Makilakixki

Makilakixki

SEME ZAHARRA MUNDUZ MUNDU

Behin batean, mendiko baserri batean gizon zahar bat bizi da. Gizonak hiru seme ditu. Aita-semeak pobreak dira eta gogor lan egin behar dute. Horregatik

 

Egun batean, seme zaharrak hauxe erran dio aitari:

  • Aita, mundua ikusi nahi dut
  • Mundua ikusi? Zertarako? Ez zara ongi hemen? galdetu dio aitak.
  • Hemen pobreak gara eta pobreak izanen gara beti. Nik munduan ibili nahi dut eta dirua irabazi. Diru asko irabazi nahi dut!

 

Esan eta egin. Egun batean, seme zaharra etxetik irten da eta munduz mundu joan da. Mendi handiak igo ditu, itsaso zabalak zeharkatu ditu eta herri ederrak ikusi ditu. Baina, ibili eta ibili, mutil gaztea azkenean oso akiturik da eta hauxe pentsatu du:

 

  • Nahikoa ikusi dut mundua. Oso nekatuta nago eta orain hemen geldituko naiz. Baserri honetan hasiko naiz lanean, lasai bizitzeko.

 

Eta horrela egin du. Seme zaharra lanean hasi da leku horretan. Gogor lan egin behar du goizetik gauera arte. Etxeko nagusiaren lurrak landu, ardiak zaindu, abereei jaten eman eta beste lan asko. Baina seme zaharra langile ona da eta lan guztiak ondo eta arin egiten ditu.

Etxeko nagusia oso kontent dago mutil gaztearekin eta, horregatik, urte bat pasatuta, opari on-on bat egin dio.

  • Opari bat daukat zuretzat, mutil: astotxo hau – erran dio nagusiak mutil gazteari. Oso asto berezia da. Zuk “eman urrea” esan berari eta laster urre piloa aterako du ipurditik. Egin proba eta ikusiko duzu!

 

Eta horrela izan da. Mutil gazteak astoari “eman urrea” esan dio eta astoak urre piloa atera du ipurditik. Gero, berriro erran dio “eman urrea” eta astoak berriro atera du urre piloa ipurditik.

 

  • Eskerrik asko, nagusi – esan dio mutil gazteak.

Seme zaharra pozik dago. Munduz mundu ibili da eta gogor lan egin du, baina azkenean dirua irabazi du. Diru asko irabazi du!

 

“Orain aberatsa naiz. Etxera joateko tenorea heldu da”, pentsatu du seme zaharrak. 

 

Eta horixe egin du. Astoa hartu du eta etxerantz joan da. Baina, ibili eta ibili, azkenean gaua heldu da eta etxea urrun dago oraindik. Seme zaharrak lo egiteko toki bat behar du, noski. Halako batean, ostatu bat ikusi du bide ondoan eta hara sartu da.

Lotarako orduan, mutilak astoari urrea eskatu dio eta abereak, beti bezala, urrea bota du ipurditik. Ostatuko nagusiak dena ikusi du eta pentsatu du: “Asto honekin aberatsa izanen naiz. Neuretzat hartuko dut eta antzeko asto bat ipiniko dut honen lekuan”.

 

Hurrengo goizean, seme zaharrak etxerako bidea hartu du. Astoaren gainean doa poz-pozik.

 

  • Aberatsak gara! erran die seme zaharrak aitari eta bi anaiei etxean. Asto berezi honek urrea ematen du! Ikusiko duzue!

 

Orduan, seme zaharrak “eman urrea” esan dio astoari, baina haren ipurditik ez da urrerik irten. Berriro erran dio, baina urrerik ez. Astoaren ipurditik gauza bakarra atera da azkenean: gorotza

Handik denbora batera, bigarren semeak ere munduz mundu joatea pentsatu du. Esan eta egin. Anaia zaharrak bezala, denbora luzea pasatu du mundua ikusten, baina gero nekatu da eta baserri batean hasi da lanean.

 

Han oso gogor lan egin du urte batez. Etxeko nagusia oso kontent da mutil gaztearekin eta, horregatik, opari on-on bat egin dio.

 

  • Opari bat daukat zuretzat, mutil: mahai hau. Erran dio nagusiak bigarren semeari.
  • Oso mahai berezia da. Zuk “eman janaria” esan eta mahaia janariz beteko da.

