EHZ festibala

EHZ festibalik ez da izango 2018. urtean. Jaialdiaren antolatzaileek gaur azaldu dutenez transizio eta gogoetarako urtea izango da EHZ berdifinitzeko 2019 urteari begira.

– «Aurtengo urtea transizio eta diagnostiko urte baten izatea. Beraz ohartu gira festibal egoki bat edo bederen hemengo jende gazte eta hemengo biztanleari eta horien galdeei erantzunen lukeen  formatu egoki baten sortzeko denbora behar genuela eta egoerak aldatzen dira, gazteria aldatu da, ipar Euskal Herrian ere anitz gauza aldatu direla iruditzen zauku. 2019an izanen dena da proiektu berri bat. «Festibal» hitza ez dakit deja hasten ahal giren erabiltzen, bainan EHZ elkarteak proposatuko ditu proposamen berriak ukanen ditu 2019tik goitik, hori bai.»

Gogoeta horiek egiteko lan talde osatu dute jada eta ekainaren 29an, 30an eta uztailaren 1ean hainbat ekimen antolatuko dituztela iragarri dute gogoeta horri bide egiteko. Zirimola ekimenaren baitan urte osoan zehar hainbat ekimen egingo dituztela ere azaldu dute ipar Euskal Herri osora iristeko helburuarekin. Dei egin diete Euskal Herri osoko gazteei gogoeta prozesu horretan parte hartzeko. 2017ko edizioa segurtasun arrazoiengatik bertan behera utzi ondoren etorri da 2018koa ere bertan behera uzteko erabakia.

– «Anulazio horren ondotik gertatu zela pixka bat halako krisi momentu bat sortu zela elkartean eta krisi egoera horren ondorioz kriston jendetza bildu zela laguntzaile guztiak, hunkiak sentitu ziren eta egin izan ditugu bilkura batzuk, anitznaka, non pentsatzen genuen behar zela indar berri bat eman EHZri. EHZ ez da hila ez dugu nahi hiltzea, beraz hortako egiten dugu ere laguntzailegoari berriz ere deia; bada jendea lanean ari dena urte osoan zehar».

Aurten festibalik ez da izan baina antolatzaileek azpimarratu dute festibalaren helburuak bete egin direla Euskal Herri osoan izandako elkartasun erauntsiari esker. Bien bitartean egoera ekonomiko zaila gainditzen dihardute EHZ elkartean.

– «Euskal Herriko kolektibo, artista eta norbanako anitzek erantzun biziki positiboa eman zutela eskaera horri, antolatu ziren 14 ekimen orotarat Euskal Herri osoan festibalari sustengua erakusteko eta hori da erraiten duguna, bai, azkenean ekimen horiek guztiak festibalaren izenarekin nolazbait atera dira elkartasun erauntsia izenarekin eta arrunt gure funtzionamendu edo gure balore eta gure kode berdinak erabiliz antolatuak izan direnez, atxemaiten dugu bai guk festibalarekin genituen helburu horiek beteak izan direla arrunt beste manera batez eta guk zabaldu nahi genituen mezu eta izpiritu hori zabaldu direla Euskal Herri osoan.

Adan eta bizitza

Ipuina irakurri/entzun baino lehen berrikusi hitz hauek, zeinak Adani eta bere familiakoei berriak baitziren.

Gaixotu zen Adan paradisua utzi eta aurreneko neguan,
eta eztulka, buruko minez, hogeita hemeretziko sukarraz,
negarrari eman zion Magdalenak gerora emango bezala,
eta Evagana zuzenduz «hil egingo naiz» esan zion oihuka,
«gaizki nago, maite, hilurren, ez dakit zer gertatzen zaidan».

