Ehiztaria eta belatxingak

Entzun edota irakurri Koldo Amestoyren ipuina eta gero egin proposaturiko ariketak.

Egun osoa ibili zen gure ehiztari hau inguruetan denetan zerbait ihizi, harrapatu beharrean baina deus ez, ezer ez. Eguerdi aldean intxaurrondo baten azpian hortxe itzalpean halako atseden zerbait hartu behar zuela, jarri zen hortxe eserita eta hantxe ikusi zuen zeruan hodei bat hurbiltzen ilun-iluna. Hurbildu eta konturatu zen txoriak zirela, belatxingak, bele txikiak. Bele txipi horiek, belatxinga horiek intxaurrondoren gainean finkatu ziren, pausatu ziren guztiak. Denak kantata, saltoka ari zirela bere buruaren gainean; gure gizonak eskopeta poliki-poliki  altxatu zuen, eta ikusi behar zuela bere armarekin zer tiro botako zuen, begia ere altxatu, eta hortxe berean gizonaren begi zuri-beltz, beltz-zuri hori ikusi zuten txoriek eta berehala airatu egin ziren, airatu eta urrundu. Biharamunean leku berdinean geldituko zela erabaki zuen gure gizonak.

Eguerdi aldean hurbildu zen gure ehiztaria esku batean bere eskopeta eta bestean ontzi bat, ontzi horretan pintzel bat, bai eta bikea, bizkia barnean. Eskopeta hortxe utzi zuen zuhaitzaren enbor ondoan eta joan zen arbolari gora, eta gain-gainean hantxe pintzela hartu bike hori, bizkia hori denetan ematen, hosto guztiak, adarrak eta abartxoak eta guztia estaltzen, dena igurtziz zuen poliki-poliki denbora hartu zuen. Eta jausterakoan ere, ba tronkoari ere, enborrari, eman zion behar zen bikea, bizkia denetan, dena estali eta gero utzi ontzia eta hartu eskopeta. Bezperan bezala hantxe zeruan ikusi zuen hurbiltzen delako hodei hura, hodei iluna, txoriak, txori multzoa, hurbildu belatxingak, eta belatxinga eta txori horiek guztiak denak delako intxaurrondoaren gainean finkatu ziren. Orduan gure gizonak duda izpirik gabe hartu eskopeta altxatu kanoia eta danba. Danba horretan, tiro bota zion noski, txori bat edo beste eroriko ziren, baina ikusi zuen ere bai bere aitzinean zuen zuhaitzaren enbor hori, tronko hori poliki-poliki altxatzen. Ikusi zituen ere erroak, sustraiak agertzen, lurra erortzen, altxatu begiak eta ikusi, belatxingak, txori beltzek hegaldaka, hegalka, hegalka eramaten zutela arbola, intxaurrondoa poliki-poliki zeruan altxatzen ikusi zuen eta hantxe urrun-urrunean, gain-gainean nonbait hodei, hodeien barnean desagertzen. Horra, geroztik zeruan dabiltzan hegazti eta hegazkinen artean jakin ezazue badabilela holako belatxinga multzo batek eramanik alde batetik eta bestera gure herriko intxaurrondo bat.

Nola erran euskaraz?

Deja un comentario