 

Eta horrela gertatu da. Mutilak mahaiari “eman janariak” erran dio eta laster janari gozoz beteta agertu da.

 

Bigarren semea oso pozik dago. Mahaia lepoan hartu eta etxerantz joan da. Baina, ibili eta ibili, azkenean gaua heldu da eta ostatu batean sartu da.

 

Afaltzeko orduan, mutilak “eman janariak” esan du eta mahaia laster janari gozoz bete da. Ostatuko nagusiak dena ikusi du eta hau pentsatu du: “Mahai hau neuretzat hartuko dut eta, honen lekuan, antzeko bat ipiniko dut”.

 

Hurrengo goizean, mutil gazteak mahai faltsua lepoan hartu eta etxera joan da.

 

  • Mahai berezi honek denetariko janariak ematen ditu! Ikusiko duzue!. Erran die aitari eta anaiei etxean.

 

Orduan, mutilak “eman janariak” esan dio mahaiari, baina haren gainean ez da janaririk agertu…

Seme gaztea ere munduz mundu joan da. Eta anaiak bezala, leku ederrak ikusi eta gero, lanean hasi da baserri batean. Eta anaiei bezala, etxeko nagusiak opari bat egin dio: makila bat.

 

Makila berezia da. Haren aitzinean “makilakixki” esan eta makilakadak jotzen hasten da, gelditu gabe.

 

Seme gazteak makila eskuan hartu du eta ostatura joan da zuzenean. Nagusiarekin hitz egin nahi du.

 

  • Anaia zaharrari astoa lapurtu diozu, eta besteari, mahaia. Ekarri biak hona oraintxe!. Esan dio haserre.
  • Nik ez dut ezer lapurtu. Esan du nagusiak.
  • Ziur zaude? Orain ikusiko dugu! Makilakixki!

 

Eta hitz hori esanda, makila ostatuko nagusia gelditu gabe jotzen hasi da. Gero, inguruko plater, edalontzi eta botilak apurtu ditu.

 

  • Gelditu makila hori! Gelditu makila hori, mesedez! Oraintxe ekarriko dizkizut astoa eta mahaia! Esan dio ostatuko nagusiak azkenean.

 

Aita eta hiru semeak orain oso aberatsak dira, egunero bapo jaten dute eta, gainera, makila berezi bat dute, haiei inork ezer ez lapurtzeko

 

Hau hala bazan, ez bazan,

sar dadila kalabazan,

eta irten dadila herriko plazan

Résurrection (Maialen Hegi Luku)

Ecoute et lis le conte de Maialen Hegi Luku et après tu peux aussi regarder l’entretien avec elle.

Résurrection

Mattinek, bere oroitzapen urrunenetan ere, betidanik istorioak biziki gogoko izan zituen. Haur denboran, egunero-egunero eskolatik landa liburutegira joaten zen bere jakin-minaren elikatzera. Baina jakin nahi gorri hori sekula ez zuen nahi bezainbeste asetzen.

Gehien maite zituen ipuinak misteriozkoak eta beldurrezkoak ziren. Eta gehien gustatzen zitzaizkion pertsonaiak hilezinak ziren, hots, banpiroak. Bere helduaroaren hastapenean, izaki misteriotsu horiei lotu idazki gehien-gehienak jadanik ezagutzen zituen. Izaki horiek hain ziren lanjerosak, min zaleak, torturatuak eta aldi berean eleganteak, zuzenak eta erakargarriak!

Arratsalde batez, lizeotik etxerateko bidean zela, egunkari saltegi batean egun hartako berri nagusia ikusi zuenean, harritua eta nahiko zentzordatua gelditu zen. Mugiezinik, minutu batzuk iragan zituen hor, plantatua, hitz zirraragarriak behin eta berriz irakurriz. Ez zitekeen egia izan…

Gau hartan, bere ohean itzuli-mitzulika ari izan zen, ametsez amets, lasaitu ezinik. Goizeko hiruretan, asperturik, jeiki zen, bere bulegoan jarri, eta ordenagailua piztu zuen. Egunkari baten webgunearen ataria ireki, eta paper batean notak hartzen ari izan zen egunsentiaren argi zirrintak leihotik sartzen ikusi zituen arte.

