13. Gaztetxean

Maia eta Marti Gaztetxean dira. Musika ona da. Hernaniko talde bat ari da gaur. Arropa gorriz jantzi kantariak biolina jotzen du. Bateria eta saxofonista bana ditu inguruan. Badirudi gela hertsia zartatuko dela. Gazteagoak jauzika ari dira, adinekoak aldiz ostatuan, nork bere edariak manatzen eta hurrupatzen. 

-Erritmo eta zarata asko, erran du Maiak. 

-Gure gazte denborako rock’n’rollean bezala… ala ahantzia duzu zer azantza egiten zuten orduko bateria eta gitarra elektrikoek?

-Denbora haietan bafleak ere zer nahitarako baliatzen ziren… poetak presondegietatik ateratzeko adibidez!

Lagunen irriak hautematen dira. Oroitzeak gaztetzen ditu. Jendeak zoriontsu ematen du, bazter batean mozkor arrailtzen ari den saldo bat ageri den arren. Jesus ondora heltzen zaie:

-Zer Maia? Urean? Eri zara ala?

-Ez…Txin-txin! Ura omen da edaririk hoberena… Baionako bestetan hartu nuen erabakia eta geroztik…

-Okey… Marti, nire kontura… zer nahi duzu zuk? Naturala ala gaseosa?

Eskua sabelean pausatzen du Maiak lagunen algara arinak eraginez:

-Sobera ur edaten baldin badut, igelak ariko zaizkit erraietan kantari…

Karkaila betean, basoak briu-brau hustu ondoren, jende-multzoa urratzen dute hiruek, tauladara hurbiltzeko eta musikaz gozatzeko. 

Beste kapituluak