu zidaan… Eta bertze batean, Joxe Mari etxean eta nik hartu, eta disimuluan iharduki nik, lagun bat nuelakoan edo, Joxe Mari, jabetu ere ez! Maletari marka ikusi ahalko banio… Kaka zaharra! Pasatu diagu Donibane, eta ni jaitsi gabel»

+IV. zatia
17:10. Nafarroa etorbidea

 

-Justu-justu ibiliko gaituk trena hartzeko

-Ikastetxeetako irteera…

-Hori duk, bai…

 

Sanduzelain jaistea ez dik merezi… Hobe tren-geltokiraino joan, eta itzuli Donibaneraino… Igual berriz ordaindu behar, baina… Eta Manoli eta Ixabel, zain…»

 

-Emakume hori ere trenera joanen da?

-Ez diat uste… Baina arraroa duk honaino etortzea…

 

« »Aizan, Elbirita, geltokiraino joan behar dunala aprobetxatuta. Zergatik ez dien galdetzen maletari buruz? » « Ai, ez, neska, ez! » Edo, bai… Agian eginen diat… Zergatik ez?»

 

-Baina zer ari da? Guregana dator!

-Aizak, bizkor, heldu hire bi maleta handi horiei… Ez dinagu astirik kasik…

-Hiregana zatorrek..

17:17. 9. lineako autobusa, Iruñeko tren-geltokira iristen

 

-Aizu, gazte, maleta hori… Ausardia da galdetzea, baina… Ez zenuen, ba, erosiko Emausen, ezta? Nire seme batena zen… Marka bat du behealdean…

-Barkatu, andrea, baina trena hartu behar dugu…

-Joan, joan, ez du axola…

17:33 Bartzelonarako trenean

 

-Azkenik Eskerrak trena ere berandutu den!

-Hurrengoan, taxia hartuko dinagu.

-Aizak, zer esan dik emakume hark?

-Maletaz ari zunan… Seme batena zela… Marka bat du behealdean.

-Begiratu duk?

-Ez, presarekin…

-Begiratu orain.

-Baina maletategian zagon…

-Ni joanen nauk.

-Zer?

-Ba, bai! N bat eta A bat! Elkarri lotuta. Oso marrazki polita

-Nor izanen zen haren semea? N ala A? Eta nor izanen zen bestea? Bikotea… Eta zergatik zegoen maleta Emausen?

-Ideiarik ez. Baina imajinatzen ahal diagu… Orain, trenean, ez aspertzearren…

I am text block. Click edit button to change this text. Lorem 

ARIKETAK

HIZTEGIA

HIZTEGIA II

ALOKUTIBOA

ULERMENA

BESTE IPUINAK

Gezurtiaren estrategia

SARRERA

Angel Erro Jimenez (Burlata, Nafarroa Garaia, 1978ko maiatzaren 12a) euskal idazlea da. Poesia landu du batik bat. Halaber, Volgako batelariak izeneko literatura blogeko partaide ere bada.

Poesiaren alorrean Eta harkadian ni (2002, Elkar) eta Gorputzeko humoreak (2005, Alberdania) lanak aipatu ahal dira. Horrez gain Lerro etena (2004-2018) egunerokoa ere aipagarria da. (2019, Elkar). Euskal prentsan ohiko kolaboratzailea da, Berrian adibidez zutabegile gisa ari delarik azken denboretan.

Gezurtiaren estrategia ipuina, Pamiela argitaletxeak Nafarroa Garaian eta Beherean egiten den literaturaren antologia osatzeko xedez argitara emaniko 39 idazle nafar izeneko liburuan bildutako narrazioen arteko bat da.

IPUINA

+I. zatia
Cristinak bere urtebetetzea ospatu behar du Gorriti kalean zahar-berritu duen etxebizitza terrazadunean. Aspaldian da lagunokin ez dela egoten eta, jai gose, nahi du denok joanda ederra egin dezagula.

Nik etxean gelditzea erabaki dut, baina ezin diot horrela esan. Jendeak maiz kontrakoa aldarrikatu arren, adiskide on bati gehienbat esan behar zaio gezurra. Astelehenean odola atera behar didate (tratamendua gehiago geroratu gabe hasi edo ez erabakitzeko) eta ez nabil oso adoretsu, susmoa baitut tramite hutsa dela odol analisiarena, medikuak, ekin behar diodala argi daukan arren, azken odol ateratze hau erabili nahi duela atzekorik ez duena onartzen has nadin. Halere, oraindik dut lasai egoteak on egin ahal didalako irudipena eta horregatik nirean gelditzea erabaki dut.

Inaugurazio festara Alex joanen balitz sikiera. Alex joango balitz, berriz pentsatuko nuke, aurrekoa baino irudipen sendoago batek esaten baitit Alex ikusteak on eginen lidakeela eta berarekin egoteak -joan den asteburuan bion artean inpentsan sortutako intimitateari garatzeko aukera emateak- nolabait salba nazakeela astelehenean zain dudan halabeharretik. Baina bera ez dago Cristinak ireki duen whatsapp taldean eta ez naiz ausartzen zuzenean galdetzera, batez ere ibili eta bueltan ezezkoa emateko baldin bada.

