Mugazaina eta tratularia
Nasrudinek astean hainbat aldiz, muga zeharkatzen du bost edo sei astorekin. Denak behar bezala eta ongi kargatuak dira.Mugazainak xeheki eta ardura handiz begiztatzen du animaliek bizkarrean ekartzen dutena. Asto bakoitzak, basta gisa, bi zaku handitan, brika eta adreilu, hare eta harri-koskor karga handia eramaten du. Guardak ez dio deus besterik aurkitzen. Baina zergatik ez du gizon honek beste garraio molde bat erabiltzen ? Eta aldiro, frango dudatu eta zalantzaturik, gidaria eta bere zamariak pasatzera uzten ditu.
Geroago, Nasrudin bakarrik beste muga batetik iragaiten da, bere etxera joateko.
Zenbait urte geroago, delako mugazain hura, bere guarda lanetik erretiratu da. Erretretan dago, beraz. Holako batez, Nasrudinen ostatura sartzen da, tea edateko.
- Nasrudin, erraidazu ba orain, zer gauza mota eramaten duzun kontrabandoan, hargintzarako pusken artean gorderik, edo ?
- Nik, deus ez ! ihardesten dio Nasrudinek, asto batzuk ditut mugaz gaindi pasarazten, besterik ez.
Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu !
Hiztegia lantzen
Gramatika lantzen
___________________________________________
Oinetako merkeak
Eztei batera joateko, Pernandok zapata berriak behar ditu. Haatik, betiko gauza, dirurik ez du ! Hala ere, oinetako saltzaile baten dendara joaten da.– Zenbat balio dute, hauek ?
– Hauek ? Saltzaileak zirikatzeko gisan erantzuten dio, ezkerreko zapata hori urririk duzu, eta eskuinekoa, aldiz, berrogeita hamar eurotan saltzen dugu.
– Ederki ! Eta beste pare honek, zer prezio du ?
– Pare honen ezkerreko oinetakoa hirurogei eurotan dugu, eta eskuinekoa dohainik.
– Orduan, zapata hau eta beste hori hartuko ditut ! erraten dio Pernandok, “kitorik saltzen” dituzten oinetako bata eta bestea erakutsiz.
Entseatzeko bezala, biak soinean ematen ditu. Berehala, saltokitik laster batean ateratzen da. Eta dendaria karrikan oihuka gibeletik abiatzen zaio.
– Geldi zaitez, ohoin zikina ! Zuek, atzeman ezazue lapur hori ! Harrapatu !
Haratago, bere ondotik pasatzerakoan, norbaitek Pernando besotik hartzen du. Amezketarrak presa handia duenez, botatzen dio orduan :
-Utz nazazu bakean, asto handia zu ! Oihulari honek desafiatu nau, eta lasterketa hau irabazi nahi duenez, nire gibeletik korrika dator ! Besteak libratu orduko, Pernando ziztu bizian iheska urruntzen da. Zapata saltzailea garrasika, beti bere atzetik…
Pernando ez omen da geroztik denda horretara itzuli ! Alta badaki, beste oinetako pare bat ederra dagoela hor. Baina, zapata horiek karioegi saltzen dituzte, beraz !…
Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu !
Hiztegia lantzen
Gramatika lantzen