Harritu egin zen Eva hitz haiekin, hil, hilurren, gaizki, maite,
eta berriak iruditu zitzaizkion, hizkuntza arrotz batekoak,
eta ezpain artean ibili zituen maiz, hil, hilurren, gaizki, maite,
harik eta zehazki ulertzen zituela iruditu zitzaion unerarte.
Ordurako sendatua zegoen Adan, eta poz pozik zebilen.

Paradisuaz geroko lehen gertaera hark segida luzea izan zuen ,
eta lehengoez gain, hil, hilurren, gaizki, maite, Adan zein Evak
hitz berriak ikasi behar izan zituzten, min, lan, bakardade, poz
eta beste hamaika, denbora, neke, algara, eder, ikara, kemen;
hiztegia hazten zenarekin batera, zimurtuz joan zitzaien azala.

Zahartu zen erabat Adan, sentitu zuen hurbil heriotzaren ordua,
eta Evarekin elkarrizketa sakon bat izateko gogoa sortu zitzaion;
«Eva», esan zion, «ez zen ezbehar bat izan paradisuaren galtzea;
oinazeak oinaze, minak min, gure Abelen zoritxarra halako zoritxar,
bizi izan duguna izan da, zentzurik nobleenean esanda, bizitza».

Adanen hilobi atarian malko arruntak ixuri ziren, gatz eta urezkoak,
lurrera erortzerakoan hiazinto edo arrosa alerik eman ez zutenak,
eta Kain izan zen, paradoxaz, negarrez bortitzen puskatu zena;
Gero Evak irribarre xamurrez gogoratu zuen Adanen lehen gripea
eta halaxe, lasai, etxera joan eta salda beroa hartu zuten, eta txokolatea.

Euskara eta oinetakoak

Ttikitatik ukan du Koldo Zuazok euskararekiko interesa, eta bizitza osoa eman du euskalkiak ikertzen. Azken bost urteotan Sarako euskara aztertu du.

Elkarrizketa honetan, batuaren eta euskalkien erabileraren inguruko bere iritzia emanen dauku Koldok.

 

Radiokulturatik hartuta

Ulermen galderak:

[pdf-embedder url=»https://elantzen.eus/wp-content/uploads/2017/11/Zer-ikusteko-du-euskarak-zapatekin-fitxategiaren-kopia.pdf» title=»Zer ikusteko du euskarak zapatekin fitxategiaren kopia»]

Dokumentua jaisteko

Bidean

bideko harriek ikusi dutenean

bideko harrien gainean itzal argi batean

gaueko bide gainean itzal batean

lehen bidean eta azken bidean

bidearen luzean

biziaren bideak, batetik bestera, argiaren berrian

biziak batetik bestera berrian

batek besteari: bat garenean

bat gara bidekoan

bat bidean

bide luze hautsikorrean

betikotz hautsia nahi luketen bidean

askatasunak argitu bide ezinbestekoan

harri hautsiek hautsiduragatik moldatu bidean

biziak heriotzik gabe eraikiko ez zuen bidean

bideko harrien erdian

harri gauean

harrietan

bidean

Lucien Etxezaharreta, «Begira»

Bizi naiz munduan

Bizi naiz munduan, aspaldi handian.

Beti trixtezian, penak bihotzian:

Amodiotan nintzan izar batekilan

Hura ezin ikus plazer dudanian,

Ez baitut etxian ez eta herrian.

 

Aira banindadi ainara bezala,

Ardura joan naite maitearen gana:

Nere pena-xangrinen hari erraitera

Bai eta doloren hari salatzera,

Haren ait’amekin solas egitera.

 

Izan niz Barkoxen kusiaren etxen,

Ahuñaki jaten segur ona baitzen:

Kostaletak errerik, biriak egosirik,

Ogia muflerik, arnoa gozorik;

Han etzen eskasik, maitea, zu baizik…!

