Astoa nora, jabea hara

  • Mehatxu handia

    Egun batez, Nasrudini bere astoa ebatsi diote. Kexu gorrian merkatuko plazara doa. Eta herritarrak, oihuka mehatxatzen ditu:

    – Nire astoa ez badidazue bihar goizean etxera ekartzen, kasu! Nire aitari bere astoa ebatsi zioten ere, behin. Orduan berak hemen egin zuena, nik ere berdin egin dezaket.

    Berria herrian hedatzen da, eta ohoinen belarrietara heltzen. Hauek, dudan daude:

    – Aldi honetan, Nasrudinek ez du batere arraileriarik! Ez du, iduriz, irri egiteko gogorik! Beraz, bere mendekuak herritar nehori kalterik ez egiteko, hobe dugu bere astoa itzultzea!

    Ondoko egunean, Nasrudini barkamenak eskatuz, ebasleek astoa etxera ekartzen diote. – Jostatzeko gogoarekin zirikatu nahi zintugun, besterik ez! Horra zure astoa, sendorik eta osasun hoberenean!

    Orduan, urrundu baino lehen, lapur batek galdegiten dio:

    – Zer egin du ba zure aitak, bere astoa lapurtu diotelarik eta ez bueltatu? Nasrudinek erantzuten:

    – Ba, beste asto bat erosi. Besterik ez!

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________

  • Gatza buzti eta...

    Behin Pernandori, Gipuzkoako Gatzaga herritik gatza ekartzeko eskatu diote. Hara joaten da bere astoarekin. Animaliari, gatz-zaku handi bat bizkar gainean lotzen diote. Eta tapa tapa, aberea aitzinetik, gizona gibeletik, biak etxerako errepidean datoz.

    Bidean hiru ibai zeharkatu behar dituzte. Lehen errekatxora heltzean, astoa istripuz lerratu, eta urera erortzen da. Eta hortik ateratuta, astoa ohartzen da, bizkar gainekoa arinagoa duela, orain. Beraz!… Bigarren errekan, zapla uretan berriz sartzen da. Eta hirugarrenean, berdin. Hortik aitzina, gure astotxoa arindurik, pozik eta kontentu bere bidetik dabil. Pernandok orduan : – Asto maltzurra! Nirekin azerikeriak ikasi dituzu. Baina gero ikusiko, nor den nagusituk!

    Hurrengo  egun batean, berriz Gatzagara doaz! Pernandok zaku handi bat arto-buruxkaz beterik bizkarrean ematen dio. Tira aitzina, goazen etxera!

    – Gaurko karga frango arina dut, dio astoak bere baitan. Eta errekatxora heltzean, plasta urera sartzen da. Baina, zer deabru gertatzen da ba? Uretik atera eta, karga  guttitu beharrean, gehitu zaio. Bigarren errekan zakua berriz bustitzen du. Eta oraino pisu gehiago dauka bizkar gainekoak. Hirugarren aldian, bere indar guziak behar ditu zakuarekin uretik ateratzeko, eta hau eramateko.

    Geroztik, Pernandoren astoak beti gatz lehortua ekartzen du herrira. Alta, noizean behin, ibai hegian gelditzen da. Zama busti ala ez busti, duda-mudan dagoela…

    Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!

  • Hiztegia lantzen

  • Gramatika lantzen

    ___________________________________________