Panpi

SARRERA

DANIEL LANDART

Panpi

DANIEL LANDART 1946-an sortua, Doniztirin. Uztaritzen bizi. Hamazazpi urtetan hasia euskaraz idazten. Antzerkilari, idazle, eta hainbat kantu hitzen egilea. Bertso saio aDaniel Landartskoren antolatzailea eta gai-jartzaile. Euskaltzain urgazlea, 1979az geroztik.

Panpi izeneko ipuina aurki daiteke Jendeak liburuan, kontakizun desberdinek osatzen dutena. Ipar Euskal Herriko laborari munduan kokatuak dira, XX. mendeko bigarren zatian.

Kontakizun bakoitza, errealki gertatua edo asmatua, anekdota soil batetik abiatzen da.

IRAKURRI AURRETIKO ARIKETA

IPUINA

+I. zatia
Panpi. Etxexurikoa. Mutil hezigaitza. Sekula ez gelditzerik. Aitarekin beti kalapitan. Amarentzat gaiztoa. Haurrideentzat bortitza. Besteak ez bezala beztitzen. Bizar txar bat kokots azpian. Zigarreta beti ezpain txokoan. Elizan ez ibiltzen.

Bere astapitoko motoarekin, iluntzetan, maiz ibilki zen herriko bide hertsietan, zirurikan, burrunbaka eta burrunbaka. Bihurguneak gaitzeko abiaduran hartzen zituen, arriskuak batere neurtu gabe. Jo hona, jo hara, Panpik amesten zuen: « Ikusiko duzue… Neska guziak nitaz amorostuko dira, eta otoiztu beharko naute haietarik batekin ezkontzeko… » Ametsak amets, eta ametsak, maiz, amesgaizto bilakatzen…

Etxekoek, beren semea pixka bat « zaindu » nahiz, errepikatzen zuten: « Gure Panpi ez zen holakoa lehen… Aljeriako gerla zikin horrek du arrunt nahasi eta galdu… » Bere adinekoek aldiz bestela zioten: « Eskola denboran ere, bazian bai horrek. eskasetik soberaxko! Funtsean, mutikoek « Espanttu » deitzen zioten, eta neskek « Burrunbet ». Bere motoarekin sobera burrunba egiten baitzuen, eta beraz, haien ustez « bête » baitzen, zozo hutsa!

+II. zatia
Dena dela, Aljeriatik itzuli ondoan, ilargi zuriak bazterrak argitzen zituelarik, gau osoak pasatzen zituen, bere ihiziko arma eskuan, landa punta batetik bestera, lasterka. Lasterka eta oihuka: « Garbituko ditiat Fellghal zikin horiek. Garbituko, eta nola! Garratoiak bezala »,

Behin, etxeko zakurra zauritu zuen, eta bestaldi batez, auzoko behorra hil. Auzokoek berehala jendarmeak deitu zituzten lehenagotik, ere bi auzoak haserre baitziren

+III. zatia
Jendarmeak ikusi zituelarik etxera hurbiltzen, Panpik ihesari eman zion. Hiru egunez segurik egon zen gorderik, Jainkoak daki non… Itzuli zelarik, noizbehinka arrazoinamendua nahasten zitzaion.

Zenbait hilabeteren buruan, auzitegira joateko gutuna eskuratu zuelarik, berriz ere lekuak hustu zituen. Baina ez zen lehen aldian bezain urrun joan.

+IV. zatia
Arratsalde apalean, aitak aurkitu zuen Panpi, sabaian, soka bati zintzilik.

Haren hiru arrebak aspaldian hirira joanak baitziren eta bihi batek ez baitzuen etxera itzultzea onartu, Etxexuria segidarik gabe gelditu zen.

I am text block. Click edit button to change this text. Lorem 

ARIKETAK

HIZTEGIA

ADIZKIAK

BERRIDAZKETAK

ULERMENA

BESTE IPUINAK

Ispiluak

SARRERA

BÉATRICE URRUSPIL

Ispiluak

BEATRICE URRUSPIL Donapaleun sortu zen, 1975ean. Arte eBéatrice Urruspilderretan eta euskal filologian diplomatua da, eta gaur egun arte, erakusketak antolatzen ditu, kostaldeko elkarte batean.

Gizaki bakartiak liburuan, bakardadearen hainbat aurpegi hamahiru ipuinetan, Ispiliuak barne, kontatuak zaizkigu.