 

Herrikoia

Marijane Minaberry

Entzun edota irakurri irrati saioa eta gero galderak erantzun

Esataria. Gaur dira 91 urte Marijane Minaberry idazlea jaio zela. Minaberry aurten zendu da. Otsailean hil zen.  Euskal literaturan arrasto izugarria utzi du, bereziki haur literaturan. Eta betirako geratuko da, besteak beste, Oskorri musika-taldeak idazleari eskainitako abestia ere. Olaia Urkiagak du horren guztiaren berri.

Oskorri. Marijane kanta zan, hik dakinan moduan, ororen aintzinean…

Olaia Urkiaga. Nafarroa Behereko Branka herrian jaio zen Marijane Minaberry, lau ahizpatatik hirugarrena. Herriko eliza ondoko etxe batean hazi zen.  Herriko eskolan hasi zituen ikasketak eta 12 urte zituela Donapauleko eskolara joan zen eta Angelun batxilergoa hasi bazuen ere, ama gaixotu ostean, ez zituen ikasketak amaitu. Gertuko lagun baten heriotzaren ostean hasi zen idazten 21 urte zituela.

Marijane Minaberry. Lagun mina banuen eta 21 urtetan meningitisarekin hil zen, egunetik biharrera. Eta gauaz hil zitzautan (zitzaidan) eta ordian (orduan) olerki ttipi bat. Eta hartarik han da gero.

Olaia Urkiaga. Idazle-ibilbidea hainbat aldizkaritan egindako kolaborazioekin hasi zuen, poemak eta ipuinak argitaratuz. 1963an “Itxulingo anderea” argitaratu zuen, bi urte beranduago iritsi zen “Xoria kantari” poesia-liburua. Bi liburu hauek egungo euskararen haur-literaturaren abiapuntutzat jo dituzte. Hasierako idatzi horietan euskal munduan zegoen gabezia batekin amaitu nahi zuen:

Marijane Minaberry. Ez baitakit musikarik, hartu ditut olerki ttipiak musika zituztenak (zutenak),” Mama les p´tits bateaux” eta holako batzuk.  Eta banuen orduan bertze, bertze gauza bat. Ez dakit xuxen pentsatzen nuen, baina nahi nuen euskaldun haurrek aditzen zutela “Mama les p´tits bateaux”  frantsesez, erran zezaten, bo, guk ere badugu euskaraz. Nahi nin (nuen) berdintasun hori izan zezaten haur euskaldunek, eta frantsesekin.        

Olaia Urkiaga. Haurrentzat idatzikoengatik da ezaguna Marijane Minaberry. Berak, ordea, ez zuen uste idatzi horiek haurrentzat egokiak zirenik.

Marijane Minaberry. Orai(n) ohartu niz (naiz) ez dudala harrendako idazten. Orai(n) artio beti uste ukan dut haurrendako eta haurrendako, baina nik idazten ditudan ipuinak aisa luzeegi dira haurrendako.

Olaia Urkiaga. Irratirako ere egin zuen lan. Eta Oskorri taldeak haren lana ekarri zuen gogora 1999an kaleratutako “Marijeane kanta zan” diskoan:  Marijane kanta zan, hik dakinan moduan, ororen aintzinean…

60 urte luzez bere liburu eta idatzien bidez arrakasta ezagutu zuen Minaberryk, baina beti izan zuen kezka bera:

Marijane Minaberry. Beti harriturik ego(i)ten naiz, norbait nahi nuela ikusi eta mintzatu, beti beldur naiz behar ez den zerbait erratea, ez baitut beti ontsa pisatzen zer erran behar dudan

Oskorri.

Marijane kanta zan,

hik dakinan moduan,

ororen aintzinean,

bai muziu, bai madam,

nik badautzut (badizut) kanta eginen

dakidan moduan

ororen aintzinean,

bai muziu, bai madam,

nik badauzut kanta eginen.

Adi, Marijane, Marijane,

beldurrik gabe kanta zan (ezan),

kanta,  kanta zan (ezan), Marijane,

lotsarik ez ukan.

