Denek badakite goizetan, Baionan sartzea eta arratsaldeetan Baionatik ilkitzea, kalbario bat dela. Autoak metatzen dira Sutar eta Meñoneko biribiletan, Maubec karrika gainean, Zubi Gorrian, Ametzondo aldean, bata bestearen ondotik, elkar hunkitzeraino, ttur-ttur. Jendeak, egunean bietan, bere ibilgailuaren kabinan isilik sufritzen ditu metaketako horiek. Badirudi gainera ez dela deus egiten ahal.
Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Hego Landetako etxeak husten balira bezala da. Herritarrek lanera tenorez heldu behar dute derrigor. Bederatzietan hasten dira eta lantokia, lauak eta erditan uzten dute. Gehienetan, gidari bakarrarekiko autoek moldatzen dituzte lerro trinko horiek. Kotxeak ere gero eta handiagoak dira, azkarragoak, distiratsuagoak.
Baionan bizi direnek ez dute metaketa horietan preso hartuak izateko arriskurik. Baina hiritik atera behar dutenean ez daukate ihesik: aparkalekutik jalgi orduko, hor dute lehen metaketa, hortik libratu ondoren, beste bat, eta oraino beste bat, Uztaritzerako bidean azkenean, abiadura askatzeraino. Tartean, tutak, laidoak eta irainak, desafioak, keinu itsusiak…
Garraio kolektiboak indartzen ari dira, baina ez aski. Eta auto geldotuen artean, autobusak ere, karakoilen antzera ibiltzera behartuak dira. Ez dute beti bide propiorik oraino. Zailtasunak zailtasun, argi dago, nehork ez duela autoa sakrifikatuko, metaketan blokaturik ere, libertatearen ikur nagusia delako!