Pernandoren etxeko tximinian ez dute egur adartxo bat ere sua pizteko. Zer egin? Gure gizona egur bila joaten da. Oihanean egur mozten ari delarik gazte multzo bat hurbiltzen zaio. Eta erraten diote:
– Pernando, gaurko egunez zu lanean?
– Zer egun da, ba?
– Azkarateko pesta eguna, gizon!
– A putxas! Ez nuen batere gogoan!
Pernandok tresnak eta egurrak hortxe berean uzten ditu. Eta gazteekin Azkaratera doa.
Lau egunez ez da etxeratzen. Bosgarren egunean itzultzen da. Mari-Joxepa kanpoan aurkitzen du, lanean ari dela. Bere andrea kopetilun eta isilik dago. Zer gertatzen zaio ? Ez du elerik egiten. Mututurik ote da?
Orduan gure gizona herriko erretorearen gana doa.
– Jauna, gure etxean gaitz handi batek jotzen gaitu. Nire emaztea hitzik gabe dago.
– Gaixoa! Zer gertatzen zaio, ba?
– Ahaleginak egin ditut. Baina, ez da gehiago mintzatzen!
– Zerbait egin behar dugu. Goazen berehala ikustera!
Pernandoren etxera heltzen dira. Eta Mari-Joxepak erretorea ikustean botatzen dio:
– Erretore jauna! Zu hemen gaindi? Eta Pernandok orduan:
– To! Orain hitz egiten du! Sendatu duzu, jauna. Hau da mirakulua, hau!