37 galdera

Entzun edota irakurri Bernardo Atxagaren poema eta gero ariketak egin

Esaidan, zoriontsuak al zarete
mugaz bestaldeko biztanleak?
kausitzen al duzue maitasunik
sikira zuen maitatuen arteko
ehundiko hogeitabost edo
hogeiaren baitan, ala hemen bezala
mutu al diraute telefonoak,
bihotz mortuak bailiren gauez gau
bihotz mortuak bailiren etxeko
laberintoaren azkeneko salan?
Zuen erresumako lurraldeen artean
ba al dago Greenland edota
Groenlandia deitutako parajerik?
Ospelak al dira hango haranak?
Ba al daude Shell konpainiako
gasolinategiak, eta ez al dira biltzen
tximeletak kolore horiko karrankaletan?
Neguan ere ez? Ez al du esistitu han
Cenizas bezala firmatzen zuen espia batek?
Esaidan, zoriontsuak al zarete
mugaz bestaldeko biztanleak?
Ez al duzue karramarroekin
ametsik egiten? Eta ume itsuekin?
Tom Simpson ziklistarekin akordatzen
al zarete inoiz? -nola
asfisiatu zen Aubisque mendian gora,
nola bere elastikoak axedrez taula apurtu bat
zirudien karreteraren harri txintxarretan?
Mugaz bestaldean, hostoek ematen
al diete babesa fruituei?
Ba al dago marrubirik? Arrain abisalek
ba al dute aurresentipenik
eguzkiaz, ba al dakite argia
eta iluna hitzak bereizten?
Trena hartu eta egunaren
trasparentzian izkutatu zen jendeak,
azken unerarte gorde al zuen
geldi zitekeeneko ilusioa?
ala esan zaidan, haize boladetan
datzala txorien halabeharra,
ba direla portua sekula arkitzen
ez duten untziak itxasoan.
Zuek patua aipatzen duzuenean zertaz
ari zarete, zehazki?
Lan seguru baten abantailaz?
Edo laranjarekin jaten denaz, sinpleki?
Otoi egiterakoan, gogoan izaten
al dituzue desertuko karabanak?
Asko al dira, asko al zarete
mugaz bestaldeko erresuma hartan?
Egunero kaletik ikusten dudan jende hau,
han bizi al da?

Bilatu hitz bakoitzaren sinonimoa

Olerkia entzun ondoren, zeuk irakurri eta grabatu zure bertsioa.

Bisita

Mikel Urdangarinen Bar Puerto diskoko poema bat, Kirmen Uriberen «Bisita», entzuten duzun bitartean, aukeratu erantzun zuzena.

BISITA (Kirmen Uribe , 2001)

Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela

esaten zuen garai batean.

 

Medikuek esaten dute okerrera ez duela egin,

eguna joan eguna etorri, eta lasai hartzeko.

Hilabetea da berriro esnatu ez dela

azken ebakuntzaz geroztik.

 

Hala ere egunero egiten diogu bisita

Arreta Intentsiboko Unitateko seigarren kutxara.

Aurreko oheko gaixoa negar batean aurkitu dugu gaur,

inor ez zaiola bisitara agertu diotso erizainari.

 

Hilabetea arrebaren hitzik entzun ez dugula.

Ez dut lehen bezala bizitza osoa aurretik ikusten,

esaten zigun,

ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,

maitasun keinu bat besterik ez.

 

Amak eta biok soilik hitz egiten diogu.

Anaiak lehen ez zion gauza handirik esaten,

orain ez da agertu ere egiten.

Aita atean geratzen da, isilik.

 

Ez dut gauez lorik egiten, esaten zigun arrebak,

beldur diot loak hartzeari, beldur amesgaiztoei.

Orratzek min egiten didate eta hotz naiz,

hotza zabaltzen dit sueroak zainetan zehar.

 

Gorputz ustel honi ihes egingo banio.

Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,

ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,

maitasun keinu bat besterik ez.