Miñan 3.2

Irakurri aurretik

Entzun ‘ta irakurri

+I. zatia
Gu Gu bi mutiko ginen etxean, ez hiru. Bi. Orain bakarra naiz. Bi arreba txiki ditut, eta ama. Baina amari ezin diot laguntzarik eskatu. Gizon batek egin dezakeena emakumeak ezin du egin. Niri hola irakatsi zidaten. Eta egia aitortu behar dizut, Afrikan ez da gauza bera anaia edo arreba galtzea. Ez dut esaten tristura, esaten dut arrangura. Arrangura diodanean esan nahi dut ardura, familia zure bizkarrean hartu beharraren ardura. Hori nik ongi dakit, Alhassane itsasoan ito den momentutik ni bakarrik gelditu naizelako borrokarako. Orain kondenatuta nago, beste asko bezala.

      Baina nire borroka lekua ez zen hau. Ez zen hau nire destinoa. Ez Libia, ez Europa. Nik kamioiak gidatuz bizi nahi nuen, Konakrytik N zerekorera eta Nzerekoretik Konakryra, eta lan horrekin nire familiari lagundu. Baina Alhassanek etxetik ihes egin zuen eta haren bila abiatu behar izan nuen.

+II. zatia
Aurkitu izan banu, eseriko nintzen alboan eta hitz egingo nion. Luze. Sortu ginenetik eta gaur arte, berriro esplikatu gauzak, eta etorkizuna elkarrekin planifikatu. Hark nire hitzak jaso arte. Ni naizelako gu bion artean zaharrena.
Baina ez nuen joko, aitak nahiko zukeen bezala. Edo amak. Nik ez dut egun bakar batean ere anaia txiki hori jo. Aitak ni askotan. Baina nik ez nekien aitak bezala egiten, eta ama nirekin haserretzen zen. “Orain zure eskua aitaren eskua da”, esaten zidan, “zerbait ez badu ongi egiten jo egin behar duzu, ikas dezan”. “Bai, ama”, makurtzen nintzen haren aurrean, baina gero, ez nuen egiten. Bat, nire aitak gerriko luzea zuen, eta nik ez. Bi, nik ez nuen inor jotzeko indarrik. Eta hiru, ni ez naiz aita. Beraz, esertzen nintzen Alhassaneren ondoan, eta hitz egiten nion, orain zuri hitz egiten ari naizen bezala.
Eta aurkitu izan banu ere, hitz egingo nion, beste behin. Hitz egin, bi begiekin. Hola hitzak ez dira erortzen.

Lexikoa

Erreparatu ondoko pasarteari, zeinetan Ibrahima emozioez mintzo den.

    « …Afrikan ez da gauza bera anaia edo arreba galtzea. Ez dut esaten tristura, esaten dut arrangura. Arrangura diodanean esan nahi dut  ardura, familia zure bizkarrean hartu beharraren ardura. »

 

Tristura : Tristura da gure energia edo gure aldartea galtzea. Triste garelarik, indarra, desira, bulkada galtzen dugu; hots, bizitzeko gogoa galtzen dugu.

Arrangura : Arrangura damuaren eta arduraren arteko emozioa da. Damua da ekintza txar baten ondoren sentitzen dugun ezinegona edo kontzientziako harra; baina Ibrahimak ez du guziz hori erran nahi. Ibrahimak ardura erraten du.

Ardura : 1 Erantzukizuna edo errespontsabilitatea. Baina Ibrahima ez da horretaz mintzo. 2 Burua asaldatzen duen burutapena edo gogoeta. Kezka. Hori da Ibrahimak erran nahi duena: buruan aldi oro duen kezka.

Gramatika

Zertarako? -TzEKO / -eRAKO

« Alhassane itsasoan ito den momentutik ni bakarrik gelditu naiz borrokarako. »

 

ZERTARAKO gelditu da bakarrik Ibrahima? –Borroka egiteko; hots, borrokarako.

Helburua adierazteko -TzEKO baliatzen da aditzekin, baina posible da ere -RAKO baliatzea izenekin.


Aktore anitz kontratatu dituzte filma egiteko / filmerako

Ez naiz prest sentitzen azterketa egiteko / azterketarako

Beti deitzen gaituzue arazoak konpontzeko / arazoetarako

Nola? –(e)Z

Gogoratzen duzu NOLA bizi nahi zuen Ibrahimak?

« Nik kamioia gidatuz bizi nahi nuen » erraten du Ibrahimak testuan.

Euskaraz badira molde ezberdinak gerundioa adierazteko. Molde horietako bat –(e)Z baliatzea da, NOLA galderari erantzuteko.

 

ADITZ PARTIZIPIOA + –(e)Z

gidatu + -z     > gidatuz.

Nola sartu zara etxera? –Atea irekiz

Nola lortzen da dirua? –Lan eginez

Nola pizten da ordenagailua? –Botoia sakatuz

Noiz? –(e)AN / -(e)NEAN

Denbora adierazteko –(e)AN baliatzen da: asteartean, otsailean, heldu den urtean

Aditzari –(e)NEAN eransten zaio aldiberekotasuna adierazteko:

aditz jokatua + –(e)NEAN

Erreparatu testuko pasarte hauei:

« Arrangura diodanean, esan nahi dut ardura. »

 » Izpiritua hegaldatzen denean oso zaila da eustea »

 » Zodiak batek istripu bat edukitzen duenean, denek hori esaten dute »

Noiztik? -(e)NETIK

Ekintza baten hasiera adierazteko -(e)NETIK eransten zaio aditzari:

aditz jokatua + –(e)NETIK 

 

Noiztik gelditu da Ibrahima bakarrik borrokarako?

« Alhassane itsasoan ito den momentutik » > Alhassane itsasoan ito denetik

Ulermena

Idazmena

Beste kapituluak