Sanotze

Transkripzioa

Ideia hori sortu zait duela urte eta erdi pasa, kamioilari nintzelarik, eta aski nuen lan hortaz. Ondorioz, beste zerbait egiteko gogoarekin ibili naiz xekatzen. Eta ikusi nituen Youtuben lan horretan ibiltzen den beste baten bideoak, eta, ondorioz, gogoa eman zidan eta formakuntza ikasi nituen. Orduan, Sanotzen enpresan egiten dudana dira animalia kaltegarriak izango dira arratoi, eltxo edo liztor asiatiko eta europar, eta estafinak, labezomorroak baita ere egiten ditut

Jaunttoa nolaxe, zirikaria halaxe

  • Hizkuntza bat irakatsi beharrez

    Nasrudin diru beharretan dago. Zerbait asmatu behar du. Kurduera ikastaldiak antolatzea erabakitzen du. Hizkuntza horretan hitz bat edo beste daki. Besterik ez.

    Lehen ikaslea, merkatari bat da. Kurdistanera joan behar du, han bere negozioko afera batzuk tratatzeko.

    – Zerbait ikasten hasteko edo, bidaia denboran beharko ditudan hitz batzuk ikasi nahi ditut. Adibidez, jatetxera joanen naizenez, nola erraten da “zopa beroa” ?

    Nasrudinek duda izpirik gabe erantzuten dio, “zopa beroa” erraten dute “arsh”!

    – Zer ? harritzen da ikaslea. “Arsh”! Hitz bakar hori, hain motxa “zopa beroa” izendatzeko ? Kuriostasunez orain, nola erraten dute « zopa hotza »

    Nasrudinek ihardesten dio berehala,

    – Kurdistanen, hitzik ez dute hori errateko,

    – A ? Eta zergatik ote ?

    – Kurduei ez zaie batere gustatzen… Hastio dute, “zopa hotza” jatea !

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

  • Zakurraren muturra

    Behin, gizon bat bere zakurrarekin doala, Pernandok bidean gurutzatzen ditu. Hurbiltzean, zakurrak bere galtza usaindurik, pixa egin beharrean, hanka altxatzen du. Orduan berehala, Pernandok kasatu du :

    – Hoa hemendik, “hire nagusiaren mutur horrekin” !  Jauntto zakurduna haserretzen da, baina isilik dago. Handik egun batzuetara, Pernando epailearen aitzinean agertzera deitua da.
    Epailearekin elkartzen denean, jaunttoa ere hortxe  dago eta bere zakurra ere bai.
    Berehala, auzia hasten da. Jaunak : – Gizon hau, duela zenbait egun nitaz trufatu da. Pernandok arrapostu : – Ez, hori ez da egia !  jujeak txilintxa joaz, Tilin !  Tilin !  Tilin ! Jaunak berriz ere: – Gizon honek  laidoztatu nau. Pernandok, – Hori ere, ez da egia ! Epaileak, Tilin ! Tilin ! Tilin ! Jaunttoak azkenean : – Gizon honek erran dit, “zakurrak nere muturra duela”. Pernandok, – Bai, hori egia dela ! Jujeak, – Eta zuk diozu, Jaun hau ez duzula iraindu ? – Pernando: – Ez ! – Nolaz ez ? – Horra. Epaile jauna, galdera bat, – Zakur hau norena da ? – Jaun honena, noski. – Eta beraz, zakur honen muturra, norena da ? – Jaun honena ere, bistan dena. – Beraz hori da, erran diodana, “Zakurrak nagusiaren muturra” duela !

    Epailea eta Jaunttoa mututurik gelditu dira. Zakurra ere, prefosta ! Eta horra nola, Pernando Amezketarrak auzia irabazi duen.
    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu !

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

BESTE KAPITULUAK

Herritarra nondik, kitzikaria handik

  • Mugazaina eta tratularia

    Nasrudinek astean hainbat aldiz, muga zeharkatzen du bost edo sei astorekin. Denak behar bezala eta ongi kargatuak dira.

    Mugazainak xeheki eta ardura handiz begiztatzen du animaliek bizkarrean ekartzen dutena. Asto bakoitzak, basta gisa, bi zaku handitan, brika eta adreilu, hare eta harri-koskor karga handia eramaten du. Guardak ez dio deus besterik aurkitzen. Baina zergatik ez du gizon honek beste garraio molde bat erabiltzen ?  Eta aldiro, frango dudatu eta zalantzaturik, gidaria eta bere zamariak pasatzera uzten ditu.

    Geroago, Nasrudin bakarrik beste muga batetik iragaiten da, bere etxera joateko.

    Zenbait urte geroago, delako  mugazain hura, bere guarda lanetik erretiratu da. Erretretan dago, beraz. Holako batez, Nasrudinen ostatura sartzen da, tea edateko.

    • Nasrudin, erraidazu ba orain, zer gauza mota eramaten duzun kontrabandoan, hargintzarako pusken artean gorderik, edo ?
    • Nik, deus ez ! ihardesten dio Nasrudinek, asto batzuk ditut mugaz gaindi pasarazten, besterik ez.

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu !

