5. Afalduko gara?

Bi lagunek eguna lanean pasatu dute. Akituak dira eta tripa zorriak karrankaz hautematen dituzte. Hormako ordulariak hamarrak markatzen ditu. Goseak hilak dira. 

-Zerbait jango dugu, ezta? 

-Bai Maia, bistan dena. Baina berandu da. Uste duzu badela zerbait oraino zabalik? 

-Segur naiz Baiona Txikian jatetxe on bat aurkituko dugula. 

-Optimista zara, ihardetsi dio Martik. 

San Izpiritu zubia zeharkatzen dute. Itsas aldera hegaldatzen diren txorien oihuak entzuten dituzte. Aturriko uretan ispilatzen dira argiak. Baionako gauak oinezkoentzat egina dirudi: zoramen bat da. Pannecau karrikara heltzean, ohartzen dira ostatu gehienak jada itxiak direla: turismo sasoia bukatua da. Baina, bada kolore biziekiko taberna bat, zarataz betea:

-Hementxe bertan, erabaki du Maiak, kebab bat janen dugu. 

-Gustu bitxiak dituzu lagun! Ez genuke hobe Euskal kozinako plater bat eskatzea?

-Marti, ai Marti! Uste dut ez dugula hauturik. Kebab on bat, fritak eta Euskola freskoa. Ez da gaizki…

-Gastronomia utz dezagun beraz geroko, gure helburua gosea berehala asetzea da ! 

-Mohamed, bi kebab otoi ! 

Ariketak

GALDEREI ERANTZUN

GALDEREI ERANTZUN

Beste kapituluak

4. Asto larru

Euri xorta lodiak lehertzen dira teilatuan fruta onduegien pare. Isilik daude gure bi lagunak, egongelako sofan nagi. Aitzinean, pantaila handia daukate eta aldamenean edari freskoz hornitu mahaia. 

-Zer ikusten ari zara, galdatu dio Martik, manta urdin batean bildua dagoen Maiari. 

-“Asto-Larru” filma … bere aitarekin ezkondu nahi ez duen printzesa baten ipuina. Ihesean dabil, eta asto larruz estalirik, etxeko jaun aberats batzuen zerbitzuan ari da lanean, trufatua, mespretxatua, baztertua…

-Ongi bururatzen da?

-Bai, Delphine Seyrig maitagarriaren makila magikoari esker, Catherine Deneuvek gorpuzten duen sehi lohitsuaz maitemintzen den printze xarmant bat agertzen da. 

-Eta zuk filma arrosa horiek ikusten dituzu?

Isiltasuna egin da. Euriaren xuxurla baizik ez dute entzuten. Maiak telebistaren managailua hartu eta pantailara zuzenduz, itzaltzeko botoia zapatzen du:

-Ez da arrosa, kolore askotarikoa baizik: aurpegi urdinak badira, zaldi gorriak, karrosa beilegiak, pulinda berdeak, eraztun saiatze komikoak… Gaia latza da: nehork ez dio itxurari fidatu behar, asto-larru zikinaren pean, printzesak aurkitzen ahal direlako…

-Eta denek, edonolakoak izanik ere, amodiorako eskubidea dugu…  

-Hori, hori, istorio honen irakaspen ederra!

Hortik aintzina, pantailan agertzen diren irudi azidulatuek bi kideen begiak gatibatzen dituzte. 

Ariketak

SINONIMOAK ATZEMAN

HAUTATU ERANTZUN ZUZENA

Beste kapituluak

3. Mugak

Oroitzen zara, erran dio Maiak Martiri, gazte hutsak ginenean, Behobiako muga zeharkatzean, nolako beldurra pasatzen genuen? 

Iragana izanagatik  laguna oroitzen da bai, oroitzen dela, nola ez?

Hogei urte zituenean, bizar arina zeukan kokots pean eta aldi oroz geldiarazten zuten Hendaian edo Behobian. Mugazainaren eskua altxatzen ikusten zuenean, autoko musika apaltzen zuen, edo ezagunekin baldin bazihoan frantsesez mintzatzen hasten zen, eta beranduago, umeekin trabeskatzen zuenean, isiltzea manatzen zieten. Gogoan du, egiazko antzerkia zela, nortasun agiri kontrol soil batekin finitzeko. Batzuetan alta, gauaren minean, zakur droga edo arma usnatzaileekin hurbiltzen ziren guardiak eta izuaren neurria gora zihoakion gorputz osoan barna: izerdi hotza, ikarak, aho lehorra, esku ahur hezeak. 