Banpiroak ez ziren asmatuak. Benetazkoak ziren. Zientzialari talde batek, poliziak lagundurik, haietarik bat harrapatua zuen, banpiroen desagerrarazteko txerto bat asmatzeko helburuarekin. Horren bidez, hilezinentzat gizakiaren odola edanezin bilakaraziko zuten.

Mattinek erabakia hartua zuen: kazetari eskola batean sartuko zen, ikasketak beteko eta ondotik banpiro bat aurkituko zuen, hilzorian zen espezie horren azken lekukotasuna biltzeko gisan.

 

— Gau hartan, hiri bazterrean zegoen jauregiaren aitzinetik pasa nintzenean, jaun kondearen gorputzaren gozo sarkorra ene baitan bortizki iragaten sentitu nuen. Gau batzuk bazituen jadanik ikusia nuela, karrika ilunak kurritzen, hiria lo zegoen artean, ohiko itzulia egiten ari nintzelarik. Haren begi ausartek eta beroki luzeak segidan erakarri ninduten.

— Horrela hautatu zenuen beraz, besterik gabe?

— Naturalki, bai. Norbaiten biziaren hatsaz elikatzeko eta harekin heriotz-dantza bero batean sartzeko, ez da gogoetan galdu behar… Jauregiko gela handiak haizearen gisan kurrinka egin zuen ene esku hormatuen bultzadaren pean… Itzal bat nintzen pasabide eta eskailera hertsietan barna… Eta laster, haren usaina hurbil-hurbilekoa sumatu nuen, ate handi baten aurrera heltzerakoan. Gelan eztiki sartu nintzenean, haren bizkarraren gelditasun hotzak ene igurika egona zatekeela pentsarazi zidan.

— Eztitasun horri esker egitera zindoazen ekintzaren aberekeria harentzat onargarri egin nahi baitzenuen?

— Ene ekintza, bukaera baten seinale, ez zen hala ere borroka salbai batena gero…. Betidanik, zuek sedukzioa deitzen duzuena erabili izan dut, ez dut behin ere ene bizibidea erailketa kate amaiezaintzat hartu.

— Gizakiaren seduzitzea, bai, baina bere biziaren ebasteko…

— Gizakiaren bizi iturriaz egarria asetzen duena ez ote da nonbait haren izateaz jabetzen? Haren edertasunaz? Jakitateaz? Baina ene hitzen haria galdu gabe, kontakizun hori ahal bezain laster bururatu gogo nuke. Ez ote genuen horrela adostu, Mattin jauna?

— Bai… banpiro anderea. Zure hitza errespetatzen dut, zuen gisako… izakiak betitik ulertzen saiatu naizen bezala…

— Beraz, begiak enegana altxa zituen unean, haren soa irri hunkigarri, zirraragarri, xume bat izan zen, ene zaia luzearen gorria mugiarazi zuena, ene beso eta zango luze mehe zuhailak, harengana luzatu nituenean. Ene esperientziaren eta ezpain ilunen usaina hark ere onartu zituen, jaun sendoaren buruak, emeki-emeki makurtuz, begien aitzinean lepo zuri gozo bat agerian utzi zizkidalako. Plazer hori! Biziarekin bat egitearen atsegina, zein eder zitzaidan!

— Alta, bizia laster bukatuko zen..

— Haren biziak ene eternitatea sakonagoa eta handiagoa eginen zuen.

— Eta, ausiki zenuenean? Zer, nola erran, “sentitu” zenuen?

— Egin nuen, hagin zorrotzak haren arima beroan sartu, eta ondotik, ene eskuen artean sendoki atxikitzen nituen sorbalden indarra irentsi nuen. Baina haren odol berogarria ez zen nahikoa enetzat… Menderen mendetan goaitatzen denaren itxura eta sendotasun lasaigarria zeuzkan. Laguntzat nahi nuen, maitaletzat, nahiago baduzu. Orduan, odol poxi bat utzi nuen haren gorputzean, haren biziaren hatsa lur gaineko betierekotasun bilaka zedin.

— Eta horrela…

— Bai, horrela, odol hori jaun konde banpiroarena bilakatzen utzi nuen. Ondoko gauean, harrizko aurpegi batekin begiratu ninduen, haren zortea preso hartu nuela ohartu zen mementoan.

— Kondenatu zenuen… eta… Gaitzetsi ote zintuen?