Bakartasuna hautua izan daiteke; baina, anitzetan, sufrikarioa da, batez ere besteengandik desberdinak baldin

IPUINA

+I. zatia
Lilak ispiluari begiratu zion. Idazle izan nahi zuen emazte gaztea zen. Asteak iragan zituen istorio baten bila. Bi hitz baizik ez zituen asmatu: « bakarrik naiz ». Bi hitz bakar horiekin, liburu bat idazteko asmoa zuen. Agian, norbaitek « Ni ere » erantzungo zion…

Bere apartamendu tipian hamar ispilu kokatu zituen. Hasieran, hamar Lilarekin bizi zela iruditu zitzaion. Gero, ispiluak etsai bilakatu ziren, haien aitzinean pasatzen zen bakoitzean bakarrik zela oroitarazten baitzioten.

Behin, sagu bat agertu zitzaion. Pozik zen bizilagun bat ukaiteaz; baina, denbora guti barne, apartamendua saguz bete zen; gatu bat hartu behar izan zuen. Jan eta lo egin, ez zuen besterik egiten. Ez zen Lilak espero zuen bizilaguna…

Berriz ispiluari begiratu zion, ea, haren ordez, ezezagun bat agertzen zen; lagun anitzez inguratua zen emaztea, gizonekin arrakasta handia zuen emaztea.. Baina ez, betiko Lila ikusi zuen.

Atzo oporrak hartu behar izan zituen. Oporrak gorrotatzen zituen, ez baitzen aste luze horietan nehorekin mintzatzen. Bulegoan, bederen, lankideen abenturez gozatzen zen. Lilari ez zitzaion nehoiz ezer gertatzen; orduan, gezurrak kontatzen zituen; asteburuak lagunekin diskotekan dantzatzen pasatzen zituela, Gexan izeneko maitale zoragarriak arrosak eskaintzen zizkiola.. Lanean, beste Lila bat zen, izan nahi zuen Lila ausarta. Ispiluan, herabeegia zen hogeita hiru urteko emaztea baizik ez zen agertzen. Ispiluek ez dute sekulan gezurrik erraten…

+II. zatia
Ondoko apartamenduan musika entzun zezakeen. Auzoko berri bat ote? Bihotza punpaka, belarria paretaren kontra eman zuen; norbait musika klasikoa entzuten ari zen. Lila amesten hasi zen, Agian, paretaren beste aldean, laster lagun min bilakatuko zen pertsona bat bizi zen. Neska ala mutila? Bost axola! Lilak bakardadea ezin zuen gehiago jasan.

Musika gelditu zen. Ate soinu bat entzun zuen. Behatxulotik, auzoko berriari so egin zion; gizon gazte bat zen, begiak beltz-beltzak zituen. Atorra horia eta galtza laranjak zeramatzan. Kolore biziek haren begitarte zurbilarekin kontrastatzen zuten. Estralurtarra ematen zuen. Atea giltzatu gabe, eskailerak jautsi zituen. Lilak ez zekien zer egin; ate giltzatu gabeak erakartzen zuen… Gizona lanera joana ote zen? Beharbada, zerbaiten erostera jautsi zen eta minutu batetik bestera itzuliko zen… Lilak arriskua hartu nahi zuen; auzokoaren aparta- menduan sartu zen. Lehen gelari behako bat eman zion; sofa gorri bat, mahai bat kadirekin, apalak oraino hutsik… Ez zen ezer berezirik.

Ganbaran sartu zen; paretaren kontra, margolan andana bat metatua zen, margo eta pintzel anitzen ondoan, Lila hurbildu zen, pinturak hobeki ikus zitzan. Autopotretak ziren; gizona denetan triste agertzen zen. Emazte gazteak tipiena hartu zuen, eta bere apartamendura itzuli zen.

Egun osoa potreta miresten iragan zuen, auzokoaren bizitza asmatzen saiatuz. Hain triste izateko, segur aski, ama galdu zuen tipia zelarik… Orduan, aitarekin bakarrik bizi zen. Aita mozkortia eta bortitza zuen… Eskolan ez zuen lagunik…

Orduak pasatzen zituen margotzen, bere penen ahanzteko… Azkenean, Lila bezain bakartia zen. Zerbait asmatu behar zuen harekin harremanetan sartzeko. Afari bat antolatu, elkar ezagut zezaten, edo opari bat eskaini… Beharbada gehiegi zen …Edo, sinpleki, harengana joan, gatza falta zuela aitzakiatzat hartuz. Bai, hori eginen zuen.

