Testua
- Georges Perecek Joe Brainard eta I remember zituen akorduan. Nik Joe Brainard eta I remember eta Georges Perec eta Je me souviens ditut akorduan.
- Bizkaiko kostaldean akordatzea esaten dutela
akordatzen naiz. Eta akordatzea, esnatzea dela.
- Urrun eta antzina, itsumutila izan nintzela,
akordatzen naiz. Itsuneskak eta itsumutilak ginela
auzoko neskamutilak.
Patxi, Osteko itsua, aittitteren anaia, aulkian eserita
egoten zena, solo ertzeraino eramaten genuen,
artoa zenbat hazi zen jakin nahi izaten zuelako.
- Etxean ez zegoen telebistarik. Domeka
arratsaldeetan Etxeberrira joaten ginela
akordatzen naiz telebisioa ikusteko
- Ezkutaketan jolasten ginela akordatzen naiz.
Bat, bi, hiru, lau… ezkutatzen, eman
beharko genuela.
- Horman landare berde polit bat hasi zela
akordatzen naiz.
Eta sustrai txiki haiek denborarekin etxea botako
zutela esan zuela baten batek.
- Bizikleta hiru gurpilekoa zela akordatzen naiz.
- Orduko egunak oraingoak baino askozaz luzeagoak gogoratzen ditut.
- Umeok aitametara, aita
ala ama izatera, edo
gerretara, hiltzailea
ala hildakoa izatera
jokatzen genuela
akordatzen naiz,
helduak izatera
beti. Helduak
izateko, gero ere asti
nahikoa izango
genuela jakin gabe.
- Ez dakit zoriontsu nintzen orduan, baina
ume desterratuaren moduan akordatzen naiz
ume denboraz.
- Ama josteko makinarekin aritzen zen lanean.
Makinari pedalez eragiten zion eta egiten zuen
soinuaz akordatzen naiz.
Singer deitzen zela uste dut.
- Martin Luther King hil zutela akordatzen naiz.
Ametsetan egin dut, ametsetan ari naiz, amets bat daukat
esaten zuena…
- Metroaren lehoiaz akordatzen naiz, lehen
imaginetan orroka agertzen zen. Gero ez zen
pelikulan gehiago azaltzen.
- Jaungoikoak mundua sei egunetan egin zuela
akordatzen naiz. Horixe esaten zigutela behintzat.
Eta ondo nabarmenak ziren gero gauzak presaka
eta ganorarik gabe egitearen ondorioak.
- Latina munduko hizkuntzarik logikoena dela
esaten zigutela akordatzen naiz. Eta zeharo
konplikatua eta aldrebesa iruditzen zitzaidala.
- Espartako, Kirk Douglasen aurpegiarekin
gogoratzen zait.
- Edward Spencer Dodgsonen gutunak
oroitzen ditut.
- Ruper Ordorika gogoratzen zait, gitarrarik gabe,
Clementine doiunarekin kantatzen: Ene maite, ene maite, ene maite…
- Kartzela barruan, errudunekin batera, inozenteak
ere bazeudela akordatzen naiz. Kanpoan bezala.
- Egun ederrak izan ziren eta, musika eta guzti
gogoratzen ditut, Vinicius de Moraes, Cesarea
Evora eta halakoena. Playing back egin daiteke
musikarekin, baina gainerako gauzekin ez eta,
orduan, musikak ez du ia ezertarako balio.
- Euskarari buruz izkribu haietan leitutakoez
akordatzen naiz: antzinakoa, gutxitua,
aglutinantea, espainola, debekatua, paleolitikoa,
irakurtezina, zehatza, polita, modernoa, baldarra,
politikoa, antiespainola, baztergarria, apolitikoa,
zaharra, xamurra, analitikoa, barregarria,
marjinala, irakurgarria, arriskutsua, gogaikarria…
- Roland Barthesena oroitzen dut. Zerbait
esaten denean, esandako hori egia dela
denboraldi labur baterako behintzat.
- Aldous Huxleyren nobelako mynah izeneko txoriak
gogoratzen ditut, islako jendeari abisatzen:
“Hemen, orain, erne!”.
- Akorduak ez dira zehatzak,
baina ahaztura ere ez da
hain-hain zehatza.
- Oroimena garela akordatzen naiz,
oroimena ala ia ezer ez.