— Arima galdua zuen, airatua zitzaion, baina bazekien izate berri horrek zuhurtasun berezi bat emanen ziola. Bere ordua heldua zen. Banpiro batek bizia hartu eta beste zerbait bilakarazi bazion, zortearen erabakia zen. Jakin ezazu garai hartan, gure gisakoek, berez bazterturik izanik ere, oraino gure tokia genuela gizartean. Toki ilun bat, menderaezin bat, baina bagenuen hein bateko botere bat, jendeen gogoetan zilegi zena. Gure azken garai goxoenak izan ziren ordea…

Une hartan, bi solaskideak isilik gelditu ziren, eta kazetari gaztearen soak andere beltzarena jarraiki zuen, aitzinean zuten beira zabaletik at galtzen ziren etxe-orratzen teilatuen puzzlearen gainetik pasatuz, zerumuga grisean galdu zen arte. Mundua ez zen sekula banpiroaren oroitzapenetako argi eztira berriz itzuliko. Kontatu zuen istorioaren garai idealak urrunegi ziren jadanik, haren izatea piko sendaezin batek zauritua zuen, hartarik biktima ahantzien odola ezinbestean isurtzen ari zelarik.

Gomita berezia eta bere galderen hartzailea mahai lodi borobil batek eta gaineko urez betetako edalontziak bereizten zituzten.

— Zure lagun hura zen beraz…

Larritasunak estali zuen andere beltzaren aurpegi fina:

— Lehena bai, ez zaude oker. Ez zen ene lagun bakarra izan, baina preziatuena hori bai. Ene bizilaguna, ene irudia, ene sostengu fidela… Eta lehen banpiro harrapatua.

— Nola deituko zenuke gertatu zenak zure baitan eragin zuena? Tristura? Hori zenuen sentitu?

— Zer nahi duzu jakin, jadanik dakizuna? Gure gogoan sartzeko, sentimendurik eza baino haratago joan behar da… Gertatuaz geroztik, gure sekretu, funts, historia, aberastasun guztiak argi pairaezin baten erre ditu, mantal zuriz jantzi zientzialari errukigabeen erdian alde guztietarik hustuak, moztuak, haragi bilakatuak izan dira. Eta azpimarratu nahi nuke, haien harrapakinaz urrikaldu gabe…

— Gizakia maite eta babestu nahi zuten batzuek…

— Egin gaituena betidanik misterioa izan da. Baina, gau hartako ehizan, gure espezieko bat loturik eraman zutenean, deuseztatu gintuzten, mito bat parasitoaren heinerat apalduz. Erraustu gintuzten, jaun kondea analisia hodietan hartu zuten unean, ez ordea, gure espeziearen desagerrarazteko xedearekin hilabete batzuk berantago zabaltzen hasi diren txertoaren aurkikuntzaren egunean. Egin dizute txerto hori, ez?

Mattinek banpiro batek galdekatua izatearen sentsazio bitxia, berezia sentitu zuen, gorputz osoan xixta ttipi batzuk sentituz.

— Bai anderea… Erran behar da, gaur egun, gure babesteko ditugun tresnak erabiltzea komeni dela…

— Arriskuen saihesteko…

— Hala pentsatzen dut bai.

— Garai batez, ez nintzen izaki ezdeus bat, ez nintzen piztia tzar bat. Lehen zure adineko emazte gazte eta eder bat nintzen ni ere. Zure ordez, nik ere ene burua babestu nahiko nuke, beldur nintzatekeelako…

— Zarenaren gisako batzuek izuturik, ez?

— Noski. Alta bada, lehenago guganik babesteko erabiltzen ziren tresnak politagoak ziren naski, beste xarma bat zuten. Non galdu dira etxe xoko guztietan ematen ziren baratxuri buru lodiak edo gau ilunenetan eskuetan tinko-tinko atxikitzen ziren hesola xorroxtuak… Gizakiak bere odol goxoa arrunt kutsatu duenetik, ospitaleak ohointza toki bihurtzen uzten ditu, karriketan banpiro-dealer etsitu espezie berri bat onddoak bezala pusatzera bultzatzen du, beldurraren beldurrez… Ez ote da hori lazgarria?

— Aurkikuntza horrek alde onak dituzke bestalde…

— Agian… Hala izanik ere, ez dut mundu honek geroan eskaintzen ahalko didanaren ezagutzeko gutiziarik gehiago… Arimarik ez dutenak etsiarazten dituen mundua ez da enetzat egina… Laster, zinezko heriotzaren bakea ezagutuko dudala espero dut…

— Zure eternitatea hautsiko zenuke? Hainbeste mendez iraun ondoren?