+III. zatia
Gauerdi zen auzokoa etxeratu zenean. Musikak zuen Lila iratzarri. Orduak iragan zituen haren zain, eta, azkenean, besaulkian lokartu zen. Beti hain berant itzultzen bazen, zaila izango zen elkar ezagutzea… Belarria paretaren kontra eman zuen; gizona pintatzen ari ote zen?

Biharamunean, auzokoak goiz alde egin zuen, bezperan bezala, atea hetsi gabe. Gonbidapena al zen Lila haren planetan sar zedin? Presa zuen gizonak margotu zuena deskubritzeko. Lasterka joan zen ganbararaino. Garrasi egin zuen; autopotretak desagertu ziren. Haien ordez, pintura berri batzuk zintzilikatuak ziren paretan. Larruazal kolorekoak ziren; erdian irekidura bat bazuten, zauria izan balitz bezala. Jakin-minez, Lila hurbildu zen. Zauriak hunkitu nahi zituen; nini baten larrua bezain leunak ziren. Ez ezagutu arren, Lila harengandik gero eta hurbilagoa sentitzen zen. Zerbait egin behar zuen hainbeste sufritzen zuen gizon horrentzat… Lagundu behar zion eguneroko bizian. Garbiketa egiten hasi zen. Lurrean zeuden jantziak armairuan gorde zituen, xurgagailua gela osoan pasatu zuen, eta berinak garbitu. Amaitu zuenean, Lila ohe gainean etzan zen, burukoaren usain goxoaz gozatuz. Ikusiz nola ahalegintzen zen laguntzeko, gizona laster etorriko zen harengana… Pintura tipiena hartu zuen, eta bere apartamendura itzuli zen. Ispilu guztiak kendu zituen, auzokoaren margolanak zintzilikatzeko. Ez zen gehiago hain bakarrik sentitzen.

+IV. zatia
Ondoko egunetan, ber errituala segitu zuen: garbiketa egin, pintura baten truke. Lilaren apartamenduak egiazko museoa iduri zuen. Lanean hasiko zenean, lankideei kontatuko zien nola hartaz maitemindu zen artista bat ezagutu zuen, haren musa bilakatu zela. Ez zen egiatik hainbeste urrunduko… Hala ere, kezkatzen hasi zen, auzokoa ez zitzaiolako oraino agertu. Ez ote zen konturatu ez zela gehiago bakarrik?

Goiz batez, Lila urduri sartu zen haren apartamenduan. Sumatzen zuen zerbait aldatuko zela. Beti bezala, ganbaran sartu zen, margolan berriak ikusteko; paisaia ilun batzuk zintzilikatuak ziren. Bazirudien margotuak ziren zuhaitzak mugitzen zirela. Lila dardarka hurbildu zen. Garrasi bat atera zitzaion; pinturak ispilu bihurtu ziren, ispilu beldurgarriak. Lasterka itzuli zen bere apartamendura; baina, han ere, ispiluak baizik ez zeuden. Begiak hetsi zituen eta negarrez hasi zen. Ez zuen gehiago bere aurpegi nazkagarria ikusi nahi. Etsitua, lokartzen saiatu zen. Agian, iratzarriko zenean ispiluen ordez pinturak agertuko ziren.

Gauerdian, norbaitek atea jo zuen. Ideki zuenean, Lilak gutun bat aurkitu zuen lurrean:

 

BAKARDADEA MAITE DUT.

NIRE LAGUN ONENA DA.

I am text block. Click edit button to change this text. Lorem 

ARIKETAK

HIZTEGIA

BERRIDAZKETAK

ERLATIBOZKO PERPAUSAK

ULERMENA

BESTE IPUINAK

Gauaz parke batean

IRAKURRI AURRETIKO ARIKETA

SARRERA

JON MIRANDE

GAUAZ PARKE BATEAN

JON MIRANDE Parisen jaio zen 1925-ean guraso xuberotarrengandik. Bizitza osoan Finantzetako Ministergoan funtzionari bezala aritu zen. Hizkuntzazale amorratua ikasi zituen hamar mintzaeretik gora, euskara barne.

Olerkiak, eta ipuinak argitara emango ditu garaiko aldizkarietan. 1956-57 urteetan izkiribaturiko Haur Besoetakoa, nobela 1970.

urterarte ez da argitaratuko. Aski etsiturik euskal giroaz utzi egingo dio euskaraz idazteari eta keltar hizkuntzetan arituko zaigu.

Eritasun luze baten ondoren badirudi bere buruaz beste egin zuela 1972. urteko eguberrietan.