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

  • Oinetako merkeak

    Eztei batera joateko, Pernandok zapata berriak behar ditu. Haatik, betiko gauza, dirurik ez du ! Hala ere, oinetako saltzaile baten dendara joaten da.

    – Zenbat balio dute, hauek ?

    – Hauek ?  Saltzaileak zirikatzeko gisan erantzuten dio, ezkerreko zapata hori urririk duzu, eta eskuinekoa, aldiz, berrogeita hamar eurotan saltzen dugu.

    – Ederki ! Eta beste pare honek, zer prezio du ?

    – Pare honen ezkerreko oinetakoa hirurogei eurotan dugu, eta eskuinekoa dohainik.

    – Orduan, zapata hau eta beste hori hartuko ditut ! erraten dio Pernandok, “kitorik saltzen” dituzten oinetako bata eta bestea erakutsiz.

    Entseatzeko bezala, biak soinean ematen ditu. Berehala, saltokitik laster batean ateratzen da. Eta dendaria karrikan oihuka gibeletik abiatzen zaio.

    – Geldi zaitez, ohoin zikina ! Zuek, atzeman ezazue lapur hori ! Harrapatu !

    Haratago, bere ondotik pasatzerakoan, norbaitek Pernando besotik hartzen du. Amezketarrak presa handia duenez, botatzen dio orduan :

    -Utz nazazu bakean, asto handia zu ! Oihulari honek desafiatu nau, eta lasterketa hau irabazi nahi duenez, nire gibeletik korrika dator ! Besteak libratu orduko, Pernando ziztu bizian iheska urruntzen da. Zapata saltzailea garrasika, beti bere atzetik…

    Pernando ez omen da geroztik denda horretara itzuli ! Alta badaki, beste oinetako pare bat ederra dagoela hor. Baina, zapata horiek karioegi saltzen dituzte, beraz !…

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu !

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

BESTE KAPITULUAK

Astoa nora, jabea hara

  • Mehatxu handia

    Egun batez, Nasrudini bere astoa ebatsi diote. Kexu gorrian merkatuko plazara doa. Eta herritarrak, oihuka mehatxatzen ditu:

    – Nire astoa ez badidazue bihar goizean etxera ekartzen, kasu! Nire aitari bere astoa ebatsi zioten ere, behin. Orduan berak hemen egin zuena, nik ere berdin egin dezaket.

    Berria herrian hedatzen da, eta ohoinen belarrietara heltzen. Hauek, dudan daude:

    – Aldi honetan, Nasrudinek ez du batere arraileriarik! Ez du, iduriz, irri egiteko gogorik! Beraz, bere mendekuak herritar nehori kalterik ez egiteko, hobe dugu bere astoa itzultzea!

    Ondoko egunean, Nasrudini barkamenak eskatuz, ebasleek astoa etxera ekartzen diote. – Jostatzeko gogoarekin zirikatu nahi zintugun, besterik ez! Horra zure astoa, sendorik eta osasun hoberenean!

    Orduan, urrundu baino lehen, lapur batek galdegiten dio:

    – Zer egin du ba zure aitak, bere astoa lapurtu diotelarik eta ez bueltatu? Nasrudinek erantzuten:

    – Ba, beste asto bat erosi. Besterik ez!

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

  • Gatza buzti eta...

    Behin Pernandori, Gipuzkoako Gatzaga herritik gatza ekartzeko eskatu diote. Hara joaten da bere astoarekin. Animaliari, gatz-zaku handi bat bizkar gainean lotzen diote. Eta tapa tapa, aberea aitzinetik, gizona gibeletik, biak etxerako errepidean datoz.

    Bidean hiru ibai zeharkatu behar dituzte. Lehen errekatxora heltzean, astoa istripuz lerratu, eta urera erortzen da. Eta hortik ateratuta, astoa ohartzen da, bizkar gainekoa arinagoa duela, orain. Beraz!… Bigarren errekan, zapla uretan berriz sartzen da. Eta hirugarrenean, berdin. Hortik aitzina, gure astotxoa arindurik, pozik eta kontentu bere bidetik dabil. Pernandok orduan : – Asto maltzurra! Nirekin azerikeriak ikasi dituzu. Baina gero ikusiko, nor den nagusituk!

    Hurrengo  egun batean, berriz Gatzagara doaz! Pernandok zaku handi bat arto-buruxkaz beterik bizkarrean ematen dio. Tira aitzina, goazen etxera!

    – Gaurko karga frango arina dut, dio astoak bere baitan. Eta errekatxora heltzean, plasta urera sartzen da. Baina, zer deabru gertatzen da ba? Uretik atera eta, karga  guttitu beharrean, gehitu zaio. Bigarren errekan zakua berriz bustitzen du. Eta oraino pisu gehiago dauka bizkar gainekoak. Hirugarren aldian, bere indar guziak behar ditu zakuarekin uretik ateratzeko, eta hau eramateko.

