12. Klima aldaketa

Gizakia abere bitxia da. Berezia. Errealitatea ukatzeko ahalmen handia dauka, gertakari argi eta finkoen aitzinean ere. Aldaketa klimatikoaren aurrean hori da ikusten duguna irratiak eta telebistak pizten ditugunean. Batzuen arabera, ez da deus pasatzen, dena imajinazioak sortu burbuila mental bat da, eta besteak ari dira atzera tiraka, kontsumo gehiago eta debeku ekologiko gutxiago behar dela aldarrikatzen, garapenaren izenean.

Anartean, gutarik ez hain urrun, jadanik jende askok pairatzen ditu aldaketa klimatiko horren ondorioak: uholdeak, suteak, lur jauziak, pandemiak, goseteak, lehorteak, urakanak, tenperaturen gorakadak inhumanoak, etxe eta lan gabeziak, emigratzeko premiak… zerrenda, orrialdearen azken lerroraino luzatzen ahal da. Baina badirudi ezbehar hauek jende pobrea, Europaz kanpokoa, eta horregatik gutxietsia, jotzen dutela. 

Ukamen maila indartsua da gure artean. Eskuineko eta eskuin-muturreko politikarien partetik bereziki. Jendartearen zati kontserbadoreenen alde egiten dute beti, energia fosila saltzen dutenen alde, nekazaritza industrialaren alde, sortaldeko bizi modua negoziaezina dela erraten dutenen alde. Baina, segur aski, horiek ere, ehunka kide arrunten gisara, alde egin beharko dute larritasuna areagotuko denean. Areagotuko delako. 

Beste kapituluak