— Zergatik horrela egon, betidanik desiratu dugun edaria eta haren gustua galdu ondotik? Bizitzeko, likido pizgarria edan aitzin, hodi batean tratatu behar delarik? Ene plazer bakarra galdurik funtsean? Ez, aldi honetan hobe hiltzea, ahal bada sekulako… Eta manera ederrenarekin…

— Nola bada?

Andere beltzak bi begiak emeki-emeki hetsi zituen eta zutitu zen. Leihora buruz urrundu zen, haren zaiak gordetzen zituen zangoak lurrean lerratzen balira bezala. Hiriaren argi koloretsuak istant batez so egin eta, hatsa eztiki hartuz, ondoko gelara abiatu zen. Mattinek bere bistatik urruntzen ikusi zuen, harriturik. Orduan, bere elkarrizketa-laguna erien artean area bezala eskapatzen ari zitzaiola sentitu zuen. Entzun zituen eleak hunkigarriak izan bazitzaizkion ere, bazekien, azkenean, ez zezakeela deus egin haren salbatzeko… Bere kadiran jarririk dantzan hasi zen, burmuinari hamaika itzuli eginaraziz, banpiro desesperatuari azken agurra emateko hitz eder eta penatuen bila.

Orduan, haren gonbidatzailea berriz agertu zen. Erreportari gaztea bat-batean zutitu zen, harriturik hil kutxa handi bat zekarrela eta mahaiaren ertzean pausatzen zuela ohartu zenean… Ez zekien miresle ala kezkati izan behar ote zuen.

— Barkatu banpiro agurgarria, baina, ene doluminak emanez, bakean utziko zaitut. Lan horren bukatzeko aizinarik asko ez dut eta…

— Nola deitzen duzue gaur egun kazetariok gertakari aipagarri baten berri emateko parada duzuelarik? Scoop bat, ez da hala?

Bien begiradak gurutzatu zirenean, kazetariak ulertu zuen, gau hartan, haren bizi guztian behin bakarrik ikusten ahalko zuena argazkitan har zezakeela. Egon behar zuen, banpiro baten heriotzaren ikusteko!

Orduan, berriz jarri zen, eta bere tresnaren prestatzen hasi, presaka-presaka.

— Zeremonia hasi aitzin, hala ere, gomendio batzuk eman nahi nizkizuke. Hilkutxa hetsiko denean, ez duzu mugitu beharko… Banpiroaren lo berriaren trabatzeak dena huts eginarazten ahalko bailuke…

— Nahi duzun bezala.

— Prozedura gizakiarentzat izugarria bada ere, dardarka ez aritzea galdatuko nizuke.

— Lasai, jadanik erreportaia gogorrak egin behar izan ditut. — gezurtatu zuen Mattinek.

— Ongi da beraz…

Andere beltza kazetariaren aldamenetik pasatuz gela zeharkatzen hasi zen, pentsaketan balitz bezala, segur aski erran beharko zituen formula misteriotsu batzuen gogorarazteko… Gero, berriz mahaira buruz hurbildu zen, eta kazetariaren gibelean gelditu. Burua apaldu eta, pazientziarik gehiago ez zuenari belarrian xuxurlatu zion:

— Eta azken gomendio bat: kasu emazu goizeko argiari, hura baita jasangaitzena.

Gertatzen ari zitzaionaz konturatzeko denborarik izan gabe, jarria zen gizonak oihu labur bat kirrinkatu zuen banpiroak haren lepoaren erdian bi zilo eder eta ilun egin zizkionean. Garratza, mingotsa, edanezina zen likidoa azkarki hurrupatu zuen, baina ez osoki. Odola izena ote zuen oraino? Aurpegi okaztatu batekin, kazetari engainatua hilkutxan sartu zuen eta hetsi. Ondotik, edan zuen pozoia mahai gainean utzia zuen ur bedeinkatu bete basoa edanez urdailaren zolaraino isurarazi zuen.

— Odol pozoindatua zainetan daukanak, odol hori gustuko izanen duelakoan…

Eta betirako loak hartu zuen, haren gorputza zabal-zabala lurrera erori zenean.