    Geroztik, Pernandoren astoak beti gatz lehortua ekartzen du herrira. Alta, noizean behin, ibai hegian gelditzen da. Zama busti ala ez busti, duda-mudan dagoela…

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

Elizagintaria non, zirtolaria han

  • Jainkoari laguntza eske

    Nasrudin pesta batera joateko prestatzen ari da. Bat-batean behaztopatzen da. Eta ospakizun handietan agertzen duen eraztun ederra galtzen du.

    Inguruan denetan xerkatzen du. Baina ez du nehon ere ikusten. Orduan, berak ezin duenez atzeman, jaungoikoari laguntza eskatzen dio:

    • Oi Jauna, nire eraztuna galdu dut. Eta bestara heltzeko berant nabil gainera. Nire bitxia bilatzen laguntzen banauzu, hamar dinar emanen dizkizut, moskea konpontzeko, edo…

    Hortxe dagoela belaunikaturik ahuspez jainkoari otoizka, eraztuna hantxe mahai azpian ikusten du. Berehala harrapatzen du. Eta jaunari mintzatzen zaio erranez:

    • Oi, zu ahalguztiduna, ez du balio bilatzen aritzea, nire eraztuna nihaurek atzeman dut, eta!…

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

  • Zatoz bazkaltzera

    Pernando herri ttipi batean dago. Eguerditan elizako ezkilak jotzen du. Gure gizonak bazkaltzeko gogoa du, eta gose handia, gainera. Baina, bere inguruan ez du nehon ere ikusten sabela betetzeko paradarik.

    Orduan, herriko erretorea topatzen du. Pernandok  agurtzen du eta erraten dio:

    —Jauna, galdera bat egin behar dizut.

    —Nahi duzun guzia, gizon!

    • Gauza bat jakin nahi dut. Herri honetan, norbait bazkaitera gonbitatu nahi

    delarik, nola egiten da?

    —Ba hori ! molde anitzetan egin daiteke!

    —Bai. Baina zer erraten da, bereziki?

    —Nola erran?… Ba! “Nerekin bazkaltzera jiten bazara, bozkariatuko naiz!”.

    —Poztasun hori oraintxe berean eskaintzen dizut beraz jauna!

    —E! Zer?

    —Zurekin bazkaltzera etorriko naizela!

    —Baina?…

    • Aspalditik beha nago, noiz eta zer-nolako hitzekin horrelako gonbita entzunen nuen!

    Eta nahi ala nahi ez, herriko apezak Pernando berarekin bazkaltzera eraman behar izan du.

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

BESTE KAPITULUAK

Emaztea nolako, senarra halako

  • Senar umila

    Nasrudin eta bere emaztea tirabira eta kalapitan ari dira. Azkenean, andreak erraten dio : – Nasrudin, zoaz kanpora ! Eta oinez ibil zaitez, lasaitu arte!

    Gure gizona etxetik ateratzen da, eta… Zer egin? Beraz bai. Emazteak eskatu diona eginen du. Hiria osoki oinez zeharkatzen du. Baserri ingurunean sartzen da. Eta bere bidetik jarraitzen du. Gaua etortzean, Aksehir aldeko mendietara hurrandu eta, ez da ibiltzetik gelditzen. Hiru egunez horrela doa, ibilian ibiliz, beti aitzina. Eta hantxe, zelai bateko basamortuan zaldizko bidaiari bat topatzen du.

    – Aksehir herrira zoaz? galdegin dio Nasrudinek

    – Bai, bihar gauerako hara helduko naiz.

    – Zoaz otoi, Khadidja nire andrea ikustera. Agurtu eta gero, galdetu egiozu nire partez, urrunago joan behar dudanez oraindik, ala, noiznahi gelditu naitekeen!

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

  • Emaztea hitzik gabe

    Pernandoren etxeko tximinian ez dute egur adartxo bat ere sua pizteko. Zer egin? Gure gizona egur bila joaten da. Oihanean egur mozten ari delarik  gazte multzo bat hurbiltzen zaio. Eta erraten diote:

    – Pernando, gaurko egunez zu lanean?

    – Zer egun da, ba?

    – Azkarateko pesta eguna, gizon!

    – A putxas! Ez nuen batere gogoan!

    Pernandok tresnak eta egurrak hortxe berean uzten ditu. Eta gazteekin Azkaratera doa.

    Lau egunez ez da etxeratzen. Bosgarren egunean itzultzen da. Mari-Joxepa kanpoan aurkitzen du, lanean ari dela. Bere andrea kopetilun eta isilik dago. Zer gertatzen zaio ? Ez du elerik egiten. Mututurik ote da?

    Orduan gure gizona herriko erretorearen gana doa.

    – Jauna, gure etxean gaitz handi batek jotzen gaitu. Nire emaztea hitzik gabe dago.

    – Gaixoa! Zer gertatzen zaio, ba?

    – Ahaleginak egin ditut. Baina, ez da gehiago mintzatzen!

    – Zerbait egin behar dugu. Goazen berehala ikustera!

    Pernandoren etxera heltzen dira. Eta Mari-Joxepak erretorea ikustean botatzen dio:

    – Erretore jauna! Zu hemen gaindi? Eta Pernandok orduan:

    – To! Orain hitz egiten du! Sendatu duzu, jauna. Hau da mirakulua, hau!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

BESTE KAPITULUAK