Webgunean irakurri ahal duzun bere ipuina “Gauaz parke batean, ipuin izugarriak” liburuan agertu zen. Izenburu honen pean Jon Miranderen kontakizun bereziak dituzu, umore beltzaren baitan sailka daitezkenak.

IPUINA

+I. zatia
Andere xaharra jarri zen parkeko aulki bazter batean, moda zaharreko eskuko zakua amultsuki gerriari kontra herstutuz. Gautzen ari zen jadaneko, baina astia zuen etxera itzultzekotz; hurrean bizi zen, eta udaberriko airea hain goxo eta epela zenuten… Haren aldamenean, ordea, paseiantak beren egoitzetara lehiatzen ziren: langileak, parkeko bidea labur-kausaz hartzen zutenak; eskola-haur eta ikasleak, eskola-liburu eta tresnak besapean; amorosen bikoak, emeki eta besotik heldurik zebiltzanak, andere xaharrak ametsetan bezala so egiten zielarik. Bakarra ote zegoen orain parkean? Eta zenbat denborarako?

Baina ez: gizon gazte bat aitzina zetorren, zaloin. Haren aurretik iragaitean emetu zuen urratsa eta begiratu zion, zalantzan iduri; gero jin zen haren ondoan jartzera. Andereari ez zitzaion atsegin izan, haren ondoan jarri baitzen, baina aulkia ororena zen, ez da? Mutilak zigarreta bat piztu nahi izan zuen eta anderea ohartu zen eskuak ikaratzen zitzaizkiola; bi mitxa erabili behar izan zituen heltzekotz. Zainbera zelako pentsamenduak irriño bat atera zion emaztekiari, eta mutilak aitzakitzat hartu zuen irri soil hori harekin elekan hastekotz.

+II. zatia
— Gaualdi ederra, ez da?

— Bai, gaualdi ederra, baina beste gaualdi batzu ezagutu izan ditut, oraino ederragoak —ihardetsi zuen, gogoetaturik.

Gizon gazteak bitxiki so egin zion eta andereak bazekien bere baitan zerabilela: Atso ergel hiztun bat, dudarik gabe»… Eta andere xaharrak emaiten zion kexaduraren mendekioz edo, hobeki, gaiztakeria hutsez, galdegin zion apur baten buruan:

— Ez zara beldur, Anderea, zuhaur tenora hontan, eta leku hontan?

— Zergatik beldur izan behar nintzateke?

— Zergatik? Baina hemen gertatu diren gizerailketak gatik, naski.

Ene! Zertarako mutilak oroiterazi nahi zizkion, gauetarik gau hontan hain zuzen, aitzineko urteetan parkean gertatuak: eskolako neska bat, gero berrogeiren bat urteetako ama familiako bat, eta azken aldian neskatila bat, hirurak hilik atzemanik, zintzurra trinkaturik, eta erailea oraino ihes?

— Ez, ez naiz beldur —erran zuen deplauki.

Gizon gazte hori gero eta desplazentago zitzaion. Eta bet-betan gogoak eman zion deliberatuki etorri zela haren ondoan jartzera, haren diruaren ebastekotz. Herstu zuen eskuko zakua bere gerriari kontrago. Baina gizon gazteak, haren mogimendua ez ikusirik edo ezikusia eginik, aitzina erran zuen:

— Gauza lazgarria: hiru emazte hementxe itoak izan, bakoitza udaberri batean, eta aldi-bakoitzean poliziak huts egin! Nork daki gizerailea ez dagonetz parkeko itzalean gorderik, gau hontan bertan?

Andereak bazekien orai mutilak izi erazi nahi zuela, haren zakuaz jabetzekotz… Haatik ez zuen utziko hartzera… Ozenki ihardetsi zion:

— Badute aspaldi erailketa horiek. Egilea urrun dakete engoiti. Ez naiz ez beldur.

— Ez dute hain aspaldi; azkena, gogoratzen zera neskatila gazte harena?… Joan den udaberrian izan zen eta.

Oroitzen zen, bai, anderea, baina ez zuen beldur izan beharrik, ez mutil horren, ez beste ihoren. Eta jakin-gose ergel batek bultzaturik galdegin zion:

— Zure ustez, nor zen egilea?

— Oh! Dudarik gabe sadiko bat —erantzun zuen ezaxol.

— Bai, arrazoin duzu, hiru emazte gazte itorik, dudarik gabe agure sadiko batek hilak.