Marti isiltzen da. Maiak ere nahi du bere esperientzia aipatu. Hatsa sakon hartzen du: bidesarien harresian gelditu ondoren, Donostia alderantz ziztu bizian abiatzen dela kontatzen du, hamar mila kamioiez osatu kordela pasatuz. Covid-19ak eragin konfinamendu denboran, ez hain aspaldi beraz, ehun baimen paper eskatzen zizkioten mugako poliziek. Garai haietan, Maiak estresa apur bat sentitzen zuela aitortzen dio Martiri, ezinegona, izua, antsietatea, kezka, baina bi galdera zehatzei zuzen erantzun eta berehala libratzen zela gogoratzen da. Besterik gabe. 

Gainditze sentsazio bitxiak bizitzen al dira mugetan?

Arietak

ESALDIAK OSATU

ESALDIAK BERRIDATZI

Beste kapituluak

2. Euriaren hitzak

Haize hego salbaiak buhatzen du. Laino beltzek eguzkia gordetzen dute. Bi lagunek, etxetik atera aitzin, euritakoak hartu dituzte. Kanpoan, hosto lehorrak dantzan ari dira:

-Larrazkena da, erran du Maiak. Euria iragarri dute gaurko.

-Ze pena, dio alaiki Martik. Bukatu dira udako egun ederrak…

-Ukanen ditugu bai oraino ere egun zoragarriak, bazterrak urrez jantziko dira eta gaztainak biltzera joango gara.

-Egia, udazkena urtaro oparoa dela, -onartzen du Martik. 

Ttantta bat nabaritu du begitartean…

-Hara, euria hor dugu.

Espero dute zaparrada bat baizik ez zela izango. Euritakoak ireki  dituzte. Haien azpian elkartu dira. Uharra luzatu da. Karrikak urez bete dira, ibaiek gainezka egin dute etxe zolak itoaz. 

-Badirudi ez dela sekula geldituko, marmaratu dio Martik.

-So egizu, uharra lantzurda arina bihurtzen ari da,  zirimiri maitagarria, hain gris eta fin… 

-Hozten naiz, goazen etxera.  

-Arrazoia duzu Marti. Ez genuke eritu behar.

Egongelan, gero, hizketaldi gozoan galdu dira aspaldiko adiskideak. Maiak, jakintsu antzera gehitu du, irria ezpainetan:

-Badakizu, euskaraz, hitz asko ditugula euria errateko, zirkulu polarreko inuitek elurra izendatzeko ehun ele dituzten bezala. Ikasi beharko ditugu, euria ez delako soilik euria, lurraren eta biziaren funtsezko on-egilea baino.

Ariketak

OSATU ESALDIAK

ESALDIAK ANTOLATU KRONOLOGIKOKI

Beste kapituluak

1. Maia eta Marti

Bi lagun dira. Marti eta Maia. Maia eta Marti. Elkar ezagutu dute lizeoko urteetan. Denbora batez, lanarengatik, bakoitza bere aldetik ibili da. Orain Baionan bizi dira biak. Askotan juntatzen dira paseatzeko, musika entzutera joateko, filmak irensteko… ez dira maitaleak, adiskide minak baizik. 

Martik Maiaren deia igurikatzen du edo Maia agertzen da Martiren etxean abisatu gabe:

-Bagoaz Miarritzera Zigor artistaren erakusketa ikustera ?

-Itxoin! Autobuseko harpide karta bilatzen dut eta banator… erantzuten dio Martik, mahai gaineko bere paperak desordenatuki nahasiz. Maia beha dagokio, aurpegi alai batekin. Marti eta Maiaren artean “baiezkoa” gailentzen da. Baikorrak direla erranen dugu. 

Egun hartan, Miarritzeko Kasinoaren atarian aurkitu direnean, sekula ez bezalako etsipenak jo ditu: Zigorren erakusketa handia bezperan bukatu dela dio sarrerako ateko mezuak. 

-Maia! Kontxo… ez dituzu berriak bururaino irakurtzen… 

-Barkatu Marti!  

Ego te absolvo… zer egingo dugu orain?

-Miarritzen gaudenez gero, goazen txokolate baten edatera Octopus ostatuko terrazara, itsasoari begira… 

Itsasoaren hurbiltasunak, alabaina, etsipenak oro ezabatzen ditu.

Ariketak

Gramatika

Beste kapituluak

Beste kapituluak