Astean behin, ostegunetan, bi lagunak ibiltzera joaten dira Ansoteko ordokia deitzen den Baionako eremu naturalera. Hiri erdian bizi dira eta aire garbia hatsartu behar dute noiz behinka. Hala uste dute behintzat.
Ttuku-ttuku abiatzen dira, kalakari. Aviron errugbi taldearen ostatua pasatu orduko, zuhaitzen itzalak eta lurrezko bideak lehertzen dituzte. Aldamenean, Errobi, nagiki isurtzen da itsasora.
Jende asko ibiltzen da bidean, oinez noski, korrika, edo eta bizikletez. Dagoeneko bizikleta elektrikoz. Ziztuan pasatzen dira, eta txakurrarekin astiro eta emeki dabiltzan adineko bikoteak izutzen dituzte. Zubi Zurira heltzean norabideak bereizten dira: batzuek Uztaritzera segitzen dute eta besteak Ansotera bihurtzen dira.
Oihanean sartu eta berehala preziatzen da txorien hiru dimentsiotako kontzertua, haizearen xuxurla ferekaria arbolen hostoetan, oihaneko arroiletan marearen arabera goratzen eta apaltzen den uraren murmurioa eta ibiltarien solasen oihartzuna, asun, lapar eta zuhaitz artean.
Ansoteko museoaren aitzineko mahai-jargietan esertzen dira. Isiltasunaz gozatzen dute. Erakustokiaren atzeko urmaelean jostatzen diren igelen soinu-balentriak jarraitzen dituzte. Hurbiltzen direnean, uraren azalean, marra borobilak agertzen dira, igeltxoak, burua sar eta atera ari direlako.
Denbora gelditzen da, luzatzen da, estiratzen da Ansoteko ordokiaren babesean. Egunerokotasunaren gogorra ahanzten da bertan, ordu batez baizik ez bada ere.
Ariketak
HUTSUNEAK OSATU
AUKERA ZUZENA HAUTA EZAZU