— E! ez hain zaloin, hain laster ibil zure arrazoina mendutan… —egin zuen mutilak, irriz—. Nik dakidanez, erailea gazte izan zitekeen, ez bortxaz agure bat.

— Ez, ez —ihardetsi zion, emeki baina sarkorki, hartaz segurtatu nahi izan balu bezala, zeren gaua baitzen orai eta biok bakarrik zeuden parkean—, agure batek baizik ez zitzakeen hiru emazte gazte eta eder horiek hil!

+III. zatia
— Bai eta gizon gazte batek ere. Gogoan atxik ezazu ez diola, idurien arabera, hilean adinari hainbat axolarik, emazteki diren ber; hirurotarik bat haur bat baizik ez zen; beste bat bi adinen arteko andre bat… uste izateko da emazte-kente guztia duela higuin… Zergatik? Haien amodioa ezin irabaz dezakelakotz ote? Beharbada eder ez delakotz, edo alde batetik beste gizonak ez bezalako delakotz, edo enbalditua. Gertatzen ohi dena, badakizu. Ene kasua har ezazu: maingua naiz (anderea ez zen ohartu maingua zenik, parkean gaindi zetorrelarik); gauza guti da naski, halaz ere behaztopo bat emazteki bati korte egin nahi baniro —erran zuen irri idor batekin, eta gero—. Hots, gizeraile sadiko bihurtzekotz zio bat aski indartsua gogoak edo zainak eriak lituzken batendako!

«Egia da —pentsatzen zuen andereak—; gutariko bakoitzak mila eta milaka zio badauzka gaiztagin bihurtzeko». Eta amets egin zuen luzaz leku-komun hortaz.

Osoki ahazturik zituen mutil gazteak oixtion sorrerazi ziozkan dudamudak oro… eta hunek, betbetan hari hurbildu eta, eskuko zakua indarka kendu nahi izan zionean, izialdurak baino areago, ustegaberik jazarria izateak atera erazi zion orroa bat. Ez zuen ez beldurrik, baina ez zion zakua hartzera utzi behar eta tink-tinka atxikitzen zuen.

+IV. zatia
— Alo, eman zaidan berehala! —manatu zion bortiz mutil gazteak, eta zintzurra bihurtu nahi izan zion. Moldegaizki, ordea, gertuzko gaiztagin batek bezala… pentsatu zuen, erdeinuz, andereak. Nork zekien hargatik etsipenez zeran egitera prest zatekeen? Nigarroiki otoiztu zuen beraz—: Utz nazazu, arren, ene dirua emanean dautzut, bai!

— Berehala baina, atsoa, bestela… —ihardetsi zuen gizonak, baina lepoa laxatu zion.

Andere xaharrak zakua ireki zuen eta mutilak engoiti eskua hedatzen zuen poltsaren hartzekotz. Baina haren begiak borobildu ziren harridura gatik ahoa zabaldu zuen oihu baten egoztekotz, bertan itoa izan zena, ezen andereak poltsaren ordez bilur bat jalgi zuen zakutik eta aski trebeki gizon gaztearen lepoaren ingurura aurdiki… eta halako emazteki adintsu batenganik ihork igurik ez zezakeen indarrarekin tinkatu zuen berehala, ziotsalarik:

— Ez hintzen hi gaur bilatzen nian ihizia, baina hihaur jin haiz ene sareetara, ez dea hala?

Ezin jakin zuen, ordea, besteak astirik ukan zuenetz hitz horien entzutekotz, bere luzean eroria baizetzan aulkiaren oinetan, begitartea jadaneko urdindurik eta mihia ahotik erdi aterarik. Andereak artoski deslotu zuen bilurra eta eskuko zakuan liarzara goititu. Gero segurtatu zen gizon gaztea hil zela beharria haren bularrari kontra emanaz. Hila zen, bai, eta harekin-batean itzaliak betikotz haren osasuna eta haren gaztetasun ederra. Ez zen gero egia maingua zenik, eta aurpegia eder zeukan, bizi zelarik! Alo, berriz ere ito ahal izan zuen andereak bere bizitze bakar, hilduratuarentzat irain bat ezin jasanezkoa zen «beste»en atsegin eta bizi nahia…

Berriz ere, datorren primaderarainoko, bederen. Bere etxera itzuli zen, eta ihork ez zuen bidean hauteman.

I am text block. Click edit button to change this text. Lorem 

ARIKETAK

HIZTEGIA

HITZ ERATORRIAK

BERRIDAZKETAK

ZEHAR GALDERAK

BESTE IPUINAK