Dylan eta euskara

Transkripzioa

  • Kaixo, ni Dylan naiz, Ingalaterrakoa naiz, 20 urte ditut, eta euskara ikasten ari naiz. Lehen topa edo izan zela orain dela 3 urte, gurasoekin eta anaiarekin Iparraldera joan ginenean eta saiatu nintzen pixkat euskara hizketan, atera zitzaidan « arratsalde on » eta erantzuna berehalakoan eman zidaten ni euskalduna banintz bezala eta horrek animo edo oso sentsazio ona eman zidan eta horrekin buruan  urte batzuen buruan  itzuli nintzen euskarara eta euskara ikasten hasi nintzen.

    Hizkuntza guztiak ederrak direla, baina euskara batez ere. Herri txikian jendeak pentsatzen duela, ba ez duela merezi ikastea, baina nik ez dut uste txikitasun horrek inolako kalterik egiten duenik eta niri behintzat  oso esperientzia ederra iruditu zait euskara ikastea

« Nor da Simone Biles? » Kirmen Uribe

Podcasta entzun aurretik egin ezazu ariketa hau.

Textua

Zortzi urteko alabak emakumezko bat hautatu behar zuen eskolako lan bat egiteko. Andrazkoaren bizitza eta pentsamendua azaldu behar zituen lanak. Good Night Stories for Rebel Girls (lotarako ipuinak neskato bihurrientzat) izeneko liburuan bazeuden adibideak. Gauero irakurtzen zuen. Guk esaten genion ondo legokela Ruth Bader epailea, edo Malala Yousafzai aktibista edo Jane Goodall biologoa lanerako aukeratzea. Baina umeak Simone Biles nahi zuen. « Simone Biles? Nor da ba Simone Biles, idazlea da? ». « Bai zera, munduko gimnastarik onena da ». Egia esan ez zigun grazia handirik egin bere hautuak. Ez genekien nondik aterako genituen zitak eta gogoetak. « Ez al da hobeto Ruth, Malala ala Jane? », saiatu ginen ustez aldarazten. « Ez, Simone Biles nahi dut ». Pentsatu genuen ahaztuko zitzaiola eta Jane Goodalli- buruz egingo zuela lana azkenean, Jane txinpantzeekin oihanean, ze polita. Hala ere, arratsalde batean eskolara umeen bila joan eta irakasleak bota zigun, -esan dit alabak Simone Biles aukeratu duela.

Ez zegoen bueltarik.

Informazio bila hasi eta konturatu ginen Simone Biles-ek ez zuela bizitza erraza izan. Ohion jaioa, bere gurasoen droga menpekotasuna zela eta aitona-amonek hartu eta hezitu zuten. Sexu-erasoak ere jasan izan zituen umetan. Baina kirolean hartu zuen babesa. Olinpiadetan bost medaila lortu zituen. Estatu Batuetako historiako kirolari onenen artean dago. Bideoak ikusiz ohartu ginen Simone Biles beti zegoela pozik, irribarre batekin burutzen zituela ariketak. « Ni saiatzen naiz zoriontsu izaten, une pozgarriak dira oroitzen errazenak ». Horra zita on bat. « Kontua ez da irabaztea, zure onena ematea baino. Eta irabazten baduzu ondo, eta laugarren ateratzen baduzu ere ondo ». Horra bigarrena. Eta hirugarrena ere bai, « nahiago dut triste egon arriskua hartu eta huts egin dudalako, hartu ez ditudan arriskuez damutu baino ».

Alabak lanari gutun baten itxura eman zion. Eta otu zitzaion beharbada ideia ona izango zela gutuna Simone Biles-i benetan bidaltzea. Postetxeko gizonak, afroamerikarra Simone bezala, helbidea ikusi eta esan zuen, « seguru erantzungo duela ». Hilabete batera karta bat iritsi zen etxera alabaren izenean. Igortzailea behatu eta Simonen Biles. « Sekula ez amore eman, neska », esanez bukatzen zuen eskutitza. Biharamunean, alabak gutuna eskolara eraman zuen, lagunei erakusteko, Simone gimnasian bezain irribarretsu.

Eskerrak gutuna bidaltzera ausartu zela. Izan ere, hobe da hartutako arriskuez damutzea, ezta Biles?

Trikuarena

Ariketak egin ondoren entzun edota irakurri Atxagaren ipuina:

Textua

  • I. zatia

    Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan,

    eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora;

    gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz.

  • II. zatia

    Eta gero pentsatzen du: Amaitu da negua,

    Ni trikua naiz, Bi sapelaitz gora dabiltza hegaletan;

    Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

    Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

    Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago.

  • III. zatia

    Eta berriro dio: Hau da nire erresuma, Goseak nago,

    Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

    Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

  • IV. zatia

    Ordea bertan gelditzen da bera ere hosto lehor balitz,

    artean ez baita eguerdia baino, lege zahar batek

    galerazi egiten baitizkio eguzkia, zerua eta sapelaitzak.

  • V. zatia

    Baina gaua dator, joan dira sapelaitzak, eta trikuak,

    Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

    Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio,

    bere arantzetan seguru nola egon baitzitekeen

     

    gerlari bat bere eskutuaz, Espartan edo Corinton;

  • VI. zatia

    Eta bapatean, zeharkatu egiten du

    belardiaren eta kamio berriaren arteko muga,

    Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez;

  • VII. zatia

    Eta nola bere hiztegi unibertsala ez den

    azkeneko zazpi mila uneotan berritu,

    ez ditu ezagutzen gure automobilaren argiak,

     

    ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere.