Irakurri aurretik
Entzun ‘ta irakurri
- +I. zatia
- Pixka
Libiara joan baino lehen jende asko ezagutu nuen Ghardaian, baina Libiatik itzultzean askok ez ninduen ezagutu. “Ibrahima erotu da”, hasi ziren esaten. Nik ez nuen ezer esaten baina dena entzuten nuen. “Ibrahima eroa da orain”, hori zioen jendeak.
Lehenago etorri handia nuen, eta umorea. Baina Libiatik mutu itzuli nintzen. Hortzetako mina nuen. Eta burukoa. Buruko mina nuen gorputz guztian. Konkretuki, bi buruko min. Bat, Alhassane, eta bi, ama. “Nola esplikatuko diot naufrage hitza gure amari? Nola kontatuko diot Alhassaneren berria?”. Erantzun-hitzak asmatzen hasten nintzenean pentsatzen nuen, “orain bizitza ez zait interesatzen”.
Eta ez nuen ezer esaten. Ez nuen ezer egiten. Etzanik egoten nintzen, edo eserita, eta entzuten nuen, “Ibrahima erotu da”.
- +II. zatia
- Egun batean, lagun batek ikusi ninduen, eta esan zidan, “Ibrahima, gaur zerbait jakin dut”. Nik, “zer?” galdetu nion. “Jendea hizketan sumatu dut trankilo-an eta esaten du zu erotu egin zarela”. “Bai”, lasaitu nuen, “hori egia da, ez zara enteratu, ala?”. Ezetz erantzun zidan. “Ba hala da”, azaldu nion, “esan dizuten bezala, ni orain ero bihurtu naiz, eta? Ça te pose un problème?”. “Ez”, isildu zen. Orduan, nik jarraitu nuen, “badaukazu zigarro bat?”. “Bai”. “Ba eman, otoi”.
Zigarroa piztu eta isilik gelditu nintzen. Un fou c’est comme ça, ez duzu ezertarako indarrik, ez zaizu jendea interesatzen. Nahiago duzu bakarrik egon.Hemen ere sarri egoten naiz bakarrik, pentsatuz, “nola bizi ninteke nire bizitzarekin?”. Baina kontzentratu, eta ingurura begira hasten naiz, ezkerrera, eskuinera. Askotan esaten zuen aitak: “Quel que soit x, zu beti erdian egongo zara, norbait egongo da zure aurrean, eta norbait egongo da zure atzean. Bizitza hola da, eta ezin duzu inoiz esan: nik inork baino gehiago sufritzen dut”.
Lexikoa
Gramatika
Leku deklinabideak
NON : « Ghardaian gauza bat ahaztu zait », « erdian egongo zara »
| NON (lekua) | izen berezia | singularra | plurala |
| -bokala | Libian | etxean | etxeetan |
| -kontsonantea | Gasteizen | komunean | komunetan |
NONGO : « hortzetako mina nuen », » bi buruko min »
| NONGO (jatorria) | izen berezia | singularra | plurala |
| -bokala | Libiako | etxeko | etxeetako |
| -kontsonantea | Gasteizko / Irungo / Pariseko | komuneko | komunetako |
NONDIK : « Libiatik mutu itzuli nintzen »
| NONDIK (abiapuntua) | izen berezia | singularra | plurala |
| -bokala | Libiatik | etxetik | etxeetatik |
| -kontsonantea | Gasteizetik | komunetik | komunetatik |
NORA : « ingurura begira hasten naiz, eskuinera, ezkerrera », « Libiara joan baino lehen »
| NORA (helmuga) | izen berezia | singularra | plurala |
| -bokala | Libiara | etxera | Estatu-Batuetara, etxeetara |
| -kontsonantea | Gasteizera | komunera | komunetara |
Nor-nori orainaldian
Niri zait / zaizkit
Zuri zaizu / zaizkizu
Hari zaio / zaizkio
Guri zaigu / zaizkigu
Zuei zaizue / zaizkizue
Haiei zaie / zaizkie
| NORI | Izen berezia | Izen arrunta : sing | Izen arrunta : plu |
| -bokala | Maritxuri | emakumeari | emakumeei |
| -kontsonantea | Gexani | gizonari | gizonei |
interesatu, gustatu, zulatu, erori, bukatu, falta, gelditu, etorri, joan… aditzekin erabiltzen da.
Testuko adibideak : “ez zaizu interesatzen” / “ez zait interesatzen”
Adibideak : Niri txokoleta gustazen zait.
Zuri begilagunak erori zaizkizu.
Gexani bi orrialde falta zaizkio liburua bukatzeko.
Lagunak bisitan etorri zaizkigu.
