“Aizu, gazte, maleta hori… Ausardia da galdetzea, baina… ez zenuen, ba, erosiko Emausen, ezta?”
(9. lineako autobusa, Iruñeko tren-geltokia, 17:17)
16:51. 9. lineako autobusa (NUP-RENFE). Paulino Caballero 39
-Ufa, eskerrak gidariak itxaron digun!
-Taxia hartuz gero, lasaiago…
-Hi! Nik saiatu behar diat ahalik eta gutxiena gastatzen… Ama langabezian, berriro, eta ahizpa, laster Unibertsitatera! Ea lan bat sortzen zaidan!
-Lasai, neska, Anderrenean, aurreztuko dinagu. Ez dun izanen egoitza bezain garestia.
-Hori egia duk.
“Ez da izanen! Edo bai… Zenbat urte? Hogei? Hogeita bortz? Hogeita hamar ere, honezkero… Bortz, Joxe Mari joan zenetik, eta Nikolasena askoz lehenago izan zuan. Atzendu zait! Ezin atzenduan ibili ninduan hasieran. Eta orain maleta hori ikusi, eta ezin asmatu noiz izan zen! Nikolasen adinekoa edo, mutila… Nikolasek zeukan adinekoa edo. Neska, gazteagoa… Baina maleta berdintsua duk. Edo berbera… Zaharragoa ematen dik, baina ez hainbertze. Larrua esker onekoa duk… Eromena duk, baina, hala ere… Maleta bera iduritzen zait”
16:53. 9. lineako autobusa. Merindadeen plaza
-Ez zigun begirik kentzen…
-Zer? Mireni ari nintzaioan whatsappez… Baina nork ez digu…?
Ah, emakume zahar horrek?
-Aizan, disimuluz!
-Maletari.
-Zer?
Maletari begiratzen diola. Hire maleta zahar horri.
«Bizkor baitoa bizitza, fite! Gazte horiek ez zakitek oraindik, baina ohartuko dituk… Haurtasunean presa zaukaagu heltzeko. Gure Nikolasek ere, halaxe. Bertzeek baino presa handiagoa, igual. Handiegia, akaso. Gauzak berehala iristea nahi izaten zian. Eta hala etorri zituan gauzak, agudo… Ez baikenuen leku batean gelditzekoa gure Niko… Joan behar zian, joan, ez zuan erraz laketzen. Igual Joxe Marik onartuz gero… Baina hura ere buru gogorra eta harroxko…Ni ere ahalke ninduan, nola ez, ba? Entzun behar ordukoak! Maritxu, gutxiena! Behin hala aditu niean hirugarrenekoei… « Aizan, laugarreneko mutiko hori, Elbirarena… maritxu dun. » Karrikara joatekoa ni, eta hura aditu, eta, poliki-poliki, gibelera. Ohartuko zituan, ahopeka hasi baitziren. Eta ni, haiek ateak ixtearekin batera, karrikara. Pauso tinko eta biziez, takoiekin zarata eginik, ohartu zitezen. Maritxu…”
-Anderrek dioenez, adinarekin lotsa galtzen din jendeak.
-Ez diat uste. –
– Baietz, neska! Ni ere ohartu naun. Egoitzan ikusi dinat egia dela.
-Ander, Ander… Zenbat denbora darama Anderrek hor hainbeste jakiteko?
-Urtebete. Urritik, titularraren eszedentzia betetzen…
-Ez zagok gaizki… Agian hi ere kontratatuko haute praktikak eta gero… Baina, zaharrekin, hitz gutxi eginen duzue gimnasioan… Ala banaka ere aritzen zarete?
-Ez. Taldeka beti, aparatuetan, eta mugimendu leunak eginarazten. Lanak, guztiak batera artatzeko! Oihuka hasten ditun, noiz tokatu behar zaien… Eta hori, bi gaudenean! Ezin imajinatu fisio bat bakarrik dagoen egunetan!
-Eta lotsarena, nondik atera du Anderrek kontu hori ?
-Zahar-etxeetan guztiek zakiten hori. Denbora kontua… Adinekoek denbora gutxiago dutela sentitu, eta zuzen-zuzen joaten ditun. lotsarik gabe.
-Eta zer ikusirik al du horrek lotsa izpirik gabe guri begira, edo hobe esanda, hire maleta zahar horri begira, ari den atso horrekin?
-Ez zakinat, baina agian lotsarik gabe aritzen ohituko gaitun behin adin batera iritsita…
-Hi eta hire teoriak…
-Ez dun jakin nahi zergatik begiratzen digun?
-Bo, ba, egia esan, bai… Baina, gu gazte gaituk, eta ez diogu galdetuko, ezta? Ez gaituk egoitzako zaharrak bezain lotsagabe… Gero imajinatzen saia gaitezke! Trenean, ez aspertzeko
-Adinekoak ditun, ez zaharrak… Trasteak ditun zaharrak, Pertsonak, adinekoak…
-Hori ergelkeria! Euskaraz beti zaharrez mintzo gaituk. Adineko, adineko… Eta gero zahar-etxeez aritzen gaituk, eta zahar-egoitzez…Hipokrita galantak!