+II. zatia
Lan kontuengatik Logroñora joan behar dudala erantzun diot pribatuan Cristinari. Urteak dira ez naizela Logroñon egon, iruindarrok aisialdia orohar Iruñean bertan edo gehienez ere iparralderantz bideratzeko ohiturari men. Arreta handia izan dut aitzakiarako hitz zehatzak aukeratzerakoan. Natural itxura izan behar du. Neure burua gehiegi ez desenkusatu. Deitorea ez puztu ere.

Gogoan dut behin irakurritako saiakera bat, gezurtiaren estrategiari buruzkoa, Apuleioren Urrezko Astoako Hemo pertsonaiaren gezurren aztarna testualak aztertzen zituena. Latindar nobela klasikoaren irakurleak erraz jakin lezake, eleberriaren pertsonaiak baino lehenago, hitzei kasu emanez besterik gabe, iruzurretan ari dela Hemo bidelapur faltsua, baina bahituta duten piratek ez dute asmatzen; begiez fidaturik ez diote kontraesanei kasu ematen. Gezurra hitz kontu bat da, ez imintzio konturik. Ironia gauza bera. Ironikoak nahita uzten ditu arrastoak esandakoan, solaskideak jokoari, errealitatetik hitzetarako aldeari, antzeman diezaion. Gezurtiak, antza, nahigabe. Horrexegatik, idazketan arreta berezia jartzen dut. «Benetan sentitzen dut, Cristina», hasi naiz.

+III. zatia
Larunbatean etxean gelditu naiz. Igandean ere ez dut gauza handirik egin, telesailak ikusi bata bestearen atzetik. Eta astelehenean, ospitalean, odola atera berri, Cristina topatu dut Virgen del Camino-ko kafetegirako bidean. Gertagarriaren baitan zegoen, zer txandatan ari zen, emagin egiten baitu eraikuntza berean. Aita kontsulta batetik atera eta bila joateko noiz deituko zain nagoela azaldu diot berari eta ezinbestean ondoan dituen lankide pare bati, zeinek hortik gutxira agur esan eta alde egin baitute, biok bakarrik utzita. Orduan hasi da bera festan oso ongi pasa zutela esaten, kristoren parranda, garai batekoen modukoa, La Pulga-n amaitu zutela, pentsa, faltan bota nindutela, mundu guztiak nire galde egin zuela, ea ni zer moduz Logroñon.

Irudipena izan dut tonu berezian, burlaizez, galdetu didala eta, susmorik ote duen pentsatzeari utzi gabe, berritu diot Actual jaialdiaren kudeaketa kontu batzuk bertatik bertara kontrolatzera joan behar nuela, kultur hornidurarenak eta azkenean Micah P.Hinson-en kontzertura gelditu nintzela, behin hor negoela, bertako lagun batzuekin. Sin más. Paseo bat eman genuen lehenago, bai. Laurel kalean txanpi tapa ospetsuak dastatu. Batek Alcampo supermerkatuan aurpegiko krema batzuk erosteko aprobetxatu nahi zuen, urre partikuladunak, on-onak, oso merke (bederatzi eurotan!) saltzen dituztenak; dermatologoek ere gomendatzen dituzte. Gehiegi hitz egiten ari naizelako sentsazioa dut baina Cristina da erasaten didana. Espolón pasealekuan izan al naizen ere galdetu dit. Galderaren zehatzak eragin didan harridura disimulatzeko edo, bertan ateratako argazki bitxi bat (Francoren zaldiaren barrabilei egina) erakustekotan egon naiz baina ezin, sakelakoa seko baitut, bateriarik gabe.

+IV. zatia
Irribarre maltzur batez, Alex ez ote dudan Logroñon ikusi galdetu dit segidan. Bera ere hara joan zelako larunbatean, egun pasa eta kontzertu berera. Aztoratuta, orain zer esanen, ezetz erantzun behar izan diot, ez dudala ikusi, Alex ateratzearena orain zertara datorren buruan trumilka dabilkidan bitartean. Tranpa jarri nahi dit? Farol bat da? Zer demontre ari zen Alex Logroñon? Norekin?!

Kontzertura berandu heldu nintzela, eta hiritik gehiegi ibili ere ez, azaldu arren, Cristinarenen itxurazko ez sinetsia handituz doa. Zer esango ote zion Alexek? Neure burua gezurtatzen ari naiz?

Azkenik, tortura honekin amaitzeko, bide laburrena hartzea erabaki dut:

«Gezur gehiagorik ez, Cristina. Zerbait aitortu behar dizut.

«..»

«Logroñon… zera… Alex eta biok… elkarrekin ibiltzen hasi gara.»

«Ez zenuen esan beharrik. Berak dagoeneko kontatu dit.»

I am text block. Click edit button to change this text. Lorem 

ARIKETAK

HIZTEGIA

HIZTEGIA II

BERRIDAZKETAK

SUBJUNTIBOA

BESTE IPUINAK